Osakidetzak zerbitzuak kanporatzeko abian jarritako beste lau lizitazio geldiarazi dituzte. LABek jakinarazi duenez, Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak sindikatuaren salaketak aintzat hartuta baliogabetu ditu lau lehiaketa; hamabost milioi euro baino gehiagoko kostua zuten lizitazio horiek. Zerbitzu hauen pribatizazio prozesuak geldiarazi ditu sindikatuak: Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko barne garraio sanitarioko zerbitzua, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko garbiketa zerbitzua, Emergentziak Osakidetzako zentroen garbiketa zerbitzua eta Gorlizko Ospitaleko garbitegi zerbitzua.
LABek jakinarazi duenez, 193 milioi eurotik gorako hogei zerbitzuren lizitazioak geldiarazi ditu Osakidetzako pribatizazioen aurka borrokan hasi zenetik.
Sindikatuak azpimarratu du bereziki garrantzitsua dela Gorlizko Ospitaleko (Bizkaia) garbiketa zerbitzua geldiaraztea —hirugarren aldia da zerbitzu horren pribatizazioa etetea lortzen dutena—. LABek gogora ekarri du lan hitzarmenean jasota zegoela Osakidetzak bere gain hartuko zuela garbiketa zerbitzu propio bat sortzeko konpromisoa. LABek salatu du hamasei urte pasatuta ere Osakidetzak ez duela bete hitzartutakoa, eta iragarri du lan egingo duela Osakidetzak, gutxienez Bizkaian, garbitegi zerbitzu propioa izan dezan. Gainera, kontuan harturik EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Bilboko Santa Marina ospitaleko garbitegia pribatizatzeko bidea geldiarazi zuela, LABek uste du Osakidetzak gero eta aukera gutxiago dituela antzeko prozesuak abiatzeko.
Bestetik, LABek nabarmendu du langile publikoek egin beharrekoa dela Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko pabiloien arteko barne garraio sanitarioko lana. Eta gogoratu du Sektore Publikoko Kontratuen Legeak argi uzten duela administrazioak lehentasuna eman behar diola lana bitarteko propioekin egiteari: «Ehunka pertsona ditugu zerrendan, Osakidetzaren deiaren zain, osasun garraioko zereginak egiteko. Hala ere, Basurtuko zuzendaritza gezurretan ari da bere pleguetan, ziurtatu baitu giza baliabiderik eta baliabide materialik ez duela lan hori egiteko».
Emergentzietako eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko garbiketa eta desinfekzio lanei dagokienez, berriz, sindikatuak salatu du Osakidetzak kanpoko enpresei lana ematen jarraitu nahi duela. «Zer interes daude lan horiek enpresa pribatuei adjudikatzeko?», galdetu du. LABen ustez, Osakidetzaren asmoak interes orokorraren aurkakoak dira, eta osasun publikoa «desegin» nahi dute.
Kontuan harturik EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Santa Marinako garbitegia pribatizatzeko bidea geldiarazi zuela, LABek uste du Osakidetzak gero eta aukera gutxiago dituela antzeko prozesuak abiatzeko.
Kudeaketa eredua aldatzea premiazkoa dela esan du LABek, eta Osakidetzaren «deskapitalizazioa eta hustuketa» gelditzeko eskatu du. «Ezin da onartu administrazioari dagokion kudeaketa enpresa pribatuen esku uztea». LABen ustez, ezinbestekoa da pribatizazio horiek Osasun Mahaian aztertzea.
Osasunari buruzko foru legearekin, kritiko
Osasunari buruzko Nafarroako foru legearen aurreproiektua aztertu du sindikatuak, eta ohartarazi pribatizatzeko bidea zabalik uzten duela: «Zailtasun asko egon daitezke osasun zerbitzu publikoari eusteko eta herritar guztiei osasun arreta egokia emateko, bai eta langileek gaur egun dituzten lan baldintzak eta eskubideak mantentzeko ere», azpimarratu du.
Sindikatuaren ustez, aurreproiektuak «hutsune asko» ditu, eta Nafarroako Gobernuak dituen asmoen adierazpen ezin argiagoa da: erakunde pribatuekiko lankidetza bultzatzea, Osasunbidearen eta bertako langileen araubide juridikoa aldatzea, osasun eskualde bakarra ezartzea eta langileen arloan hobekuntzarik ez sustatzea. «Lege berria behar dugu, baina aurreproiektu honek ez du betetzen osasun arreta publikoa mantentzeko eta blindatzeko beharko liratekeen neurrietatik bat ere».
Aurreproiektuaren funtsezko zenbait puntu kritikatu ditu sindikatuak. Batetik, azpimarratu du Osasunbideari «enpresa erakunde publiko» izaera eman nahi diotela, eta horrek bidea ematen duela zerbitzuak pribatizatzeko. Bestetik, Osasunbideko langileak lan kontratudun langile bihurtuko dira, eta haien eskubideak aldatuko dira ordainsariei, mugikortasunari, sustapenari eta abarri dagokienez, sindikatuak dioenez. Bestalde, lanpostuak amortizatzeko aukera izango dela salatu du. Horrekin batera, salatu du hizkuntza eskubideen errespetuari buruzko aipamen bakar bat ere ez dagoela legearen helburuen artean.