Osakidetzako lantaldeak osatzeko kudeaketa «negargarria» da, ELAren arabera

Gasteizko Txagorritxu ospitaleko zenbait osasun langilek elkarretaratzea egin dute, Osakidetzak langileak hautatzeko «arazo larriak» dituela salatzeko. Neurriak exijitu dituzte, «lan baldintza duinak eta kalitatezko arreta» bermatzeko.

Txagorritxu ospitaleko osasun langileak, gaur, protestan. KERMAN GARRALDA ZUBIMENDI / BERRIA
Txagorritxu ospitaleko osasun langileak, gaur, protestan. KERMAN GARRALDA ZUBIMENDI / BERRIA
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko martxoaren 28a
14:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Osakidetzako langileek «nazkatuta» daudela oihu egin dute gaur goizeko elkarretaratzean, Txagorritxu edo Arabako Unibertsitate Ospitaleko atarian. Zenbait adarretako ehun profesional inguruk bat egin dute ELA sindikatuak antolatutako deialdiarekin, eta salatu dute Osakidetzak hautaprobak egiteko eta lantaldeak hornitzeko «arazo larriak» dituela; urteetako kontua dela gaineratu dute. Ordu laurden batean Txagorritxuko ospitaleko sarrera-irteera nagusiko eskailerak blokeatu dituzte, jendearen joan-etorria erabat oztopatu gabe.

Protestan banatu dituzten eskuorrietan, langileek ohartarazi dute «kudeaketa negargarriaren» biktimak direla. Kontratazio zerrendei, lekualdatze lehiaketei eta martxan dauden lan eskaintza publikoei dagokienez, egoera «onartezinak» pairatzen ari direla gaineratu dute. Salatu dute Osakidetzak ez dituela bete onbideratzeko iragarritako neurriak. Osakidetza, bete zure hitza oihukatu dute, besteak beste, gaurko mobilizazioan.

Ohartarazi dute egoerak «eragin zuzena» duela enpleguan, lan baldintzetan eta herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatean: «Bukatu da zerbitzuari eusten dioten milaka langile gutxiestea. Prozesu guztiak berehala konpontzeko eskatzen dugu, baldintza duinetan lan egiteko eta kalitatezko arreta bermatu ahal izateko».

Arduradunak, «gezurretan»

2024ko uztailaren 11n iragarri zuen Osakidetzak aldi baterako kontratazio zerrendak eguneratuko zituela, baina zortzi hilabete geroago egin gabe dagoela kexatu dira langileak. Ondorioz, langile batzuek kontratuak galtzeko arriskua dute, sindikatuaren arabera. Gainera, zerrendetan akatsak eta kontsultatzeko arazoak daudela gaitzetsi dute, eta, ondorioz, baztertuen artean dauden pertsona batzuk erreklamatzeko aukerarik gabe gelditu direla.

Halaber salatu dute lekualdatze lehiaketak ere behar baino gutxiago egiten direla. Esan dute horrek kontziliaziorako eskubidea urratzen duela. Etxetik ahalik eta gertuen lan egiteko eskubidea eskatu dute.

Lan eskaintza publikoak ere atzeratuta doaz: urte hasierarako ebatzita egon behar zuen azkeneko deialdiak, baina epeak ez dira bete, eta horrek gainerako deialdiak ere atzeratzea eragin du. Arazoaren zama langileen bizkar utzi dutela kexatu dira gaur.

Arduradunek duela hilabete absentismoaren inguruko datuak zabaldu izanak haserretu egin ditu langileak. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Alberto Martinez Osasun sailburua «gezurretan» ari direla adierazi dute. Adibidez, salatu dute Gasteizko San Martingo etengabeko arreta gunea eta Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzuak berriro ireki direla esatea «propaganda hutsa» dela, izan ere, ez dituzte langile gehiago kontratatu eta beste osasun etxe batzuetatik hara eraman dituzte beharginak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.