Protesta eguna zuten atzo Osakidetzako langileek, eta kalera atera ziren hainbat lantokitan. Gaur eta bihar daude grebara deituta 37.000 behargin. ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta SME sindikatuek egin dute deia, Osakidetzaren «desegitea» salatzeko, eta langileentzako baldintza «duinak» eskatzeko. Sindikatuek esan zuten «oihartzun oso handia» izan zuela atzo deialdiak. «Batez ere, lehen mailako arretan; horrek erakusten du zer-nolako larritasuna daukaten arreta maila horretako langileek», adierazi zuen ELAko ordezkari Esther Saavedrak. «Lantaldea nazkatuta eta nekatuta dago; eta ikusten ari dira beren eskubideak urratzen ari direla», erantsi zuen Amaia Mayorrek, SATSEren izenean. Sindikatuek esan zuten goizean langileen erdiek egin zutela greba; Osakidetzaren arabera, %10ek egin zuten. Arratsaldean ehunekoa pixka bat handiagoa izan zela esan zuen: %11,5.
Ikusi gehiago:Argazki galeria: grebaren lehen eguna
Sindikatuek ohartarazi zuten gutxieneko zerbitzuak kontuan hartu behar direla portzentajeen arteko aldeari erreparatzeko. Izan ere, Jaurlaritzak ezarritako zerbitzuen arabera, jaiegunetako martxan jardungo dute erietxeek eta osasun zentroek, baina arreta jarraituko zentroetan eta larrialdietan ez da aldaketarik izango artan. Ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatu zituen Saavedrak: «Gehiegizkoak izan dira, eta milaka langile greba eskubiderik gabe geratu dira». Hainbat osasun profesional laneko jantziekin atera ziren protestetara, eta paparrean pegatinak zituzten, grebarekin bat eginda zeudela adierazteko mezuekin: «Gutxieneko zerbitzua naiz».
Ikusi gehiago:«Osasun sistema publikoa gutxietsi nahi da, pribatua indartzeko»
Goizean abiatu ziren lehen manifestazioak, Osakidetza salba dezagun goiburupean; Basurtuko erietxetik eta Donostia ospitaletik. Gasteizen ere, Txagorritxuko erietxe parean elkarretaratzea egin zuten. Eguerdian, lehen mailako arretako zentroen atarietan batu ziren langileak. Protestetan, osasun publikoaren aldeko aldarriak aireratu zituzten; negoziatzeko jarrera eskasa egotzi zioten Osakidetzari; «pribatizazioa» gaitzetsi zuten, eta Osasun sailburu Gotzone Sagarduiren dimisioa eskatu zuten. Gaur ere manifestazio handiak espero dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen.
«Egiturazko» arazoak
«Osakidetzak aspaldi ez ditu bermatzen langileen eskubideak», salatu zuen Mayorrek. Saavedrak, berriz, esan zuen Osakidetzaren arazoak «egiturazkoak eta pandemiaren aurrekoak» direla. Sindikatuen eskarien artean, horra: 2010etik hona galdu duten erosahalmena berreskuratzea, soldata osagarriak eguneratzea, langileen behin-behinekotasuna %8ra apaltzeko plan bat egitea, lehen mailako arretan inbertsioa handitzea, eta 2018-2019ko urteetan egin zen lan eskaintza publikoa ebaztea.
Iñigo Garduñoren (CCOO) arabera, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren jarrerak eraman ditu grebara: «Haien utzikeriak behartu gaitu deialdi hau egitera, eta, gainera, oinarrizko gauzak aldarrikatzera». Mahai sektoriala benetako negoziazio esparru izan dadila eskatu zuen. Saavedrak gogoratu zuen azken greba iaz egin zutela eta, ordutik, negoziazio mahaia «erabat blokeatuta» dagoela. «Osakidetzak aitzakia gisa erabiltzen ditu pandemia eta langileen eskasia, beste egoera batean aplikatzen oso zailak izango liratekeen neurriak hartzeko, hala nola etengabeko arreta guneak medikurik gabe irekita egotea».
Jasone Perezek (UGT) azpimarratu zuen langileek eta herritarrek ezin dutela «gehiago jasan» Jaurlaritzak eta Osakidetzako zuzendaritzak aspalditik erakutsi duten «axolagabekeria», langileei eta erabiltzaileei eragiten dieten arazoen ingurukoa. Besteak beste, profesionalik eza, lan karga handiak, lantaldearen zahartzea eta soldata diskriminazioa arazo handiak direla esan zuen. Horiek guztiek, gainera, osasun sistemaren kalitatea «murrizten» dute: «Osakidetzak lantaldea baloratzen badu, sortu zenetik 40 urte bete direlako kanpainan adierazten duen bezala, kontuan hartu beharko lituzke gure beharrak».
Osasun sistemaren «pribatizazioa» ere jomugan izan zuten atzoko protestetan. Saavedrak esan zuen gero eta diru gehiago bideratzen duela Osasun Sailak sistema pribatura eta azpikontratetara: «2023an, 122 milioi bideratu dituzte enpresa pribatuetara». Jessica Gondrak (LAB) gehitu zuen osasun sistema publikoaren alde borrokan jarraituko dutela, «estrategia pribatizatzailea» eta «lehen arretaren desegitea» gerarazteko.
Donostian, Amara Berriko osasun zentroaren parean eguerdian egin zuten protestan, SATSE sindikatuko Gipuzkoako ordezkari Pilar Mendiak propio erreparatu zien erizainen hainbat kezkari. Kezka orokorrak dira asko: langile gehienenak. Erizainak oso arduratuta daude, era berean, etengabeko arreta guneetan bakarrik geratzen direlako usu, medikurik gabe: arta telematikora bideratuta. «Eta zenbaitetan, zalantza badute, medikua dagoen beste zentro batera deitu behar dute hari galdetzeko zer egin behar duten paziente batekin», azaldu zuen. «Funtsean, Madrilgo Autonomia Erkidegoan egiten ari direna egiten ari dira hemen ere», deitoratu zuen Mendiak: «Madrilgo Autonomia Erkidegoko presidente Isabel Diaz Ayusok bezain argi ez dute esaten hemen, baina antzeko zerbait egiten ari dira».
Azken urteotan indartzen ari den joera bat da, gero eta argiagoa Mendiaren arabera, eta Osasun Sailak berariaz bilatua eta sustatua: «Sagarduik berak esan zuen beste arta mota batera egokitu beharko genuela».
Osasun Sailaren erantzuna
Osasun sailburu Gotzone Sagarduik ukatu egin zuen sindikatuek esandakoa, eta adierazi zuen Osakidetza ez dela desegiten ari. Haren esanetan, gastuari eta inbertsioari buruzko datuek «guztiz kontrakoa» erakusten dute. Eta sindikatuei egotzi zien «datu bakar bat» ere ez aurkeztu izana osasun sistemaren «desegitearen diskurtsoa» justifikatzeko. Era berean, Sagarduik aitortu zuen arazoak badirela, baina esan zuen sorburua ez dagoela Euskal Herrian. Espainiako eta Europako osasun zerbitzu guztiei eragiten die: «Familia medikuntzako profesionalen faltak anbulatorioei eta larrialdiei eragiten die».
Greba Osakidetzan
Osakidetzako sindikatuek grebaren «oihartzun handia» goraipatu dute
Nabarmendu dute langileen erdiek greba egin dutela; Osasun Sailak %10eko portzentajea eman du. Gaurko berriz dute egina grebarako deia, eta manifestazioak antolatuak dituzte hiru hiriburuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu