Urak nahasi dira Osakidetzan. Iragan ostiralean, Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuaren zuzendari kudeatzaile Itziar Perez eta Donostia ospitaleko zuzendari mediku Idoia Gurrutxaga kargutik kendu zituen Osakidetzak. Atzo, beste arduradun batek dimisioa eman zuen: Adolfo Begiristainek, Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariorde medikuak. Begiristainek argudiatu du «desadostasunak» zituela Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiarekin eta Osasun Sailarekin. Ohar batean, arduradun medikuak salatu du Osakidetzak erabakiak hartzen dituela «Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren apeten arabera». Are: osasun sare publikoa «era diktatorialean» kudeatzea egotzi dio Osasun Sailari.
Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren eta Begiristainen arteko desadostasunetako bat da Donostia ospitalea «minbizi peritonealaren erreferentziazko zentro» izateari uzteko erabakia. «Oso-oso arriskutsua den sistema diktatorial baten bidez kudeatzen dute osasungintza», salatu du medikuak.
Ostiralean Perez eta Gurrutxaga kargugabetu izanak haserrea eragin du Donostialdeko ESI erakunde sanitarioan. Erabakia jakin eta berehala, bilera bat egin zuten hango zerbitzuburuek, eta elkarretaratzea egin zuten Donostia ospitalearen aurrean.
PPk azalpenak eskatu ditu
PPko buru Laura Garridok Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduiren agerraldia eskatuko du Eusko Legebiltzarrean, azalpenak eman ditzan Perezen eta Gurrutxagaren kargugabetzeen inguruan. Garridok salatu du kargugabetze horiek direla Osakidetzaren «kudeaketa negargarriaren» ondorio, eta gaineratu du zerbitzua «noraezean» doala.
Osakidetzako krisia areagotu du beste arduradun baten dimisioak
Kargua utzi du Adolfo Begiristainek, Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu