Osasun arloko ituna adosteko bigarren bilera egin dute gaur Donostian Eusko Jaurlaritzak eta eragile politiko, sindikal eta sozial nagusiek. Jaurlaritzak eragileei aurkeztutako diagnostikoa eta eragileek Jaurlaritzari egindako ekarpenak bildu ditu Javier Meanak, itunaren koordinatzaileak, eta diagnostiko partekatu bat aurkeztu die alde guztiei. Jaurlaritzak nabarmendu du «adostasun zabala» dagoela testu horren inguruan. Zenbait eragilek haien antolakundeekin kontrastatzeko astia eskatu dute, eta urriaren 30ean Gasteizen egingo duten bileran ixtekoak dira diagnostikoaren fasea.
Meanak azaldu duenez, zazpi atalez osatuta dago diagnostiko partekatua: diagnostiko demografikoa, morbilitatea eta hilkortasuna, determinatzaile sozialak eta bizimoduak, asistentzia baliabideak eta horien erabilera, testuinguru soziala eta teknologikoa, baliabide ekonomikoak eta herritarren esperientzia. Ez dute testua publiko egin.
Urriaren 30eko bileran —hirugarrenean— diagnostikoaren fasea ixten badute, egun horretan bertan ekingo diote bigarrenari: Osakidetza ardaztuko duten printzipio nagusiak adosteari. Alberto Martinez Osasun sailburuaren ustez, ez da «arazorik» izango printzipioen inguruko akordio bat egiteko; hilabeteko epea ezarri du hori lortzeko.
Hori adostean, hirugarren faseari ekingo diote: etorkizuneko estrategiak adostuko dituzte. Meanak gaur azaldu du fase horri dagozkion hainbat ekarpen jaso dituztela diagnostikoarenean. Ondorioz, proposamen horiek hirugarren fasean eztabaidatuko dituzte. Sei alorri erreparatuko diete: osasuna eta herritarren eskariak, kalitatea eta segurtasuna, profesionalak, informazioa, osasun sektorea hazkunde ekonomikoaren motor gisa aztertzea eta osasun azpiegituren modernizazioa.
Optimismoa
Hurrengo faseei «optimista» ekingo diela nabarmendu du sailburuak, bilera hasi aurretik: «Lanean ari gara etorkizuneko Euskadiko osasunaren oinarriak ezarri ahal izateko akordio plural eta partekatua lortzeko. Jarrera eta konpromisoa eskertu nahi dizkiet alde guztiei: sintonia dago hurrengo faseetara joateko».
Gainera, mahaiak kide berriak izan ditu gaur. ESK sindikatuak parte hartu du lehen aldiz, eta erizain laguntzaileen sindikatua, optikarien elkargoa eta buru gaixotasunak dituztenen eta haien senideen elkarte bat ere gonbidatu dituzte.
LAB sindikatua da mahaiko beste kide bat, eta salatu du hark egindako ekarpen nagusiak ez dituela jaso Meanak aurkeztutako testuak. Ez du zehaztu testuaren alde edo kontra bozkatuko duen urriaren 30eko bileran. Erantsi du —eta gaitzetsi— bilera gaztelania hutsean egitera behartuta egon direla, Jaurlaritzak ez baitu itzulpen zerbitzurik jarri.