Osakidetzako zuzendaritza berritzeko lehen pausoak ematen hasi da Eusko Jaurlaritza. Atzo, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak iragarri zuen Susana Lopez Altuna izango dela aurrerantzean Osakidetzako zuzendari nagusi, eta Rosa Perez Esquerdo ordezkatuko du hala. Beste izendapen batzuen berri ere eman zuen: Maite Martinez de Albeniz izango da Osasun Arretako zuzendari, Victor Bustamanteren ordez, eta Xabier Ibarzabal Astigarraga Ekonomia eta Finantzako buru, Nestor Aranaren tokia hartuta. Izendapenok gaur egin ditu ofizial Eusko Jaurlaritzak.
Susana Lopez Altuna Zuzenbideko lizentziaduna da, eta ordezko epaile gisa hasi zuen ibilbide profesionala,1992an Osakidetzan lanean hasi zen arte. Han egon da beharrean ordutik: lehenik Donostiako Aholkularitza Juridikoko arduradun gisa, gero letratu gisa, eta, ondoren, Aholkularitza Juridikoko zuzendariorde gisa. Kargu hori hainbat etapatan bete du: lehenik 2006 eta 2009 artean, eta jarraian 2013tik.
Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolako irakasle laguntzailea da, eta Legegintza eta Etika Profesionaleko eskolak ematen ditu; Osasuneko Legelarien Zuzendaritza Batzordeko kidea ere bada.
Osakidetzako Osasun Arretako kargua hartuko duena, Maite Martinez de Albeniz, neurologoa da, garuneko hodietako gaixotasunetan aditua, eta Osasun Kudeaketako Masterra du. Orain arte, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Neurologiako Ospitalizazioko burua izan da, iktusaren unitateko koordinatzaile gisa. Zuzendariorde medikoa izan da Donostia Unibertsitate Ospitalean, eta neurologia irakaslea EHUn.
Martinez de Albenizen izendapena ez da nolanahikoa. 2022. urtearen hondarrean eta 2023aren hasieran, Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuan piztutako krisian dimisioa eman zuten medikuetako bat izan zen. Osakidetzak Itziar Perez eta Idoia Gurrutxaga kargutik kendu ostean, dimisioa eman zuten osasun profesional ugarik, protesta gisa; tartean zen Martinez de Albeniz —Donostialdeko mediku zuzendariordearen kargua utzi zuen—. Dimisioa aurkezteko arrazoi nagusia izan zen Osakidetzaren Zuzendari Nagusiarekin eta Osasun Sailarekin desadostasun sakonak zituztela. Besteak beste, «goitik beherako» erabakiak inposatzea egotzi zioten Osasun Sailari, eta osasun sare publikoa «era diktatorialean» kudeatzea.
Bestalde, Osakidetzako Ekonomia eta Finantzako kargua hartuko du Xabier Ibarzabalek, Jaurlaritzak iragarri duenez. 2008az geroztik lan egiten du Osakidetzan: Informatika Zuzendariordetzan erradiografiaren historia digitalizatzeko teknikari arduraduna izan da, eta, ondoren, azpiegituren zuzendariordea. Azken horretan, hainbat postu bete ditu, eta ekipamendu berrien proiektuburu izan da, besteak beste Eibarko eta Urdulizko ospitaleetan.