Osakidetzako filtrazioen auzia ixteko epaiari helegitea jarriko dio LABek

Administrazio publikoaren hautaketa sistema «opakua eta bermerik gabea» dela uste du ELAk, eta CCOOk salatu du auzia argitu gabe itxi dutela.

Donostiako Unibertsitate Ospitalea, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostiako Unibertsitate Ospitalea, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
2024ko abenduaren 13a
16:18
Entzun

Sei urteko instrukzioaren ondoren, Osakidetzako lan eskaintza publikoetako filtrazioen auzia artxibatzea ebatzi zuen atzo Gasteizko Bigarren Instrukzio Epaitegiak. Hemeretzi lagun ikertu dituzte, horietako bi auzipetuta zeuden, baina zigorrik gabe itxi da, beraz, auzia. Sindikatuek ez dute begi onez ikusi erabakia, eta horren aurkako iritziak plazaratu dituzte. LABek, esaterako, artxibatzearen aurkako helegitea aurkeztuko duela iragarri du. ELAk, bestalde, lan eskaintza publikoetan bermerik ez dagoela salatu du, eta, CCOOren iritziz, oposizioen sistemaren irudia zikinduta geratu da.

Osakidetzako langile talde baten salaketek zabaldu zuten, 2018an, bide judiziala. Orotara hemeretzi lagun ikertu dituzte: azterketara aurkeztutako hautagaiak, epaimahaikideak, azterketen egileak... Horietako hamazazpi ikertu, eta beste bi lagun auzipetu zituzten. Hamazazpi ikerturen kasuan, epaitegiak iruzurra egin zutelako zantzurik ez du aurkitu, eta bi auzipetuen kasuan, auzia behin-behinean artxibatu da.

LAB sindikatuak, helegitea iragartzearekin batera, prozesuari berari ere balioa aitortu nahi izan dio. «Helburu nagusia lortu dugu: filtrazioak desnormalizatu ditugu, eta sistema klientelar horrek kolapsatzea lortu dugu», diote ohar batean. Aitortza ere egin diete «Osakidetzan filtrazioak salatu dituzten eta sistema maltzur horren aurrean agertu diren pertsona guztiei, bereziki prozesu judizial honetan aurpegia eman dutenei».

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzaren hitzetan, «azterketetako emaitzak estatistikoki ezinezkoak direla onartzen du epaileak. Bistakoa da gauzak ez direla ongi egin». Auziak argi utzi du, ELAren aburuz, «hautaketa prozesuetan sistema opaku eta bermerik gabea dagoela».

CCOOk uste du auzia itxi dutela oraindik kontu asko argitzeke dauden arren. «Fiskaltzari jakinarazitako egitate horien guztien eta instrukzioan ikertu direnen arteko desproportzioa itzela da». Nahiz eta deliturik egon ez, «oposizioen prozesuak zikintzen duten gertaerak izan zirela iradokitzen du autoak».

Plazak adjudikatzeko oztoporik ez

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinez, aitzitik, gustura azaldu da auziaren artxibatzea dela eta. Haren esanetan, ikertutakoen «zintzotasuna» berresten du ebazpenak, eta, gainera, prozesu judizialaren eraginez adjudikatu gabe gelditutako plazak —2016-2017ko lan eskaintzei dagozkienak— behingoz adjudikatzeko aukera egongo da laster.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.