Abiatu da Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek alderdi politikoekin egingo duen bilera erronda. Sumarreko ordezkariak hartu ditu gaur Ajuriaenean, ezkerreko koalizio horrek duen legebiltzarkide bakarra, Jon Hernandez, eta taldeko koordinatzaile Alba Garcia, hain zuzen. Biek ala biek agiri bat eraman dute batzarrera, gobernuburuari azaltzeko zer-nolako politikak nahi lituzketen. «Hiru norabide aldaketa» proposatu dizkiote Pradalesi: Osakidetzan, etxebizitzan eta energia berriztagarrietan.
«Euskadik zero deribazio eta zero azpikontratazio» egin beharko lituzke Osakidetzan, Sumarren arabera, eta helburu hori bere egiteko eskatu diote Pradalesi. Etxebizitzari dagokionez, «politika publiko erreal bat» eskatu diote, «asistentzialismotik urrun, auzoak eta etxeak espekulatzaileen esku egon ez daitezen». Horretarako, etxebizitzaren aldeko itun bat egitea proposatu diote. Itun horrek zenbait neurri jasoko lituzke: «Alokairuen prezioak mugatzea; alokairu publikoko etxebizitza parkea handitzea; pisu turistikoak gelditzea; eta Espainiako etxebizitza legearen aurkako errekurtsoan atzera egitea».
Edonola ere, Hernandezek «oso zailtzat» jo du Pradalesek osasunaren, etxebizitzaren eta trantsizio ekologikoaren arloko norabideak aldatzea: «Ez ditugu herri eredu berak defendatzen». Hala ere, Osakidetzan lantaldea indartzeko eskatu dio Pradalesi, «familiako medikuen eta lehen mailako arretako langileen kontratazio publikoaren bidez». Horrez gain, itxarote zerrendak murrizteko eta zerbitzuak publifikatzeko prozesu bat hasteko beharra helarazi dio, «pazientearen arretan eta osasun langileen lan baldintzetan kalitate hobea bermatzeko».
Berrindustrializazio berdea
Tarte luze batean, entzule moduan aritu da Jaurlaritzako lehendakaria, eta, bilera amaitu aurretik, Sumarrek duen legebiltzarkide bakarrak proposatu dion hirugarren norabide aldaketaren berri izan du. «Trantsizio Energetiko Justurako Euskal Estrategia berri bat» lortzea nahiko luke ezkerreko koalizioak, «energia berriztagarrien erabilera bizkortzeko, autokontsumo kolektiboa sustatzeko eta energia komunitateak bultzatzeko».
Horretarako, «beharrezkoak diren lege aldaketak» bultzatzeko helarazi diote Hernandezek eta Garciak Pradalesi. Izan ere, bide horretan aurrera eginda, «berrindustrializazio prozesu berde bati ekiteko aukera» sortuko litzateke, taldearen arabera, eta, «Euskadi Europako industria motor berriztagarri» bihurtzeaz gain, «30.000 lanpostu» sortuko lirateke.
«Eduki zehatzen inguruko akordioak behar dira, etengabe aipatzen diren herri akordio handiak egon daitezen»
JON HERNANDEZSumarreko legebiltzarkidea
Sumarrek badaki «oso zaila» izango dela EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernuak ezkerreko neurri horiek guztiak martxan jartzea hasi berri den legealdian, baina ez ditu baztertu «akordio zehatzak». Izan ere, Hernandezek uste du «eduki zehatzen inguruko akordioak» behar direla, «etengabe aipatzen diren herri akordio handiak» egon daitezen. «Xehetasunean sartzen garenean, zailtasun handiak aurkitzen ditugu, ordea», erantsi du legebiltzarkideak.
Hitzik ez autogobernuaz
Bileratik ateratzean eta kazetarien galderei erantzunez, Garciak esan du nahiago duela ez esatea autogobernuari buruz aritu diren ala ez, «beste indar politikoei zor zaien errespetuari» erreparatuz. Pradalesek berak «diskrezioa» eskatu diela ere jakinarazi du.
Pradalesek gobernu programa «partekatzeko» jarri du martxan gaur abiatu den alderdien bilera erronda, eta lehentasunen inguruko «hausnarketa komuna» egiteko, «herri erronkak» identifikatu eta «lan metodologia bat ezartzeko». Baina batzar horien agendako lehentasunak ere zehaztu ditu lehendakariak, erronda hasi aurretik, eta «osasunaren arloko paktua» sarritan aipatu du.
Sumarrekin egon ondoren, PPren (10:00) eta PSE-EE gobernu bazkidearen (12:00) ordezkariak hartuko ditu bihar Jaurlaritzako lehendakariak, Ajurianean. Astelehenean, EH Bilduren ordezkariarekin batzartuko da, Pello Otxandiano legebiltzarkidearekin. EAJk bezainbeste legebiltzarkide dituen koalizioak (27 eserleku) jakinarazi du batik bat «entzule gisa» joango dela Otxandiano, ezkerreko koalizio independentistak uste baitu gobernuak zehaztapen gutxi eman dituela orain arte irailetik aurrera gauzatuko duen politikaren inguruan.