Osakidetzaren aldeko herri itun bat erdiesteko bidean, beste pauso bat eman dute gaur: Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistemaren diagnostiko bat onartu dute Eusko Jaurlaritzak eta ituna adostera deituak izan diren eragile politiko, sindikal eta sozial guztiek, ESK-k izan ezik —ondorioz, ez du foro horretan segituko—. Horrela, burutu dute osasun ituna adosteko lehen fasea, eta bigarrenari ekin diote; Osakidetza ardaztuko duten printzipioak adosteari, alegia.
Jaurlaritzak eragileei aurkeztutako diagnostikoa eta eragileek Jaurlaritzari egindako ekarpenak bildu zituen Javier Meanak, itunaren koordinatzaileak, eta diagnostiko partekatu bat aurkeztu zien alde guztiei urriaren 9an Donostian egin zuten bileran. Gaur Gasteizen bildu dira, eta onartu egin dute behin betiko agiria. Zazpi atalez osatuta dago: diagnostiko demografikoa, morbilitatea eta hilkortasuna, determinatzaile sozialak eta bizimoduak, asistentzia baliabideak eta horien erabilera, testuinguru soziala eta teknologikoa, baliabide ekonomikoak eta herritarren esperientzia.
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak nabarmendu du diagnostiko partekatua «eraikitzailea» dela, eta «ikuspegi eraldatzailea» duela: «Guri dagokigunez, diagnostiko partekatua kritikoa eta exijentea da». Akordioaren beste zutabe batzuk dira pazientea ahalduntzea, gobernantza modernizatzea eta sistemaren jasangarritasuna bermatzea ere, baita herritarren, komunitatearen eta profesionalen parte hartzea «erraztea» ere.
«Kontsentsua dago osasun sistema indartsu eta eraginkor bat sortzeko eta indartzeko, herritarrekin justua izango dena»
ALBERTO MARTINEZEusko Jaurlaritzako Osasun sailburua
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Osakidetzako langileen behin-behinekotasuna murrizteko neurriak ezartzea adostu dute, eta medikuen karga burokratikoa murriztearen alde egin dute, «denbora gehiago izan dezaten pazienteen arretan». Horren harira, lehen arretari begira dagoen diagnostiko bat dela nabarmendu du Martinezek.
LAB sindikatuak aurreratu duenez, Osakidetzaren LEP lan eskaintza publikoen ereduan «erabateko eraldaketaren beharra» dago, Jaurlaritzaren eta beste eragileen ustez. Horretarako, lantalde «bakarra, ordenatua eta gardena» definitzea adostu dute, baita profil profesional berriei bidea irekitzea ere.
«Borondatea eta ahalegina»
Osakidetzaren diagnostiko horren alde bozkatu dute mahaikide gehienek —izan dira boto partikularra eman dutenak ere—, eta horregatik gainditu dute ituna adosteko lehen fasea. Akordio bat erdiesteko «borondatea eta ahalegina» eskertu die sailburuak mahaikideei: «Parte hartzaileei esker aurrera doa ituna. Biderik zailena aukeratu dute: eraikitzea. Zailena da, baina beharrezkoena ere bai, etorkizuneko osasuna eraikitzeko».
Dena dela, eragileen baiezkoak ez dira akritikoak izan. Esaterako, EH Bilduk «gutxienekoen» akordio moduan jo du balekotzat diagnosia. Koalizio subiranistak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, Nerea Kortajarenak, Euskadi irratian nabarmendu du «jauzi kualitatiboa» egin dela Jaurlaritzaren hasierako proposamenetik gaur bozkatu dutenera arte. «Hein handi batean», EH Bilduren ekarpenei esker izan da hori, Kortajarenaren arabera. Azaldu du eragina izan dutela pertsonalaren inguruko politikari, sistema publikoaren eta pribatuaren arteko harremanari eta lehen arretari buruzko puntuetan. Sumarrentzat, berriz, gaur onartu dutena ez da «nahikoa», baina hurrengo faseetan ekarpenak egitean jarri du soa.
LABek «hutsune batzuk» ikusten dizkio diagnostikoari. Adibidez, osasun sistema publikoaren zerbitzuak titulartasun publikotik eta baliabide publiko eta propioen bitartez eskaini behar direla adieraztea falta zaio diagnosiari, sindikatuaren ustez. PPk ere «gabezia batzuk» identifikatu ditu, esaterako, «gehiegizko» burokratizazioan.
ESK-k, berriz, arrazoi honengatik bozkatu du diagnostikoaren aurka: «Osakidetza itotzen duten arazoak konpondu ezin dituelako». Ituna adosteko metodologiak zehazten duen moduan, mahaitik kanpo geratuko dira, lehen fasearen aurka bozkatu dutelako.
Zazpi printzipio
Diagnostikoa adostuta, gaur bertan ekin diote bigarren faseari. Enrique Peiro Osasun sailburuordeak Osakidetza ardaztuko duten printzipioen proposamen bat helarazi die mahaikideei, eta, diagnostikoarekin egin bezala, haien ekarpenak aurkeztu beharko dizkiete haiek Osasun Sailari. Jaurlaritzaren arabera, zazpi printzipiok ardaztu beharko lukete Osakidetza: unibertsaltasunak, ekitateak, zerbitzuen kalitateak, parte hartze komunitarioak, integraltasunak —prebentzioarekin lotuta—, sistemaren dinamikotasunak eta jasangarritasunak.
Martinezek uste du «kontsentsua» egon daitekeela fase berrian ere bat etortzeko, eta, erantsi duenez, gizarteak berak ere bat egiten du printzipio horiekin: «Kontsentsua dago osasun sistema indartsu eta eraginkor bat sortzeko eta indartzeko, herritarrekin justua izango dena».
Hirugarren fasean etorkizuneko estrategiak adostuko dituzte. Printzipioak erabaki ostean hasiko dira lan horretan, baina fase hura prestatzen hasiak dira ja. Osasun Sailak sei alor bereizi ditu estrategiak lantzeko: osasuna eta herritarren eskariak, kalitatea eta segurtasuna, profesionalak, informazioa, osasun sektorea hazkunde ekonomikoaren motor gisa aztertzea eta osasun azpiegituren modernizazioa.
Gaurko bilera hasi aurretik, Martinezek esan du eragileekin kontrastatu nahi duela ea horiek izan behar duten —edo beste batzuek— estrategiak bereizteko alorrak. Gaineratu du haiekin adostu nahi duela zein alor landuko duten lehena. Horietaz ere jardutekoak ziren gaur.
Hurrengo bilera abenduaren 4an egingo dute, eta, Jaurlaritzaren estimazioen arabera, datorren urteko udaberrian «erabat operatibo» egongo da osasun ituna.