Krisia Osakidetzan

Osakidetzako sindikatuek protestak hasiko dituzte asteon

Ospitaleen eta lehen arretako zentroen atarian biltzera deitu dituzte langileak. Urtarrilerako herritarrak ere deituko dituzte mobilizazioetara

Medikuen protesta bat, hil honetan, Donostia ospitalean. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ordoñez Garmendia - Xabier Martin
2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun

Osakidetzako sindikatuak herritarrak protestetara deitzeko prestatzen ari dira, eta, osasun alorreko gatazkan beste maila bat igoko lukeen agertoki horretarako bidean, mugarri bat jarriko dute ostegun honetan. Deialdi bateratua egin baitute SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek, Osakidetzako lantoki guztietan elkartzeko: 11:00etan, ospitaleen atarian, eta 13:00etan, lehen arretako zentroetan. Haien hitzetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila osasun sistema «desegiten» eta lan baldintzak «eskasten» ari da. Hala, iragarri dute Eguberrien ondoren protestak kalera eraman eta herritarrak ere deituko dituztela parte hartzera.

 

Osasun sistema publikoaren aldeko protesta ziklo bat hasiko dute, hura «babesteko». «Begi-bistakoa da gure osasun publikoaren hondatzea, bai profesionalentzat, baita herritarrentzat ere. Eusko Jaurlaritzaren propagandak ezin du ezkutatu jada herritarrek lehen pertsonan jasaten duten egoera», nabarmendu dute.

Osakidetzaren «errealitate gordinaren aurrean», negoziatzeko eskatu dute. Denbora asko daramate salatzen Mahai Sektoriala «foro huts bat» bihurtu dela, informatzeko baliatzen dutela, eta ez dagoela benetako negoziaziorik. «Osakidetzak nahi duena eta nahi duenean soilik tratatzen da», esan dute, eta, «hobetu beharrean, egoerak okerrera egin du, blokeora eramateraino».

Elkarrizketarik ez dagoela ez ezik, Osakidetzako zuzendaritzak «jarrera inposatzailea» duela ere salatu dute: «Osakidetza demokratizatzeko, Mahai Sektorialaren blokea gainditu eta langileen ordezkariekin benetako negoziazio bat bultzatu behar da».

Hausnarketa baten beharra

Aurten bi aldiz utzi dute Mahai Sektoriala sindikatuek, eta Osakidetzako Zuzendaritzari eskatu diote Lan Harremanen Kontseiluan biltzeko; alferrik izan da. Azken aldiz abenduaren 7an bildu ziren Osakidetzako zuzendaritzarekin, Gotzone Sagardui Osasun sailburua han zela. Sagarduik ez zuen erakutsi negoziatzeko borondaterik, sindikatuen arabera, «inposaketaren bidean jarraitzeko» baizik: «Osakidetza bere bide orriari jarraitzen ari da, alde sozialeko aldarrikapenei jaramonik egin gabe, eta existitzen ez den negoziazio baten itxurak egiteko erabiliz Mahai Sektoriala».

Sindikatuek hausnarketa bat bultzatu nahi dute Osakidetzaren gobernantzaren inguruan. «Inposaketa Osakidetzaren zuzendaritzan hasten da, baina osasun sistema osora hedatzen da». Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarritako ehun profesionalen prozesu parte hartzaileaz, azaldu dute 37.000 langile dituela Osakidetzak, eta iragarritako kopurua baino handiagoa behar dela kategoria, lurralde eta estamentu guztiak ordezkatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.