Osakidetzak urtean 180 egunez «murrizketak» egiten ditu lehen arretan, ELAk salatu duenez

Sindikatuak adierazi du azken urteetan ohikoa bilakatu dela osasun zentroak ixtea eta ordutegiak murriztea udan, Gabonetan eta Aste Santuan. Gogorarazi dute Osakidetzak dituen 339 osasun zentroetatik 126tan murrizketak izango direla uda honetan.

Bi herritar Donostiako Antigua auzoko osasun zentrora sartzen. GORKA RUBIO / FOKU
Bi herritar Donostiako Antigua auzoko osasun zentrora sartzen. GORKA RUBIO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko ekainaren 17a
14:00
Entzun

«Beste legegintzaldi baten atarian, Osakidetza duela lau urte baino okerrago dago». Ezkor agertu da Esther Saavedra ELAko Osakidetzako arduraduna gaur goizean egindako agerraldian, eta ohartarazi du egoerak okerrera egingo duela neurririk hartu ezean. Izan ere, ELAren ustez, Osakidetzak «murrizketak» ezartzen ditu urtean 180 egunez —ia urte erdia—, eta salatu dute urtetik urtera murrizketa horiek luzatzen eta hedatzen ari direla, bereziki udan, Gabonetan eta Aste Santuan. 

Osakidetzak udarako iragarritako neurrien arabera, ekainetik irailera lehen arretako 126 zentrotan —guztira 339 daude— hainbat murrizketa egingo direla azaldu du ELAk. Horren larritasunaz ohartarazi du sindikatuak: «Lehen arretako zentroetan itxierekin eta ordutegi murrizketekin jarduten dute 180 egunez. Eta gainerako sei hilabeteetan, ordezkapen faltarekin, hutsuneekin eta langile faltarekin».

«Lehen arretako zentroetan itxierekin eta ordutegi murrizketekin jarduten dute urtean 180 egunez. Eta gainerako sei hilabeteetan, ordezkapen faltarekin, hutsuneekin eta langile faltarekin».

ESTHER SAAVEDRAELA sindikatua

Gainera, ESI erakunde sanitario integratuetako datuei erreparatu die ELAk, eta hainbat ondorio atera ditu eskualde bakoitzean. Adibidez, aurten Bidasoko (Gipuzkoa) eta Arabako Errioxako ESIetan lehen aldiz aplikatuko direla murrizketak, eta Bilbo-Basurtuko ESIan iaz baino %10 murrizketa gehiago izango direla, eta hamar zentroetatik seiri eragingo dietela. 

Etengabeko arretako guneetan (EAG) egoera are larriagoa dela salatu dute. «2022ko ekainean lehen aldiz zabaldu ziren zentro horietako batzuk osasun talde osorik gabe; zehazki, medikurik gabe». Bi urteren buruan, egoera hori «egiturazkoa eta ohikoa» bihurtu dela adierazi du ELAk, eta ageriko bi kasu nabarmendu: Barrualde-Galdakao ESIko EAGak —Laudio (Araba), Basauri, Zornotza eta Lekeitio (Bizkaia)— eta Donostialdeko ESIko EAGak —Hernani, Errenteriako Iztieta eta Zarautz (Gipuzkoa)—. 

Beste kategorietan ere «hutsune nabarmenak» daudela azaldu du sindikatuak. «Osasun zentro batzuetan ez dago pediatratik, eta beste batzuetan, ez da emaginik izaten oporraldietan». Hain zuzen ere, Barrualde-Galdakaoko ESIko emaginak kalera atera ziren ekainaren 6an, sindikatuek babestuta, Osakidetzak udan egin nahi duen langile murrizketa salatzeko. Gainera, salatu dute ez direla oporrak eta erretiroak ordezkatzen, eta horrek lanean ari direnen lan karga handitzen duela. «Otsailean, lehen arretako medikuen 151 lanpostu bete gabe zeuden. Horren ondorioz, egoera beste zerbitzuetara hedatzen da, bereziki ospitaleetako larrialdietara. Gasteizko ospitaleko larrialdiak gainezka ikusi ditugu».

Belaunaldi aldaketarako plan bat

ELAk behin eta berriz salatu du Osakidetzaren egoera erabaki politikoen ondorioa dela. «Langileen batez besteko adina 50 urtetik gorakoa izanik, Osasun Sailak ez du planifikatu belaunaldien erreleboa, eta premiazkoa da». ELAk kaleratutako datuen arabera, 2023tik 2025era 1.454 medikuk eta 912 erizainek hartuko dute erretiroa Osakidetzan.

Gainera, adierazi dute langileen erdiak baino gehiago behin-behinekoak direla, lan kargak handitzen ari direla, ez direla ordezkapenak egiten, eta kontziliazio neurriei trabak jartzen zaizkiela. «Profesionalak egon badaude, baina ez dute lan baldintza horietan lan egin nahi. Horregatik, osasun pribatura edo atzerrira jotzen dute». Sindikatuak aipatu duenez, 2021ean Espainiako 4.130 medikuk eskatu zituzten atzerrian lan egiteko ziurtagiriak, eta horietatik gehienak familiako medikuak ziren: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, zehazki, 78 izan ziren urte hartan bakarrik.

Langile eskasiari aurre egiteko plan bat ere eskatu dio ELAk Osasun Sailari, helburu izanda baldintza egokiak sortzea profesionalek lan ibilbidea Osakidetzan garatu nahi izateko. «Jaurlaritzak aparteko orduak ordaintzeaz soilik hitz egiten du, baina lan baldintzak oro har hobetu ezean, Osakidetzaren egoerak okerrera egingo du».

 2024ko udan ESi-etan egingo diren murrizketak

  • Bilbo-Basurtuko ESIa. ELAren arabera, 2023an murrizketak egin zituzten lehen arretako zentroen %47tan; 2024an, %60ri eragingo diete. 
  • Bidasoko ESIa. 2022an eta 2023an ez zuten murrizketarik ezarri. Aurten lehen arretako zentro guztiei aplikatuko dizkiete.
  • Uribeko ESIa. 2022an murrizketek ESIko zortzi osasun zentrori eragin zieten, eta aurten, berriz, hogeiri; hau da, zentroen %65i. Gogoan izan behar da inguru horretako biztanleria nabarmen handitzen dela udan.
  • Barrualde-Galdakaoko ESIa. Kontsultak itxita egongo diren batez besteko denbora iazkoa halako bi izango da. Iaz hamar egun itxi ziren batez beste, eta aurten hogei. Udan biztanleria ugaritzen den eremuetan daude.
  • Arabako Errioxako ESIa. Aurten lehen aldiz ezarriko dira murrizketak. Gune horretan biztanleriak gora egiten du udan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.