Eusko Legebiltzarrean egindako kontroleko osoko bilkuran, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du Osakidetzako itxaron zerrendak murriztu dituztela azaroan, Osakidetzaren jarduera %10 handitu den arren. «Pandemiaz geroztiko azarorik onena izan da», nabarmendu du.
Martinezek emandako datuen arabera, kirurgia arloan batez besteko itxaronaldia 56,7 egunekoa da orain; kontsultetan, 57,7 egunekoa; eta proba osagarrietan, 37,5ekoa. Guztietan 60 egunen langatik jaistea lortu dute: «Espero baino murrizketa handiagoak lortu ditugu».
EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberaren galderari erantzunez eman ditu datu horiek Martinezek. Uberak galdetu du zeintzuk diren hartu beharreko egiturazko neurriak itxaron zerrendak murrizteko. «Arazo konplexua da, lantaldearekin, lan egiteko moduekin, antolaketarekin eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko harremanarekin zerikusia duena; baina, batez ere, kudeaketa arazo bat da», esan du Uberak. Erantsi du horri aurre egiteko moduak, batez ere, autokontzertazioa eta gaixoak osasungintza pribatura bideratzea izan direla orain arte: «Benetako egiturazko neurririk ez dugu ikusi».
Martinezek, berriz, hartutako zenbait neurriren berri eman du. Azaldu duenez, kontratazio programa espezifikoa jarri dute abian lantaldeak indartzeko, eta, horien ondorioz, beste 75 profesional hartu dituzte ospitaleetan; lan gehien duten osasun erakundeen eta lan zama txikiagoa dutenen arteko lankidetza sustatu dute, profesionalak batzuetatik besteetara mugitu ahal izateko; zenbait zentrotan arratsaldeko txanda ezarri dute; sistema informatikoen bidez ebakuntza geletako lana berrantolatu dute, ebakuntzen artean sortzen diren jarduerarik gabeko tarteak baliatu ahal izateko, eta abar.
Arlo pribatura bideratutako kasuen inguruan, Martinezek esan du horiek %65,3 gutxiago izan direla uztailetik urrira.
Erantzunak ez du Ubera asebete, eta «hala moduzko murrizketak egin ordez egiturazko neurriak hartzen» hasteko deia egin dio Martinezi.