Osakidetzako lau arduradunek utzi dute postua auzia martxan denetik

Giza Baliabideetako zuzendariordeak dimisioa eman du. Hark bideratu zuen Osakidetzaren barne ikerketa; fiskalak txostenean aipatu zuen

Juan Carlos Soto zuzendaria —eskuinean— eta Xabier Balerdi zuzendariordea—ezkerrean—. Biek utzi dute postua. IREKIA.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Beste dimisio bat Osakidetzako zuzendaritzan: kargua utzi du Xabier Balerdik, Giza Baliabideetako zuzendariordeak. EAEko aldizkari ofizialean eman zuten atzo dimisioaren berri. Osakidetzako mediku espezialisten oposizioan iruzurra salatu zuten iaz, eta ordutik kargua utzi duen laugarren arduraduna da Balerdi. Aurretik, dimisioa eman zuten Jon Darpon Osasun sailburuak, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak eta Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendariak.

Balerdi Tolosako Udaleko zinegotzia da ekainetik, EAJren ordezkaria, eta udal gobernuan ardurak ditu —Euskara zinegotzia da—. Lanaldi osoa du hautetsi gisa.

Osakidetzako iruzur salaketari buruzko ikerketa zabalik dago Gasteizko epaitegi batean. Oraingoz hiru sendagile jarri dituzte ikerketapean, hiru epaimahaitan parte hartu zuten medikuak. Osakidetzako arduradunik ez dute oraingoz inputatu. Fiskalak hiru izen aipatu zituen akusazio txostenean: Soto eta Balerdi, eta Andoni Arzelai —Osasun Arretako zuzendaria da hura, eta karguan dago oraingoz—. Hiru arduradun horien izenak txostenean sartu arren, fiskalak ez zuen zuzenean eskatu haiek inputatzeko: epailearen esku utzi zuen zer egin. Oraingoz ez du erabakirik hartu: ez ditu deklaratzera deitu.

Fiskalak 11 espezialitatetan sumatu zituen iruzur zantzuak: zehazki, uste du azterketa egin zuten hautagai batzuek aldez aurretik zutela edukiaren berri. Susmo horiek gorabehera, akusazio zehatza hiru espezialitatetan egin zuen, besteetan ez zuelako modurik izan zehazki inor akusatzeko. Espezialitate hauetako epaimahaikide bana dago ikerketapean: Anestesiologia, Angiologia eta Digestio Aparatua. Epaileak bi delitu aipatu zituen autoan: agirien zaintzan bidegabe jokatzea—dokumentu konfidentzialak behar bezala ez gordetzea—, eta sekretuak aurkitzea eta agertzea—azterketa egin zuten batzuei edukiak filtratu izana—.

Iruzurraren ardura osoa epaimahaietako kide horien gain utzi du Osakidetzak hilabeteotan, nahiz eta testigantza ugarik dioten oposizioetan urteetan egin dutela iruzur hori. Hain justu ere, ESK, LAB eta ELA sindikatuek ohartarazi dute egiturazko arazoa dela iruzurra, ez mediku jakin batzuena. LABek iragarri du Balerdiren dimisioa ez dela «azkena» izango: «Iruzurra ukatuz ezin da eraiki etorkizuneko lan eskaintzetako iruzurra borrokatuko duen eredua». ESK-k uste du «berandu» datorrela Balerdiren kargu uztea, eta gogoratu du hark bideratu zuela Osakidetzak eginiko barne ikerketa: «Aitor dezatela sistema klientelar bat dagoela, eta jar ditzatela neurriak hori amaitzeko». ELAren ustez, ordea, «aurpegi aldaketa» soilik izango da Balerdiren dimisioa, «ez politiken eta hautaketa sistemaren aldaketa».

Udazkenean beste lan eskaintza bat egingo du Osakidetzak, eta jakinarazi du aintzat hartu dituela Arartekoaren eskari batzuk; besteak beste, epaimahaiak zozketaz hautatzea. Beste neurri esanguratsu bat ere hartu du: azterketaren edukia kanpoko profesionalek prestatuko dute —proba teorikoa ez ezik, praktikoa ere bai—. Gainera, azken uneko zozketa batean zehaztuko dute zer ariketa sartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.