Osakidetzako lehen arretako langileak berriz grebara deitzea aztertzen ari dira

Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak eginiko bileran 160 langile elkartu dira, eta gehiengoa lanuzteen alde agertu da. Barne inkesta baten arabera, %97 «erreta» daude

Osakidetzako lehen arretako langileek atzo Bilbon eginiko manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Osakidetzako lehen arretako langileen %97 «erreta edo oso erreta» daude. Lehen Arreta Arnasberritzen (LAA) plataformak eginiko inkestaren emaitza da. 840 profesionalek erantzun dute neke profesionalaren sindromearen inguruko galdeketa, eta erdiek oso erreta daudela esan dute. Hiru erretze maila posibleetatik gorenean daude. Administrazio langileen artean, batezbestekoa %57 da.

LAAk Bilbon eginiko bileran eman zuen ikerketaren berri, atzo. 160 langile elkartu ziren Otxarkoaga auzoko udaltegian. Bertan, besteak beste, plataforma elkarte ofizial gisa antolatzeko lehen pausoak ematea adostu zuten. Bildutakoek inkestaren emaitzak aztertu zituzten, eta lan osasun agintaritzari bidaltzea erabaki zuten. «Osalanek lehen arretan ikerketa bat abiatzea nahi dugu», azaldu zuen Markel Brouard LAAren bozeramaile eta behin-behineko kontratua duen lehen arretako medikuak; «bideragarria ote den aztertu behar dugu». Plataformako kideek ez dakite zenbat profesional egon daitezkeen gaixo baimenarekin sindromeak eraginda.

Osakidetza egoeraren jakitun dagoela azaldu zuten, eta, solaskidetza bideak irekita dauden arren, «hitz politak» erabaki bihurtzea nahi dutela. Hori lortzeko, berriz ere mobilizazio dinamikarekin hasteko prest daude. Otxarkoagan bildutakoen bi herenek esan zuten greba egiteko prest daudela. «Greba mugagabea egiteko prest leudekeen ere galdetu dugu, eta kopuru berak eman du baiezkoa», nabarmendu zuen Brouardek. Oraingoz, mahai gainean dago aukera hori. Otsailaren 1ean egingo du LAAk hurrengo bilera, eta orduan aztertuko dute nolako mobilizazioetara deitu.

200 plaza betetzeke

LAAk aspaldi piztu zuen argi gorria lehen arretaren inguruan. Osakidetzan familia medikuen eta pediatriakoen 200 plaza betetzeke daudela salatua dute, eta mediku gabezia hori dela pairatzen duten lan karga handiaren arrazoietako bat. Era berean, badakite zaila dela arazoa azkar konpontzea, baina Osakidetza norabide horretan mugitzen hastea nahi dute. Alde horretatik, ezinbestekoa iruditzen zaie lehen arretako medikuen egoera «egonkortzea». Brouard: «Langileek lanpostuak mantendu nahi dituzte, aldatzen ibili gabe. Fidelizazio nahia aipatu dute».

Medikuen lanaldia «blindatzea» ere eskatu dute. Diotenez, dagozkien baino ordu gehiago sartzen dituzte, eta ohikoa da lanaldia luzatzea. Sartzean eta irtetean fitxatzea begi onez ikusiko lukete, gehiegizko ordu horien arrastoa neurtzeko. Era berean, haien jardunarekin bat ez datozen hainbat lan egin behar ez izatea eskertuko lukete: beste medikuek eman ditzaketen sendagiriak kudeatzea, bulego lanak... Horretarako ESIen sistema berrikusi behar dela diote, eta «autogestio» maila handiagoa lagungarria litzatekeela uste dute, «osasun zentroko lantaldearen inguruan erabaki ahal izateko».

Administrazioko langileei dagokienez, lehen arretan berezituriko administrariaren figura sortzea eskatuko du plataformak. Osasun zentroetako harreretarako nahi du. Figura horren berritasun nagusiak bi lirateke: lanpostura egokituriko formazio berezitua eta aitortza ekonomiko hobea.

LAA ez zen izan atzo lehen arreta hizpide izan zuen bakarra. Gotzone Sagardui Jaurlaritzako osasun sailburuak nabarmenduzuen Osakidetzak lehen arretaren aldeko «apustuari»eutsi dioela, baina zerbitzuaren egiturazko arazoak laster konpontzea zaila dela, «pairatzen ari den mediku gabeziaren erruz». Era berean, ukatu egin zuen larrialdi zerbitzuetan «kolapso edo saturazio» egoerarik dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.