Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistema publikoa indartzeko bost neurri proposatu ditu Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaileak. Gurutzetako ospitalearen (Barakaldo, Bizkaia) aurrealdean egin du agerraldia, gaur goizean, eta Osakidetzako zerbitzuak pribatizatzeari utzi behar zaiola azpimarratu. Are gehiago, «kalitatezko zerbitzua» eskaini ahal izateko, Osakidetzako kontzertazio politikak bertan behera uztea eta sistema «errotik» aldatzea galdegin dio Eusko Jaurlaritzari. Hain zuzen, uste du ordua dela «osasun sistema publikoa hobetzeko neurri zehatzez» aritzeko eta pribatizatutako zerbitzuak —Biocruces, esaterako— publiko bihurtzeko. Aurreratu du LABek ez duela osasun itunik sinatuko langileen gehiengoaren babesik gabe.
Horrez gain, egiturazko langile taldea handitzeko beharra nabarmendu du sindikatuak. Lanpostuen egonkortze prozesua «motel» doala salatu du: «Behin-behinekotasunaren muga %8 dela ezartzen duen Europako agindua bete gabe egongo da oraindik abenduan». Egungo kontratazio sistemaren arabera, zehazki, langileen %54k behin-behineko kontratua dute, eta, gainera, duela bost urteko LEP prozesua amaitu ez izanak egoera zailtzen du. Eredu hori aldatu behar dutela uste du LABek, eta lan baldintzak hobetzeko, politika feministak garatzeko eta ratioen inguruko beste lege bat sortzeko eskatu du.
«Espazio soziosanitario indartsu bat sortu behar dugu instituzio guztien artean; koordinazioaren bitartez, jendearen beharrak aseko ditugu».
GARBIÑE ARANBURULABeko koordinatzailea
Era berean, lehen mailako arreta eta osasun mentalarekin lotutako arazoen arta hobetzeko eskatu du LABeko koordinatzaileak. Batetik, zerbitzu bietan profesionalak falta direla salatu du Aranburuk, eta, gainera, «gaixotasunak prebenitzeko kultura» galdu dela. Hau da, medikuek ohitura hartu dute pazienteak zuzenean ospitalera bidaltzeko edo, bestela, botikak har ditzatela agintzeko. «Ospitalezentrismo handia dago», kritikatu duenez. LABeko koordinatzaileak azaldu duenez, paziente askok zerbitzu pribatuetara jotzea erabakitzen dute arreta sistema horren ondorioz. «Espazio soziosanitario indartsu bat sortu behar dugu instituzio guztien artean; koordinazioaren bitartez, jendearen beharrak aseko ditugu».
Euskararen aurkako erasoak
Amaitzeko, eskatu du Osakidetzako langileak euskalduntzeko plan bat sortzeko, arta euskaraz jasotzeko eskubidea urratu egiten baita, sindikatuaren iritziz. Alde horretatik, Aranburuk salatu du euskararen aurkako erasoak ugaritu egin direla. «Dikotomia faltsuak elikatzen dituzte halako galderak eginez: 'Zer nahiago duzue? Profesional on bat ala euskaraz dakien bat?'». Biak behar direla azpimarratu du Aranburuk berak: «Euskaraz dakiten profesional onak behar ditugu».
Nabarmendu du borondate politikoa dela Osakidetza euskalduntzeko gakoa: «Zuzendaritzak ez du aurkeztu arazo hori konpontzeko irtenbiderik. Hain zuzen, ESIetako zazpi zuzendarien artean, bi besterik ez dira euskaldunak».