Osakidetzako langileen kudeaketa aldatzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Osasun Sailari

EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk adostu dute eskaera. Osakidetzako lan eskaintza publikoen kudeaketa berrikustea eta aldaketak egitea nahi dute.

Alberto Martinez osasun sailburua, pasa den astean, Eusko Legebiltzarrean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Alberto Martinez osasun sailburua, joan den astean, Eusko Legebiltzarrean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
inaut matauko rada
2024ko irailaren 26a
13:40
Entzun

Eusko Legebiltzarrak, legez besteko proposamen baten bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu dio Osakidetzako langileen kudeaketa politika aldatzeko. EH Bilduk egin zuen proposamena, eta, zuzenketa batzuk egin ostean, gobernu koalizioko bi alderdiekin —EAJ eta PSE-EE— adostu du azken testua. Atzo aurreratu zuten akordioa lortu zutela. Gaurko bozketan aurkako boto bakarra izan du proposamenak —Vox—, zazpi abstenitu egin dira —Sumar eta PP—, eta 66k bozkatu dute alde —EAJ, EH Bildu eta PSE-EE—.

Zehazki, onartu berri duten proposamenarekin, Osasun Sailari eskatu diote egungo lan eskaintza publikoak —LEP— finkatzeko prozesuak amaitzeko, baita LEP horien «kudeaketa hobetzeko eta azkar ebazteko neurrietan sakontzeko» ere. Gai horri buruz, Rebeka Ubera EH Bilduko parlamentariak azaldu du osasungintzako langileak gaur egun LEPak egiten ari direla «etengabe», eta hori aldatu beharko litzatekeela. Egoera hori aldatzeko, proposatu du Osakidetzan lanpostu bat lortu nahi dutenak LEP bakar batera aurkeztea, eta hautaketa prozesu horretan lortzen duten nota gordetzea. Uberaren ustez, «betiko okerrak» saihestu behar dira, eta langileen kontratazioan «egiturazko aldaketak onartzeko legealdia izan behar du honek».

Puntu horrez gain, Osasun Sailari eskatu diote ESI eskualde sanitario integratu bakoitzeko premiak aztertzeko, eta horien arabera hartzeko erabakiak. Hala dio legez besteko proposamenaren bigarren puntuak: «ESI bakoitzean dauden asistentzia premien eta beharrezko estalduren balorazioa egitea, eta ESI bakoitzeko langileak antolatzea, zentro bakoitzaren errealitatearen arabera, ordezkaritza organoekin lankidetzan».

Azkenik, Osakidetzako langileen kontsolidazioa hobetzeko formulak aztertzeko eskatu dute mahai sektorialean, eta gaur egun lan eskaintza publikoak egiteko deialdien eredua berrikustea ere exijitu dute.

Aldaketak gobernu berriarekin

Osakidetzaren funtzionamendua izan da azken urteetan EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren kudeaketan gehien kritikatu dituen arloetako bat, bai COVID-19aren pandemiaren garaian, bai pandemiaren ondoren. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari zela, Osakidetzaren funtzionamendua eta kudeaketa babestu zituen, eta kritika guztiak baztertu. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu eta gero, ordea, hilabete gutxian iritsi da Eusko Legebiltzarreko hiru alderdi politiko nagusien arteko akordioa, Osakidetzari buruzkoa hain justu. Hori bera nabarmendu du Uberak, koalizio abertzaleko parlamentariak, azaldu baitu aldaketa nabaritu dutela Urkulluren gobernutik Pradalesenera: «Aldaketa bat ikusi dugu».

Hala ere, EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du gaur onartutako akordioa ez dela «txeke zuri bat», eta «jarraipen zorrotza» egingo diotela. Izan ere, Uberaren esanetan, gaurkoa oinarri eta lanerako abiapuntu ona da, baina Eusko Jaurlaritzak «hitzetatik harago» joan behar du, eta ekintzekin erantzun.

Jon Aiartza EAJko parlamentariak ere aldaketa ikusi du, ez Pradalesen jokabidean, baizik eta EH Bildurenean; baina esan du oraindik ez dela fio. Uberak egungo Osasun Sailaren jarduna ere kritikatu du, eta, horri erantzunez, Aiartzak azaldu du osasun sailburu berria, Alberto Martinez, gaur onartutako legez besteko proposamenaren «aurretik» dagoela. Aiartzaren ustez behintzat, garbi geratu zen hori joan den ostiralean, sailburuak legebiltzarreko batzordean sailaren erronkak eta horiei aurre egiteko politikak zerrendatu zituenean.

Aiartzak gogorarazi du gaur onartu dutenaren gisako proposamenak «gobernua bultzatzeko tresnak» direla, eta eginbide hori goratu du: «Akordio ona da». Hala ere, EH Bilduri galdetu dio ea akordio horrekin bakarrik konformatuko den, eta koherentzia falta leporatu dio koalizio abertzaleari. Hala erantzun dio Uberak: «Koherentzia osoz jokatu dugu».

PSEko legebiltzarkide Ekain Ricok uste du beharrezkoa dela Osakidetzak dituen arazoen «kronifikazioari» buruz hitz egitea, eta lehentasuna «jende gehiago kontratatzea» dela nabarmendu du. Horrez gain, azaldu du EH Bilduren eta koalizio gobernuko alderdien artean ez dagoela ezberdintasun handirik Osakidetzari dagokionez, eta legealdi honetan akordioak lortzeko jarrera eskatu die alderdi guztiei.

Sumarreko Jon Hernandezek azaldu du abstenitu egin direla «zuhurtziaz» jokatu nahi dutelako: «Gobernu honek hitzetatik ekintzetara jauzi egin arte itxarongo dugu». PPko Laura Garridok, bestalde, zerrendatu egin ditu Osakidetzak bere alderdiaren ustez dituen arazoak, euskara eskakizunarena barne. Uste du arazo handia dagoela lehen mailako arretan, eta profesionalen falta dagoela nabarmendu du, betetzeko zailak diren lanpostuetan batez ere. Postu horiek betetzeko merituen lehiaketak lehenesteko eskatu du, eta euskara eskakizunak kentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.