Osakidetzako pazienteek online kontsultatu ditzakete azterketa medikoen irudiak

Osakidetzak Irudigintza izeneko tresna aurkeztu du. Erradiografiak, eskanerrak eta erresonantzia magnetikoak ordenagailuan edo sakelakoan deskargatu eta bistaratu ahalko dira. «Urrats garrantzitsua» dela esan dute profesionalek.

Mediku bat, erradiografia bati begira. BERRIA
Mediku bat, erradiografia bati begira. Aurrerantzean, pazienteak ere kontsultatu ahalko du. BERRIA
Kerman Garralda
2025eko otsailaren 24a
11:50
Entzun

Osakidetzak proba medikoen irudiak pazienteen esku uzteko tresna digital bat garatu du. Horri esker, besteak beste, erradiografiak, eskanerrak eta erresonantzia magnetikoak ordenagailura edo sakelakora deskargatu ahal izango dira, eta edonoiz eta edonondik kontsultatzeko aukera izango da. Irudigintza jarri diote izena tresnari.

Informazio sanitarioa eskura jartzeko «urrats garrantzitsua» dela esan du Dabi Santanok, Osakidetzako lehen arretako medikuak eta Osarean-eko erreferenteak. Izan ere, orain arte Osasun Karpetan kontsultatu zitezkeen analisien eta txosten medikoen emaitzak, baina irudi bidezko diagnostiko probak ikusteko aukerarik ez zegoen. Irudi bat eskuratu nahi zuenak erreferentziazko ospitalean edo zentroan eskatu behar zuen, eta CD/DVD batean jasotzen zen. Aurrerantzean, Osasun Karpetaren bidez kontsultatu ahalko dira. 

Halere, oraindik ez dago erabat garatua tresna. Oraingoz, eskatzaileak paziente eta erabiltzaileen arreta zerbitzura joan behar du, edo erreferentziazko beste edozein zentrotara, eta eskuratu nahi dituen irudi probak eskatu. Orduan, sarbide datuak emango dizkiote irudiak modu seguruan eskuratzeko. Eskaera egin eta 24 orduko epean egongo dira eskuragarri, era digitalean. Hilabete batzuk beharko dira tresna hau Osasun Karpetaren barruan txertatzeko eta osasun zentrora joan behar ez izateko.

Santanok beste abantaila bat ere nabarmendu du. Esan du irudiak erreferentziazko edozein profesionalekin azkarrago partekatzea ahalbidetuko duela tresnak, eta, ondorioz, diagnostiko gaitasuna handituko dela.

Azken urteetan, «nabarmen» egin du gora Osasun Karpetako erabiltzaileen kopuruak. 2021ean, azkenekoz berritu zutenean, 200.000 pertsona inguru 2,8 milioi aldiz sartu ziren; gaur egun, 6,9 milioi aldiz sartzen dira 500.000 pertsona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.