Osakidetzak negoziatzeko duen «borondate falta» salatu dute

Sindikatuen ustez, Osasun Saila «negoziazio itxurak» egiten ari da, eta ez dute aurrerapausorik ikusi.1.079 lanpostuko eskaintza egingo du

2016ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Haserre daude sindikatuetako ordezkariak. Atzo egin zuen Osakidetzako mahai sektorialak bilera Gasteizen, eta sindikatuen balorazioak ez dira onak izan: «Errespetu eta gardentasun falta», «modu desegokiak», «iruzurra» eta antzeko adierazpenak egin dituzte ordezkariek bileraren ondoren. Hamalau puntuko gai zerrenda zuten, baina otsailean egindako bileratik «aurrerapauso gutxi» ikusi dituzte sindikatuek. Aurtengo LEP lan eskaintza publikoa ere izan zuten hizpide: 1.079 lanpostu eskainiko ditu Osakidetzak, horietatik 929 txanda askekoak, eta 150 barne promoziokoak.

Lanpostuak 2014-2015eko LEPean eskaini ez ziren kategorietakoak edo lanpostu funtzionaletakoak izango dira. Lekualdatze lehiaketan iazko lanpostu kopuru eta kategoria berdinak zehaztu ditu, laborategiko teknikarien kasuan salbu, hautaketa eta hornikuntza prozesurik «aspaldian» ez delako egin. Langile kopurua ere handituko duela esan du Osakidetzak: 350 lanpostutik 450era igoko du eskaintza. Hala zehaztu du Osakidetzak. Sindikatuentzat, ordea, ez da nahikoa.

ELA sindikatuko Peio Igeregiren arabera, bileren helburua lausoa da: «Ez dakigu zertarako egiten ditugun, negoziatzeko edo horretan ari garenaren itxurak egiteko». Osakidetzak proposamen berririk egin gabe jarraitzen du, Igeregiren ustez, eta aldaketarako «borondaterik ere ez» du ikusten: «Sakoneko gaietan murrizketak egiten jarraitzen du».

Edurne Agirre LABeko ordezkariaren arabera, «denboran luzatzen ari den sasi negoziazioa» da Osakidetza egiten ari dena, «forma eta eduki aldetik desegokia». Mahai sektoriala metodologiarik eta egutegirik gabe biltzea eta Osakidetzak zehaztutako puntuak «bakarrik» lantzea kritikatu du Agirrek. «Horregatik, hitza hartzea egokitu zaigunean, mahaitik altxatzeko ditugun arrazoiak azaldu, eta negoziazioan txertatzeko bost puntu helarazi dizkiogu arduradunari».

UGTko Ana Vazquezen ustez, langileen eskubideak «marruskatzen» jarraitzen du Osakidetzak: «Lan baldintzak murrizten dituen zirriborro bat aurkeztu digute, eztabaida dezagun. Baina guk benetako negoziazio bat egotea eskatzen dugu. Langileenganako eta ordezkarienganako errespetu falta handia eta iruzurra izan da bilera».

CCOOrentzat, «gidoi, egitura eta emaitza bereko bilerekin aritzea ez da negoziatzea, eta itxura egiten ari dira». Osakidetzako langile talde osoaren kopuru zehatza eta datuak galdegin ditu, «modu eraginkorrean lan egin ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.