Ostiralean zabaldu zen berria. Osakidetzak Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuaren zuzendari kudeatzaile Itziar Perez kargutik kendu zuela jakin zen aurrena. Mezu baten bidez eman zien bere ardurapeko langileei berria, eta argi adierazi zuen hau izan zela Osakidetzak kargutik kendu izana arrazoitzeko eman zituen motiboetako bat: «Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiarekin eta Osasun Sailarekin lerrokaturik ez egotea». Donostia ospitaleko hainbat zerbitzuburuk elkarretaratzea egin zuten ostiral goizean bertan Osakidetzaren erabakiaren kontra. Aurrerago jakin zen Idoia Gurrutxaga erietxeko zuzendari medikoa ere kargutik kendu zutela; hark eman zuen berria, eta jakinarazi zuen «telefono» bidez kargugabetu zutela.
Ikusi gehiago:Sagarduik «antolakuntza aldaketa» soiltzat jo ditu kargugabetzeak
Osakidetzak ostiralean kendu zituen kargutik Itziar Perez Donostia aldeko ESI erakunde sanitario integratuaren zuzendari kudeatzailea, eta Donostia ospitaleko zuzendari mediko Idoia Gurrutxaga. Bi kargugabetzeen ondotik, bata bestearen atzetik etorri dira dimisioak: azken orduetan, dimisioa eman dute Adolfo Begiristainek, Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariorde medikoak, Maite Martinez mediku zuzendariordeak eta Loreto Marquet erizaintza zuzendariordeak.
Eta denek eman dituzte arrazoi berdintsuak dimisioa emateko: desadostasun sakonak Osakidetzaren Zuzendari Nagusiarekin eta Osasun Sailarekin. Besteak beste, «goitik beherako» erabakiak inposatzea egotzi diote Osasun Sailari, eta osasun sare publikoa «era diktatorialean» kudeatzea.
Ikusi gehiago:Osakidetzako arazoak lehenagotik datozela salatu dute sindikatuek
Arazoa ez da berria. Aurrez ere zabaldu izan dira osasun profesionalek Osakidetzaren kudeaketarekin zituzten desadostasunak: Esther Litago Donostialdeko ESIko langileen zuzendariak dimisioa aurkeztu zuen azaroan, eta, haren ostean, kargua utzi zuen Carlos Barruso Arreta Integratuko zuzendariak.
Lau kezka nagusi
Donostialdeko ESIko zuzendaritzako bi kide kargutik kentzeak areago harrotu ditu Osakidetzan lehendik nahasiak zeuden urak. Kezka handia dago erabakion inguruan Donostialdeko erakunde sanitario integratuan, oro har, eta BERRIAk barruko iturrien bidez jakin ahal izan du ororen gainetik Osakidetzan gailentzen ari den kudeaketa eredu «bertikalarekin» dagoela egonezina.
Osasun Sailak adierazi du kargugabetze horiek antolaketarekin lotutako erabakiak direla, baina kezka agerikoa da erakunde sanitario integratuan. Kudeaketa eredu «bertikal» horren ondorioz, Gasteiztik «agindu» egiten den irudipena dute langile eta arduradunek: esandakoa «bete» besterik ezin dutela egin. Era horretan, ESIek duten «autonomia» apaltzen dela uste dute, eta horien arduradunek izan ditzaketen «iritziak» ez direla aintzakotzat hartzen.
«Agintez» ezartzen dieten kudeaketari dagokionez, lau kezka nagusi dituzte erakundean orain, hango iturriek aditzera eman dutenez. Bat: lantaldeen urritasunarekin lotutako kezka dute. Bi: lehen mailako arreta indartu beharrarekin bat datoz denak, baina horregatik erietxean langilerik galdu gabe. Hiru: zalantzak daude Onkologikoaren geroaren inguruan hartu diren erabakiekin. Lau: Donostia ospitaleak hainbat jardueratan orain arte izan duen «erreferentzialtasuna» galtzeko zorian ikusten dute.
Ez dira kezka berriak. Langile eskasiari buruzko ezinegona handia da osasun sistema osoan, eta, besteak beste, sindikatuak azken urteotan egiten ari diren aldarrien motibo nagusietako bat. Onkologikoko langileak ere aspaldi ari dira protestan, «erreferentziazko zentro» gisara garai batean zuten tokia berreskuratu nahi dute, eta Osakidetzan integratuta jardun; kontrara, salatu dute osasun agintariak «erreferentzialtasun» hori bazter uzten ari direla, eta areago, Onkologikoa «husten» ari direla, egin ditzakeen baino jarduera gutxiago egiten baitira gaur egun hartan, eta garai batean baino baliabide gutxiagorekin, gainera. Ez da langileen kezka bakarrik; orain, erietxeko pazienteek ere salatu dute artak okerrera egin duela.
Zerbitzuburuen gutuna
Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek bihar egingo dute agerraldia iritzia emateko, baina agiri bateratu bat ere kaleratu dute, eta horren bidez helarazi dizkiote beren kezkak gizarteari. Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk sinatu dute gutuna, eta Osakidetzaren «politika suizida» salatu dute. Osakidetzako «zuzendaritza orokorreko buruak berehala kargutik kentzeko» eskatu diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, eta ESIko zuzendaritzako kideak berriz euren postuetara itzultzeko.
Donostia ospitaleko kudeaketa krisia salatu dute, eta, adierazi «zentzugabeko erabakiekin eta zigorrekin» jo duela goia horrek. Adierazi dute Itziar Perez eta Idoia Gurrutxaga ESIko zuzendaritzako kideak kargutik kendu izana «azken tanta» izan dela, eta «sekulako aldrebeskeria». Osakidetzako zuzendaritzari «sektarismoa eta trakeskeria» leporatu dizkiote. Azaldu dutenez, zerbitzu publikoaren barneko ataletako zuzendaritzetako kideen ahalmena murrizten ari dira Osakidetzako buruak, eta, horren ordez, zuzendaritza zentrala indartzen ari da; esan dute horietako kideak «irizpide politikoen arabera» aukeratzen dituztela, eta ez «trebetasun eta merituen» arabera.
Uste dute zerbitzua kolokan jarri dutela, ez dituztelako behar diren erreformak egin izurriaren ondorioei eta eskaera gero eta handiagoari aurre egiteko. «Osasun kudeaketako arazo bat da hau, ez borroka politiko bat».
Osakidetzaren kudeaketa eredu «bertikalak» eragindako zurrunbiloa
Donostiako ESIko langileen artean «ezinegona» dago. Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk Osakidetzaren «politika suizida» salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu