Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 2025. urtera bitartean Osakidetzako 2.300 mediku eta erizain inguruk erretiroa hartuko dute. Zehazki, datozen hiru urteetan 1.391 mediku eta 912 erizain erretiroa hartzeko adinean egongo dira. Horiek ez ezik, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako beste 63 profesional ere erretiratuko dira epe horretan.EH Bilduk eskatuta, datuok igorri ditu Gotzone Sagarduiren departamenduak Eusko Legebiltzarrera. Txostenak jasotzen duenez, gainera, iaz 189 medikuk eta 233 erizainek erretiroa hartu zuten.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak «kezkagarritzat» jo ditu datuok. Ohartarazi duenez, argi geratu da «premiazkoa» dela Osakidetzako kontratazio politika «goitik behera aldatzea», bistakoa delako aurreikusitako lan eskaintza publikoak ez direla aski Osakidetzak behar dituen profesional kopurua bermatu ahal izateko.
Medikuak, grebara
SMN Nafarroako Medikuen Sindikatuak jakinarazi du otsailaren 1era aurreratu duela lan baldintzak hobetzeko greba mugagabea. Hasieran, sindikatuak otsailaren 15erako deitu zuen lanuztera, baina Nafarroako Osasun Departamentuaren «erantzunik eza» ikusita, greba deialdia aurreratzea erabaki du. Osasunbideko lehen arretako eta arreta bereziko langileak daude deituta grebara.
Bestalde, datorren asteazkenean Nafarroako Ospitaleko ZIU pediatrikoko hainbat langile parlamentuko osasun batzordean izango dira, euren aldarrikapenen berri emateko. Besteak beste, «pazientearen intimitatea eta segurtasuna» bermatuko dituen pediatria unitate egoki bat sortzeko eskatuko dute.
Osakidetzako 2.300 osasun langilek erretiroa hartuko dute 2025era bitarte
EH Bilduk Osakidetzako kontratazio politika aldatzeko eskatu du. Nafarroako medikuek otsailaren 1era aurreratu dute greba deialdia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu