Osakidetza

Osakidetzako itxaron zerrendak baliabide propioekin laburtu nahi ditu Sagarduik

Osasun arloko aurrekontuen berri eman dute gaur Eusko Legebiltzarrean: %5,3 handituko dira. Osasun Sailak adierazi du osasungintzan ez dagoela pribatizaziorik 

Internet bidez eskaintzen diren zerbitzuak indartuko ditu Osasun Sailak. MAIALEN ANDRES / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko azaroaren 7a
14:21
Entzun

«Osasun publikoaren alde egitea». Hori da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren helburu nagusia, Gotzone Sagardui sailburuak adierazi duenez. Jaurlaritzaren aurrekontu osoan, Osasun Sailak hazten jarraitzen du: aurten %5,3 igo da. Sagarduiren erranetan, pertsonak dira inbertsio horien helburua, sailak gastatzen dituen hamar eurotatik zortzi gastu sozialera bideratzen baitira. Hala, azken hilabeteotan herritarren kezka iturri nagusia izan den afera ekarri du gogora: itxaron zerrendak. Murriztu nahi dituzte, Osakidetzaren «baliabide propioekin», gainera.

Eusko Legebiltzarrean mintzatu da Sagardui, 2024ko aurrekontuak aurkezteko saioan. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak, baina, galdetu dio nola planteatzen duten itxaron zerrendak Osakidetzako baliabideekin murriztea. Eta erran du haien ustez «deribazioak indartuz» eginen dutela hori, orain arte bezala. Izan ere, Sagarduik berak aitortu du arlo publikotik pribatura bideratu dituztela pazienteak, itxaron zerrendak laburtzeko. Erran du beharbada azkenaldian gora egin dutela bideratze horiek, baina Osakidetzak betidanik erabili duela «erreminta» hori. «Arazoa ez da langile falta; gertatzen dena da arlo jakin batzuetan ez dagoela kontratatzeko profesional nahikorik», zehaztu du.

Ildo horretatik, Osakidetzaren pribatizazioa izan da gaurko saioko gai nagusietako bat. Sagarduik argi erran du: «Osakidetzan ez dago pribatizazioaren arrastorik». Oposizioko alderdiek, baina, kontrakoa erran dute. Datuetan ikus daiteke, adibidez, hein handi batean pribatizatuta dagoen osasun arloko garraioaren aurrekontua %18 igoko dela. Sagarduiren arabera, gasolinaren prezioak eta garraio zerbitzu horren eskariak gora egin dutelako igoko da aurrekontu hori. 2022an 1.300 esku hartze egon ziren eguneko, eta 2023an, 200 kasu gehiago eguneko.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidearen iritziz, ordea, «ez da beharrezkoa» diru publikoaren zati bat arlo pribatura eramatea. Anbulantzien arloan gertatzen dena nabarmendu du: «Gure ustez zerbitzu publiko bat izan behar lukeen hori pribatizatuta dago».

Lehen arreta

Sagarduik adierazi duenez, gainera, lehen arretako hamalau osasun etxetan berrikuntzak eginen dituzte. Horrez gain, gogoratu du 31.011 egiturazko lanpostu dituela Osakidetzak, eta iaz 2.467 lanpostu gehitu zirela; horietatik 358, lehen arretan.

Arlo horretan lan egiten duten mediku eta pediatrek egun bakoitzeko artatu behar duten paziente kopuruak zein izan beharko lukeen zehaztu du Osasun Sailak. Uberak azpimarratu duenez, kopuruak bai, baina horiek betetzeko planteamendurik ez dute aurkeztu.

Lehen arretarekin lotuta, Internet bidez eskaintzen diren zerbitzuak indartuko ditu Osasun Sailak. «Herritarrak Osakidetzatik urruntzen ditu horrek, batez ere zaurgarrienak», erran du Uberak. Sagarduirentzat, baina, «teleasistentzia ez da arriskutsua herritarrentzat, eta ez ditu urrunduko».

Enplegu eskaintza publikoak

Enplegu eskaintza publikoen azkeneko deialdiak ere hizpide izan ditu Sagarduik. Adierazi du 2018-2019ko aldiko eskaintza azkeneko fasean dagoela, eta 3.535 lanpostu egonkortuko dituela. Esan du 2021eko egonkortze deialdiko eta 2020., 2021. eta 2022. urteetako berrezarpen deialdietako probak amaitzear daudela, eta horiek 7.642 lanpostu biltzen dituztela.

Horiek guztiak amaitzen direnean, 11.000 lanpostu baino gehiago egonkortuko dira Osakidetzan, eta bitartekotasun tasa %8ren azpitik geldituko da, Europako legediak eskatzen duen moduan. Horrez gain, adierazi du datorren urtean bertze enplegu eskaintza batera deituko dela, baina oraindik goiz dela xehetasunak azaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.