«Eusko Jaurlaritzak itxaron zerrendak murriztu eta osasun arreta hobetu du». «Deribazioak %65 murriztu dira». «Eusko Jaurlaritzak 11.000 postu baino gehiago egonkortu ditu Osakidetzan, eta beste 4.000 egonkortuko dituela iragarri du. Behin-behinekotasuna %8,5era murriztuko du». Legealdia hasi denetik, horiek izan dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako lerroburu batzuk. Zer neurri hartu dituzte, baina, lerroburu horiek idatzi ahal izateko?
Sindikatuak, alderdi politikoak eta herri plataformak buru-belarri aritzen dira esaldi borobilei ertzak bilatzen, eta baita aurkitzen ere. Ez dute beti lan erraza izaten, ordea. Osasun Sailaren datu gehienak hedabideen bidez jasotzen dituztela nabarmendu dute OPA Osasun Publikoa Aurrera herri plataformako bozeramaile Mireia Saizek, SATSE sindikatuko idazkari nagusi Amaia Mayorrek, LAB sindikatuko Osasungintzako arduradun Maider Portolesek, ELA sindikatuko Osakidetzako arduradun Esther Saavedrak eta EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak.
Horietako askok «gardentasun falta» leporatu diote Osasun Sailari. Ildo horretan, Osakidetzako Ospitaleetako Arretaren Koordinaziorako zuzendariorde Koldo Berganzok gogorarazi du itxaron zerrendei buruzko datuak sei hilabetero argitaratzeko konpromisoa dutela; azken aldiz, iazko azaroan kaleratu zituzten. Ideia hau nabarmendu du: «Osakidetzaren arreta eredua eraldatzeko etengabeko berrikuspena egiten ari gara, eta horren heldulekuak hauek dira: berrikuntza, pazienteei eta profesionalei entzutea, eta digitalizazioa; geure mesederako baliatu behar dugu, sistema osoa hobetu dadin».
Sistema konplexua da Osakidetza, eta bere osasuna neurtzeko hiru adierazleri erreparatu diete Saizek, Mayorrek, Portolesek, Saavedrak, Uberak eta Berganzok. Osakidetzari tenperatura hartzen saiatu dira, alegia.
Itxaron zerrendak
Osasun Sailak iazko azaroaren 30ean kaleratutako txostenaren arabera, ospitaleetan kontsulta bat izateko 58 egun itxaron behar dituzte pazienteek batez beste, eta ebakuntza bat egiteko, 52. Duela gutxi adierazi zutenez, lehen mailako arretan kontsulta bat izateko itxaronaldia 1,7 egunekoa da batez beste. Datuak xehe-xehe begiratuta, ordea, itxaron zerrendak luzeagoak dira. Esaterako, Barakaldo-Sestaoko ESI erakunde sanitario integratuan 92 egunekoa da batez besteko itxaronaldia ospitaleetako kontsultetan, eta traumatologiarako, orokorrean, 89 egunekoa.
«Hainbat praxi erabiltzen dira itxaron zerrendak hobetu direla irudikatzeko», salatu du Uberak. Ildo horretan, iradoki du mediana neurgailu hobea dela batez bestekoa baino: «Agian mediana eskatu beharko genuke, muturrak kentzen dituelako eta egunerokotasunaren errealitate zehatzagoa emango ligukeelako». Beste praxi baten berri eman du Saizek: «Espezialistak jarraipena egiteko hitzorduak atzeratzen dituzte, eta lehen kontsultak ugaritu. Itxaron zerrenden datuetan lehen kontsultak hartzen dira kontuan, eta ez jarraipen hitzorduak».
«2023tik 2024ra autokontzertazioa [langileen ordu estrak] %6,95 igo da, baina itxaron zerrendak ez dira soilik hazkunde horrengatik hobetu»
KOLDO BERGANZOOsakidetzako Ospitaleetako Arretaren Koordinaziorako zuzendariordea
Mayorrek, berriz, ohartarazi du itxaron zerrendak ez direla osasun sistemari tenperatura hartzeko neurgailu egokienak. Proposatu du pazienteei eta langileei inkestak egitea: «Garrantzitsua da jakitea osasun sistema publikoaren erabiltzaileek zer esperientzia izan duten: horrek balioa ematen dio osasun arretari».
Edonola ere, itxaron zerrendak badira neurgailu bat, eta batez besteko datuak murriztu egin dira, Osasun Sailaren arabera. Nola? Berganzoren esanetan, lehenik egoeraren «analisi xehe bat» eginda, eta, gero, neurri jakin batzuk hartuta. «Adibidez, ospitaleetako gaitasun propioa handitu dugu, programa espezifiko baten bidez 80 pertsona kontratatuta. Kontratazio horren xedea, hain zuzen, itxaron zerrendak murriztu ahal izatea da». Osakidetzako denetariko zentroen arteko koordinazioa handitu dutela ere erantsi du, eta, horrela, eskura dauden baliabideak hobeto erabili ahal izan dituztela.
20.153Osakidetzan behin-behineko zenbat langile egongo diren. ELA sindikatuaren kalkuluen arabera, 2020tik 2022rako LEP lan eskaintza publikoak eta 2021ean egin zuten egonkortzeko LEPa ebaztean, 20.153 izango dira Osakidetzan behin-behinean lanean arituko diren langileak, koderik gabeko postuetan ari direnak kontuan hartuta.
Beste faktore adierazgarri bat autokontzertazioa handitu izana da, hau da, langileek ordu estra gehiago egin dituztela. Berganzok eman du datu zehatza: «2023tik 2024ra autokontzertazioa %6,95 igo da, baina itxaron zerrendak ez dira soilik hazkunde horrengatik hobetu». Saavedra kritikoa da ordu estren inguruan: «Soldata igoerarik ez da egon, baina ordu estren ordainsariak hobetu egin ditu Osakidetzak azken urteetan, eta hori bultzatzen ari da. Horrekin kritiko gara, eragina baitu langileen osasunean. Ez dute ordainsari hobea lortzen beren jardunaldia egiteagatik, baizik eta aparteko orduak egiteagatik. Hori ez da arazoa konpontzeko bidea».
Deribazioak
«Itxaron zerrendak murriztearen atzean deribazioak ere badaude», ohartarazi du Saavedrak. Ospitale publikoetako ebakuntza eta proba diagnostiko batzuk —«konplexutasun gutxien dutenak», Berganzok azaldu duenez— klinika pribatuetara bideratzen dituzte: horiek dira deribazioak. «Ezkerraldean, adibidez, pila bat ari dira San Juan de Dios klinikara bideratzen. Ebakuntza traumatologiko bat baduzu, askotan bidaltzen zaituzte klinika pribatu batera», zehaztu du Portolesek.
Osasun Sailak nabarmendu izan du deribazioak %65 murriztu direla, eta datu hori zehaztu du Berganzok: «Kirurgia handiko deribazioak aldi batzuetan %65 jaistera iritsi dira, eta horrek eragina du itxaron zerrendetan. Deribatutako beste prozesu batzuk, ordea, ez dira kontuan hartzen itxaron zerrendetan».
Zergatik bideratzen dira ebakuntza eta proba diagnostiko batzuk, baina, klinika pribatuetara? «Geure ospitaleetan kirurgia konplexuagoak egiteko gaitasun handiagoa izateko», azaldu du Berganzok, eta erantsi du Osakidetzak garrantzi handiagoa ematen diola sistema publiko barruko zentroen arteko kolaborazioari.
«Zera ondoriozta daiteke: sistema publikoa ahul baduzu, pribatura bideratzen duzu, eta sistema dual bat eraikiz zoaz»
REBEKA UBERAEH Bilduko legebiltzarkidea
Beste arrazoi bat nabarmendu du Portolesek: «Deribazioak eginda, estatistiketan datuak betetzen dituzte, pazienteak itxaron zerrendatik ateratzen dituzte eta ebakuntza egin diete. Hori Osakidetzak ordaintzen du, eta modu bat da klinika pribatuak diruz hornitzeko».
«Gardentasun falta» salatu du Mayorrek: «Datu makroak ematen dizkigute, baina ez dakigu erabakiak noiz eta zer irizpideren arabera hartzen dituzten». Horri dagokionez, Berganzok zehaztu du deribazioak zentroen eskarien araberakoak direla, eta gogorarazi du pazienteak bere borondatez erabaki dezakeela deribazio proposamena onartu edo ez.
«LEPetan eskaintzen dituzten postuekin apenas betetzen diren erretiroen ondorioz hutsik gertatutako lekuak, eta behin-behinekoen poltsa ez da inoiz husten»
ESTHER SAAVEDRAELA sindikatuko osakidetzako arduraduna
Saiz ez dator horrekin bat: «Paziente batek deribazio bati uko egiten badio, gogorarazten diote denbora asko pasatu beharko duela zain. Noski, jendeak mina ken diezaiotela nahi du. Esaten dizute eraginkorrena kolaborazio publiko-pribatua dela, eta hori ez da herritarrek nahi duten eredua: herritarrek eredu guztiz publikoa nahi dute».
Deribazioekin lotuta daude hitzarmenak ere. Osasun Sailak iaz ia 300 milioi euro eman zizkien klinika pribatuei, zenbait zerbitzu osorik kudeatzeko. «Zerbitzu batzuk azpikontratatuta daude jada sistematikoki: adibidez, Donostialdean bihotzeko kirurgia Poliklinikak dauka sistematikoki, eta buru osasuneko ospitalea Aita Mennirekin azpikontratatzen da», azaldu du Saavedrak, adibide gisa.
Berganzok gogorarazi du ia 300 milioi euro horien barruan anbulantziak ere badaudela, «gaur egun hitzarmen baten bidez eskaintzen dira eta».
Behin-behinekotasuna
Eragile politiko, sindikal eta sozial ugari bat datoz honetan: Osakidetzako lantaldeak egonkorra izan behar du. Horren haritik, Osasun Sailak 2018-2019 aldiko LEP lan eskaintza publikoaren postu guztiak adjudikatu ditu, eta «laster» ebatziak egongo dira 2020tik 2022rako LEPak, baita 2021ean egin zuten egonkortzeko LEPa ere. Guztira 11.057 postu emango dituzte bi hilabetean, beraz. Osasun Sailak aurreikusi duenez, postu horiek esleitutakoan Osakidetzako behin-behinekotasuna %10,72koa izango da. Aurrerago beste oposizio batzuk egiteko asmoa dute, eta, horiek ebaztean, behin-behinekotasun tasa %9 ingurukoa izango dela uste dute.
Zenbaki horiek denek zer esan nahi dute, ordea? Lehenik eta behin, ondo jakin behar dela zein den Osakidetzako lantaldearen osaera. Iazko urriko hauteskunde sindikaletan Osakidetzako langileen errolda egin zuten: Osakidetzak guztira 46.372 langile zituen orduan. Datu horren barruan, egiturazko lantaldea 32.442 lanpostuk osatzen dute, Osasun Sailaren arabera.
«Deribazioak eginda, estatistiketan datuak betetzen dituzte, pazienteak itxaron zerrendatik ateratzen dituzte eta ebakuntza egin diete»
MAIDER PORTOLESLAB sindikatuko osasungintzako arduraduna
Hala ere, langile finkoak ez dira hainbeste. Saavedrak Osasun Sailaren datuak aipatuta azaldu duenez, Osakidetzako langile finkoak 18.329 ziren iazko maiatzean —Osasun Sailak orduan eman zizkien lantaldeari buruzko datuak azken aldiz—: «Lan eskaintza publiko batean postu kodifikatu bat lortu duten langileak dira. Izan ere, LEP batean eskaini ahal izateko, lanpostu horrek kode bat izan behar du».
Kodea lanpostuek dute, ez langileek. Kodifikatuta dagoen postu bat egituraren barruan dago, aitortuta dago. Lantalde horren barruan badaude behin-behinean ari direnak ere, Saavedrak azaldu duenez: «22.157 behin-behineko langile ari dira kodedun lanpostu batean lanean. Formalki sortutako lanpostuak dira, baina LEPetan oso lanpostu gutxi eskaintzen dituzte».
«Garrantzitsua da jakitea osasun sistema publikoaren erabiltzaileek zer esperientzia izan duten: horrek balioa ematen dio osasun arretari»
AMAIA MAYORSATSE sindikatuko idazkari nagusia
Kodea duten lanpostu batzuk, gainera, bete gabe daude: 2.759, zehazki. Koderik gabe dauden lanpostuak ere badaude, 2.879, hain zuzen ere. «Egon badaude, eta Osakidetzak haiek gabe ezin du funtzionatu, baina formalki ez daude sortuta eta ez dira LEPetan eskaintzen; Osasun Sailak ez ditu bere kalkuluetan sartzen», azaldu du Saavedrak.
Bat dator Portoles: «Aspaldiko arazoa da, eta, konpondu beharrean, areagotu egin da. Kodifikatuta dauden lanpostuetako behin-behinekotasuna kontatzen dute, eta besteak, kodifikatu gabekoak, ez dituzte kontatzen. Horrekin jokatzen dute». Horregatik, uste dute behin-behinekotasuna %34,55ekoa baino gehiagokoa dela gaur egun, eta ez direla iritsiko %9ra.
Saavedrak eginiko kalkuluen arabera, 2022ra arteko LEP gehienak ebatzi ostean, 20.153 langile izango ditu Osakidetzak behin-behinean lanean. Hala ere, beste faktore hau ere erantsi behar zaio ekuazioari: «Osakidetzan urtean 1.000 lanpostu inguru geratzen dira hutsik erretiroak direla eta».
«Esaten dizute eraginkorrena kolaborazio publiko-pribatua dela, eta hori ez da herritarrek nahi duten eredua: herritarrek eredu guztiz publikoa nahi dute»
MIREIA SAIZOPA herri plataformako eleduna
Saavedrak uste du LEPetan lanpostu gehiago eskaintzea dela bidea: «Bestela, hau ez da bukatuko. LEPetan eskaintzen dituzten postuekin apenas betetzen diren erretiroen ondorioz hutsik gertatutako lekuak, eta behin-behinekoen poltsa ez da inoiz husten». Uberaren ustez, «inprobisazioa» eten egin behar da, eta planifikazioa handitu: «Zera ondoriozta daiteke: sistema publikoa ahul baduzu, pribatura bideratzen duzu, eta sistema dual bat eraikiz zoaz. Hiru eredu daude: sistema duala eraikitzea —baina botoak galdu daitezke hori eginez gero—; beste bide bat izan daiteke zertxobait aldatzea, baina errora joan gabe; eta hirugarren bidea da benetako eraldaketa sakona egitea».