Urak nahasi dira Osakidetzan. Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk gutun bat zabaldu dute Osakidetzaren «politika suizida» salatzeko. Osakidetzako «zuzendaritza orokorreko buruak berehala kargugabetzeko» eskatu diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, eta ESIko zuzendaritzako kideak berriz euren postuetara itzultzeko.
Donostia Ospitaleko gestio krisia salatu dute, eta, horrek «zentzugabeko erabakietan eta zigorrekin» jo duela goia adierazi dute. Itziar Perez eta Idoia Gurrutxaga ESIko zuzendaritzako kideak kargugabetu izana «azken tanta» izan dela adierazi dute, eta «sekulako aldrebeskeria». Osakidetzaren zuzendaritzari «sektarismoa eta trakeskeria» leporatu diote. Azaldu dutenez, zerbitzu publikoaren barneko ataletako zuzendaritzetako kideen ahalmena murrizten ari dira Osakidetzako buruak, eta, horren ordez, zuzendaritza zentrala indartzen ari da, horietako kideak «irizpide politikoen arabera» aukeratzen dituztela, ez eta «trebetasun eta merituen» arabera.
Ikusi gehiago:Agustin Agirre izendatuko dute Donostialdeko ESIko jarduneko zuzendari
Nabarmendu dutenez, zerbitzua kolokan jarri dute, ez dituztelako behar diren erreformak egin aurre egiteko izurriaren ondorioei eta eskaera gero eta handiagoari. «Osasun kudeaketa arazo bat da hau, ez borroka politikoa».
Iragan ostiralean, Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuaren zuzendari kudeatzaile Itziar Perez eta Donostia ospitaleko zuzendari mediku Idoia Gurrutxaga kargutik kendu zituen Osakidetzak. Atzo, beste arduradun batek dimisioa eman zuen: Adolfo Begiristainek, Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariorde medikuak. Eta gaur jakin da, Euskadi Irratiaren bidez, ospitale bereko Maite Martinez mediku zuzendariordeak ere dimisioa aurkeztuko duela bihar.
Atzo, Begiristainek argudiatu zuen «desadostasunak» zituela Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiarekin eta Osasun Sailarekin. Ohar batean, arduradun medikuak salatu zuen Osakidetzak erabakiak hartzen dituela «Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren apeten arabera». Are: osasun sare publikoa «era diktatorialean» kudeatzea egotzi zion Osasun Sailari.
Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren eta Begiristainen arteko desadostasunetako bat da Donostia ospitalea «minbizi peritonealaren erreferentziazko zentro» izateari uzteko erabakia. «Oso-oso arriskutsua den sistema diktatorial baten bidez kudeatzen dute osasungintza», salatu zuen medikuak.
Begiristain eta Martinez ez dira, ordea, Jaurlaritzaren erabakiekin bat ez datozen bakarrak. Ostiralean Perez eta Gurrutxaga kargugabetu izanak haserrea eragin du Donostialdeko ESI erakunde sanitarioan. Erabakia jakin eta berehala, bilera bat egin zuten hango zerbitzuburuek, eta elkarretaratzea egin zuten Donostia ospitalearen aurrean.
PPk azalpenak eskatu ditu
PPko buru Laura Garridok Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduiren agerraldia eskatuko du Eusko Legebiltzarrean, azalpenak eman ditzan Perezen eta Gurrutxagaren kargugabetzeen inguruan. Garridok salatu du kargugabetze horiek direla Osakidetzaren «kudeaketa negargarriaren» ondorio, eta gaineratu du zerbitzua «noraezean» doala.