Osakidetzak eta UGT, SME eta Satse sindikatuek bilkura izan dute gaur, eta zenbait akordio lortu dituzte. Bertzeak bertze, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek, Buru Osasuneko alorrean lan egiten dutenek eta Tolosaldeko ESIko zenbait langilek %4ko osagarria kobratuko dute, beren irabaziak Osakidetzako bertze profesionalenak bezalakoak izan daitezen. Lantaldeen eraketak eta mahai sektorialen deialdiak ere esku artean dituztela adierazi dute, oraindik lantzeke dauden gaien inguruan aurrera egiteko.
Transfusio zentroko langileek 31 greba egun egin dituzte, eta ELAk adierazi duenez, horiek izan dira «Osakidetzaren jarrera aldatzea lortu dutenak». Hala, langileak egindako lanagatik zoriondu dituzte. ELAk, baina, ez du gaurko akordioa sinatu proposamenean agertzen diren langileak ez dituelako «atzean» utzi nahi: etengabeko arretako guneetako, lehen arretako eta bezeroaren arretarako guneetako langileak. Izan ere, Osasun Sailak eskaintza bat egin badu ere etengabeko arretako guneetan aparteko orduak egiteagatik ordaintzen den kopuruari dagokionez, afera horren inguruan ez da akordiorik lortu, sindikatuek bertze osagarri batzuk nahi zituztelako.
Horrez gain, ELAk salatu du Osakidetzak ez duela «inolako neurririk planteatzen langile faltaren atzean dagoen benetako problematikari aurre egiteko: lan baldintza eskasak». Izan ere, udan osasun zentro batzuk itxiko dituzte, bertze batzuetako orduak murriztu eta bertze zenbait irekita egonen dira, baina medikurik gabe. Horren aurrean langileek aparteko orduak egitea planteatzen dela dio sindikatuak: «Gaur, [Osakidetzak] aparteko ordu horiek ordaintzeko baldintzak hobetzeko proposamen bat ekarri du mahaira, baina ezein sindikatuk ez du proposamen hori onartu; izan ere, benetako arazoei aurre egiten ez dien neurri bat izateaz gain, EAGetako eta larrialdietako langileak diskriminatzen ditu».
LAB ere bileran egon da, eta adierazi du argi gelditu dela zein diren zuzendaritzaren lehentasunak, eta epe motzeko neurriak hartzen jarraitzen duela. Hala, erabaki dute akordioa ez sinatzea: «Gatazka hau ez da benetan konpontzen ari, hainbat kolektibo (etengabeko arreta guneetakoak eta lehen mailako arretako langileak, esaterako) akordiotik kanpo uzten baititu. Konponbideak integrala izan behar du; horregatik, ezin dugu sinatu kolektibo gehiago Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek azken urteetan jasan duten egoerara kondenatuko dituen akordiorik».
Sindikatuak adierazi du zuzendaritzak «bere gain» hartu behar dituela «luzaroan izan duen jarrera autoritarioaren ondorioak», eta «atzeraeragina» baztertu behar dutela, «iraingarria» delako grebak egin dituzten langileentzako.
CCOOk, berriz, erran du Osakidetzak akordio bat lortu nahi duen arren, oraindik ez duela «esfortzurik egin mahai gainean edukirik jartzeko». ELAk eta LABek azpimarratutako gabezia beraren inguruan mintzatu da, eta erran du soldata igoeraren proposamena «osatu gabe» dagoela, hainbat kategoria osagarria lortzeko aukeratik kanpo uzten dituelako.