Osakidetzako langileak egonkortzeko baliatu nahi dituzte aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 5.115,8 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean; Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren herena, alegia. Oraindik itxi gabeko sei lan eskaintza publiko (LEP) ebatziko dituzte datozen hilabeteetan.

Alberto Martinez (erdian), gaur, Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordean. IREKIA
Alberto Martinez (erdian), gaur, Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordean. IREKIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko azaroaren 6a
12:00
Entzun

«Osakidetzan lan egiten duten pertsonak dira haren ondasunik preziatuena». Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordean izan da gaur, Osasun Sailak 2025eko ekitaldian izango dituen aurrekontuak aurkezten. Nabarmendu duenez, Osakidetzako langileen egonkortasuna hobetzea da aurrekontuen helburuetako bat, eta, horregatik, urte honen amaieraren eta datorrenaren hasieraren artean 11.000 osasun langile egonkortuko dituzte.

Duela hilabete eta erdi legealdiko helburuen berri eman zuenean jada aurreratu zuen erabakia Osasun sailburuak, baina gaur forma eman dio erabakiari, aurrekontuen parte bihurtu baitu. Azaldu duenez, oraindik itxi gabeko sei lan eskaintza publiko (LEP) ebatziko dituzte datozen hilabeteetan: 2018ko eta 2019ko LEPei dagozkien 3.535 postuak, egonkortzeko LEParen 3.720 eta 2020ko, 2021eko eta 2022ko LEPei dagozkien 3.919 postuak.

Osakidetzaren LEP ereduan «erabateko eraldaketa baten beharra» dago; horretan bat etorri dira Jaurlaritza eta beste eragileak, osasun arloko ituna adosteko bidean Osakidetzaren diagnostikoa egitean. Osakidetzako langileen kudeaketa politika aldatzeko ere eskatu dio legebiltzarrak Jaurlaritzari. Izan ere, lan eskaintza publiko horiek ebatzi gabe egon izanak hainbat buruhauste eragin dizkiete langileei. 2018ko LEParen ondorioz, esaterako, dimisioa eman zuen orduko Osasun sailburuak, Jon Darponek: Osakidetzako oposizioetan iruzurra izan zela esateko zantzu argiak sumatu zituen Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak. Epaiketa oraindik ez da hasi. Beste arazo bat zera izan da, osasun langile asko oposizioak berriro egitera behartuta egon direla maiz, aurrekoak ebatzi gabe zeudelako.

Orain arteko LEPak ebazteaz gain, beste batzuetara deituko dute Osakidetzan. Aurtengoa eta datorren urtekoa onartuko dituzte, eta iazkoaren hautagaitza prozesuei ekingo diete —1.265 posturi eragingo dio—. Hori dena Osakidetzaren mahai sektorialean negoziatzen ari diren eredu berriari segika egingo dute. Izan ere, urriaren 10ean egin zuten bileran, Martinezek LEP eredu berri bat sortzea proposatu zien sindikatuei: hain zuzen ere, «Osakidetzaren hautaketa eta hornikuntza prozesuak arintzea ahalbidetuko duen eredu bat, lantaldea egonkortzeko eta berritzeko beharrei erantzungo diena». Bide batez, azaroaren 28an berrituko dute mahai hori, Osakidetzako hauteskunde sindikalean ostean.

Lehen arreta

Datorren ekitaldiko aurrekontuen beste helburu bat lehen arreta indartzea da, sailburuak azaldu duenez. Hori egiteko, beste LEP baten nondik norakoak ere xehatu ditu: Aurrekontu Legeak xedapen gehigarri bat izango du, betetzeko zailak diren 108 postu lehiaketa bidez har ditzaten familia medikuek. Postu hori eskuratzen dutenak leku horretan gutxienez lau urtez egotera behartuta egongo dira. Luze gabe, postu horiek betetzeko pizgarriak emango dituzte.

Lehen arretaren, etengabeko arretako guneen (EAG) eta larrialdien funtzionamendua hobetzeko plan bat diseinatzea ere aurreikusi dute, eta itxaron zerrendak murrizteko estrategian sakontzea ere bai. Helburu horiek denak betetzeko, Osasun Sailak 5.115,8 milioi euroko aurrekontua izango du; Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren herena, alegia. %4,4 haziko da urte honetatik aurrera, eta duela hamar urtekoarekin alderatuta, %49,26. «Datu horiek guztiek adierazten dute osasun politikak lehentasuna direla gaur egun ere Eusko Jaurlaritzarentzat», nabarmendu du Martinezek.

Erantsi duenez, pertsona bakoitzeko gastua 2.300 euro izatea aurreikusten dute, pandemia aurretik baino 500 euro handiagoa: «Eusko Jaurlaritzak herritarren osasunaren alde egiten duen benetako ahalegina eta apustua adierazten du datu horrek». Osasun Sailaren aurrekontuaren barruan, 4.106 milioi eurokoa izango da Osakidetzarena, aurten baino %4,26 handiagoa.

«Osasun politikak lehentasuna dira gaur egun oraindik ere Eusko Jaurlaritzarentzat. Herritarren osasunaren alde benetako ahalegina eta apustua egiten du»

ALBERTO MARTINEZEusko Jaurlaritzako Osasun sailburua

Diru horren ia bi heren langileen gastuetara bideratuko dituzte, eta 160,76 milioi euro erabiliko dituzte azpiegituretan inbertsioak egiteko. Sailburuak azpimarratu duenez, osasun zentro berriak eraikiko dituzte Bergaran (Gipuzkoa), Donostiako Loiola auzoan eta Laudion (Araba). Oro har 18,73 milioi euro gastatuko dituzte lehen arretako zentro batzuk eraikitzeko eta beste batzuk hobetzeko, eta kopuru hori halako ia hiru erabiliko dute —50 milioi euro— protoi-terapia zentro bat eraikitzeko Donostian. Basurtuko ospitalea handitzeko eta Debagoienekoa (Arrasate, Gipuzkoa) modernizatzeko ere jarriko dute dirua.

Osasun Sailaren aurrekontua osatzen duten atal gehienetan inbertsioa handiagoa izango da, baina ez osasun ikerketarako eta planifikaziorako programan: 1,75 milioi euro gutxiago izango ditu programa horren aurrekontuak, iaz baino %8,96 gutxiago. «Kontu koiuntural bat» da, sailburuaren arabera: «Azken bi urteotan, urteko bi milioi euroren ezohiko inbertsioak egin dira tresna teknologiko berriak eskuratzeko, terapia aurreratuen politikak garatzeko». Diru horrekin ematen dizkiote diru laguntzak BIOEF, Bioaraba, Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Biosistemak institutuei, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.