Osakidetzako larrialdietako zuzendari kudeatzailea kargugabetu dute

ESK sindikatuak adierazi du Aller kargutik kentzeak ez dituela konponduko kudeaketa taldeak sortu dituen «arazo larriak».

Osakidetzako larrialdi zerbitzuetako egoera salatzeko elkarretaratzea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Sara Iriarte Lasa
2023ko abuztuaren 18a
15:21
Entzun

EAEko aldizkari ofizialean gaur jakinarazi dute Oscar Aller Garcia Osakidetzako larrialdietako zuzendari kudeatzailea kargutik kendu dutela, «berak hala eskatuta». Kargu uztea irailaren 30etik aurrera gauzatuko dute.

Kargu uztearen berri izan ostean, ESK sindikatuak adierazi du neurri hori Osakidetzako larrialdietako langileek egindako mobilizazioen eta salaketen «emaitza» dela. Izan ere, sindikatuak gogorarazi duenez, azken hilabeteetan larrialdietako langileek salatu dute Larrialdietako Zuzendaritzak koordinazio zentroetara bideratu zuen egoera «jasanezina» dela. Era berean, sindikatuak berak egindako salaketak gogorarazi ditu: besteak beste, ZIU mugikorretan eta koordinazio guneetan ordezkapenak egiteko «planifikaziorik ezari» buruzko ohartarazpenaren inguruan. «Horri gehitzen badiogu uda baino lehen Araban ZIU mugikor berria ezartzeko konpromisoa ez dela bete, lotsarik gabe, behar-beharrezkoa zen kudeatzaileak kargua uztea», adierazi du ESK-k.

Hala ere, sindikatuak ohartarazi du Allerrek kargua utzi izanak ez dituela konponduko «kudeaketa talde osoak sortu dituen arazo larriak». Hala, talde horren «erabateko dimisioa» eta Osakidetzako larrialdien zuzendaritzaren eredua «goitik behera aldatzea» nahi dute, langileen lan baldintzak «duintzeko», langileen «benetako» hobekuntza defendatzeko eta zerbitzua «indartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.