Osakidetzako oposizioetan izena eman dutenek ilara luzeak sortu dituzte ospitaleetan

Osakidetzako oposizioetara aurkeztu nahi duten milaka lagunek hamar eguneko epea dute dokumentazioa presentzialki aurkezteko

Osakidetzako oposizioetarako aurkeztu ahal izateko egin beharreko izapideen harira, Donostiako ospitalean sortutako ilara. JON URBE / FOKU
Sara Iriarte Lasa
2023ko abuztuaren 3a
16:47
Entzun

Osakidetzako oposizioetarako izena eman duten milaka pertsonak tramiteak egin behar dituzte abuztuko lehen asteetan.Uda garaia dela eta, dokumentazioa aurkezteko joan behar duten ospitaleetako leihatiletan normalean baino administrari gutxiago daude. Gainera, azterketak egin nahi dituztenek hamar eguneko epea dute dokumentazioa aurkezteko. Gauzak horrela, ilara luzeak sortu dira aste honetan euskal hiriburuetan; Donostia ospitalean, Txagorritxun (Gasteiz) eta Basurtukoan (Bilbo).

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak udaberrian jakinarazi zuen Osakidetzarako oposizioak antolatuko zituela. Horrela, 110 lanbide kategoriatan banatutako 7.639 lanpostu eskaini zituen. Lehen azterketak uztailean egin dira, eta irailetik azarora bitarte egingo dira beste hainbat. Iragarpen horren berri izan bezain laster, sindikatuek eta osasun arloko langileek adierazi zuten ez zituztela aintzat hartu sindikatuek aukeratutako datak, azterketak uztailean hasi baitira. Gainera, abuztuan, oporraldian, hautagaiek curriculuma egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Langileek aurrez ere salatu dute lan eskaintza publikoko lanpostu batzuk behin betiko ebatzi aurretik egin zuela Osakidetzak lan deialdi honetarako deia.

Oposizioak egiteko 109.029 lagunek eman dute izena, eta horiek denek epe antzekoetan egin behar dituzte orain izapideak; izan ere, beste espezialitate batzuetarako azterketa egiteko dokumentazioa aurkezteko epea irekitzen ari dira azken bi asteetan. Ondorioz, ilara geroz eta luzeagoa da ospitaleetako leihatiletan.

Azterketa egin ahal izateko, titulazio akademikoak, euskara mailaren ziurtagiria, Osakidetzako edota beste lanbide batzuetako esperientzia egiaztagiriak, nortasun agiria eta gidabaimenaren ziurtagiria aurkeztu behar dituzte, plaza bakoitzean izena emandakoaren curriculuma justifikatzeko, nahiz eta 2018/19ko oposizioetan aurkeztu zuten. Lanpostuaren aldaketa edota igoera nahi duten Osakidetzako langileek ere dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzten.

Aste honetan ilara egiten ari diren hainbatek Osakidetzaren aplikazioaren bitartez aurkeztu dituzte dokumentuak. Hala ere, nortasun agiria derrigorrean aurrez aurre aurkeztu behar dute. Donostiako Ospitalearen ondoan dagoen Gipuzkoa eraikinean hainbat pertsona bost orduz egon dira ilaran, paperak egiteko esperoan.

Ondorioz, egunotan hainbat kexa entzun dira ilara horietan. Hainbat informazio iturrik jaso dituzte. Horra Efe agentziak aste honetan jasotakoak. «Lotsagarria da Osakidetzak plangintzarik ez izatea eta gure oporraldiko orduak tramite bat egiteko ilara egiten pasaraztea. Erregistroetan langile gehiago jarri beharko lituzkete izapide bat egiteko». «Goiz osoak» ilaran egin dituzte hainbatek eta oposizioak egiteko izena eman duten beste hainbat sare sozialen bidez ari dira jakinarazten ilara txikiena non dagoen.

Arazo horren aurrean, Donostiako ESI erakunde sanitario integratuak adierazi du dokumentazioa aurkezteko ordutegia luzatu egingo duela. Donostiako Ospitaleko ama-haurrentzako eraikineko bigarren solairuan, langileen departamentuan, 13:00tik 20:00etara egongo dira hemendik aurrera. Gipuzkoa eraikinean berriz, 8:00etatik 16:30etara.

ESK sindikatuak Osakidetzak deitutako oposizioetara aurkeztu direnen egoera salatu zuen pasa den asteazkenean: «Onartezina da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresa publiko handiena, langileen eta hautagaien curriculuma digitalizatzeko diru publikoaren kopuru handiak gastatu dituena, Osakidetzako azken oposizioetako parte hartzaile guztiei tona bat dokumentazio aurkeztera behartzea. Batzuek dokumentazio guztia baliozkotuta dute, eta orain oporrak eten behar dituzte nortasun agiriaren kopia bat aurkezteko». Sindikatuarentzat, Osakidetzak oposizioetarako izena eman duen jendearekiko «errespetu eza» erakutsi du, eta Osakidetzak hartutako erabakia «zentzugabekeria» gisa definitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.