Osakidetzako telefono bidezko arreta sistema berria kritikatu dute langileek

Bezeroari emandako arretan eraginkortasuna galdu dela deritzote ELA, LAB, UGT eta ESK-ko ordezkariek

JON REJADO GASTEIZ
2008ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Osakidetzako telefono bidezko arreta sistema berriak langileen lan baldintzak okertu, eta bezeroei ematen zaien arretaren kalitatea murriztu du. Gasteizko eskualdeko osasun zentroetako langile gehienek hori deritzote, ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuek jakinarazitakoaren arabera. Sindikatu horiek sistema berriaren aurkako sinadura bilketa egin dute, eta administrazioko langile guztiek -aldaketaren eragina sumatu dutenek, alegia- eta zentro horietako gainontzeko langileen %66 sistema berriaren aurka agertu dira.

Telefono bidezko arreta hobetzeko ahaleginean egin zuen aldaketa Osakidetzak duela urte bat baino gehiago. Ohiko sistemaren bitartez, bezeroak zuzenean deitzen zuen bere osasun zentrora, eta dei batzuk erantzun gabe gelditzen ziren; dei gehien pilatzen ziren unean %20 ez zen erantzuten, Osakidetzaren datuen arabera. Sistema berriarekin dei guztiak erantzuten dira, baina, hori lortzeko, kalitatea galdu dela deritzote aipatu sindikatuek.

Sistema berriarekin Gasteizko eskualdeko edozein osasun zentrok har dezake, esaterako, deia. Medikurako hitzordua eskatzean aldaketa handirik ez dagoen arren, beste egoera batzuetan arazoak sortu ditu. Deia jatorrizko zentrora desbideratu behar denean bezeroak denbora luzean egon behar duela zain kritikatu dute, eta, batzutan, ez du hitz egiten nahi duen zentroarekin. Horretaz gain, osasun zentro guztietan ez daude zerbitzu berberak, eta deitzen dutenen zalantzak erantzuteko deia beste zentro batera eraman behar izaten da.

Pribatizazioaren beldur

Lan talde berberarekin dei guztietara heltzean langileen lan baldintzak okertu direla azpimarratu dute, baita bezeroari emandako arreta ere. Egoera hori ikusirik, telefono bidezko arreta zerbitzuaren pribatizazioa egon daitekeela aurreratu dute aipatu sindikatuek. «Horren guztiaren atzetik ez al da ba egongo osasun zentroetako administrazio esparrua ere esku pribatuetan uzteko aitzakia izateko asmoa?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.