Lan gatazkak

Osakidetzako larrialdietako langileek salatu dute egutegi berria ezegonkorra izango dela

Langileek 1.500 orduko egutegia izango dute; eta gainerako orduak zuzendaritzak eskatzen duenean bete beharko dituzte. Biltegietako langileek ere protesta egin dute.

Osakidetzako larrialdietako egoitzaren aurrean kontzentrazioa egin dute langileek. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko maiatzaren 29a
15:03
Entzun

Osakidetzako larrialdietako langileek ezarri nahi dizkieten ordutegiak eta egutegiak salatu dituzte gaur goizean Bilbon. ELA, CCOO, LAB, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuek deituta, larrialdietako egoitza nagusiaren aurrean kontzentrazioa egin dute. Ruth Salaberria larrialdietako medikuak eta ESKren ordezkari sindikalak azaldu duenez, Langraizko (Araba) anbulantzia medikalizatuan «proiektu pilotu» bat egin nahi dute, eta horrek «langileen eskubideak urratuko» ditu.

Anbulantzia horretan hamazortzi langilek egingo dute lan: sei medikuk, sei erizainek eta osasun larrialdietako beste sei teknikarik. «Egun, kategoria bakoitzeko bost langile gaude anbulantzia medikalizatuetan, eta 1.760 orduko kontratua daukagu». Eredu horretan, ordea, langileek 1.532 eta 1.557 ordu bitarteko egutegia izango dute: orain baino 200 ordu gutxiago. «Horrek esan nahi du gainerako ordu horiek bete beharko ditugula, zuzendaritzak eskatzen digunean». Hau da, edonoiz prest egon beharko dute lanera joateko: «Nahi dutenean deitu ahal izango gaituzte, eta lanera joan beharko dugu». Zerbitzuaren «esanetara» egon beharko dute. Salaberriak salatu du egutegi hori «defizitarioa» dela. «Ez dugu oporrik izango, eta bajak gure artean ordezkatu beharko ditugu».

Hori ikusita, Osakidetzako Larrialdietako Langileen Batzordea zuzendaritzarekin harremanetan jarri da, baina ez dute «negoziatzeko borondaterik» erakutsi. Salaberriak adierazi duenez, Langraizko eredua uda aurretik jarri nahi zuten martxan, baina oraindik ez dakite nortzuk izango diren bertako hamazortzi langileak. Era berean, gehitu du Langraizko eredua gainerako Emergentzia taldeetara zabaltzeko asmoa dutela. «Gure eskubideen alde borrokatzen ari gara, baina pazienteen alde ere bai; guk ez badugu ondo deskantsatzen, ezingo diegu behar duten arreta eskaini».

Zentralizazioaren eta pribatizazioaren aurka

Larrialdietako beharginak ez dira izan gaur goizean protesta egin duten bakarrak. ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, biltegietako langileak Gurutzeta, Galdakao eta Basurtuko ospitaleetako (Bizkaia) sarreretan elkartu dira. Osakidetzako biltegien zentralizazio plana salatu dute.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak apirilean iragarri zuen Iurretan (Bizkaia) logistika gune bat egin nahi dutela. Biltegiak bertan zentralizatu nahi dituzte, eta gaur egun daudenak desegin. Mikel Fernandez Basurtuko biltegiko langilearen arabera, horrek lanpostua deuseztatzea eragin dezake: «Oraingoz ez dakigu ezer, baina posible da langile gutxiago behar izatea».

Sindikatuen arabera, gainera, zerbitzua pribatizatuko dute: «Pribatizazioa erabateko opakutasunez egin nahi da, benetako errealitatea ezkutatuz; hau da, egun dauden biltegiak ixtea eta kudeaketa enpresa logistiko bati azpikontratatzea». Osakidetzari exijitu diote proiektua berehala geldiarazteko, horren inguruko informazio guztia eskaintzeko eta zerbitzu guztien titulartasuna eta kudeaketa «%100 publikoa» izatea bermatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.