Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean izan da gaur Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Osakidetzan abian jarri duten Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planaren nondik norakoak azaltzeko. Osakidetzako administrazio kontseiluak urte hasieran onartu zuen plana, eta 2028ra arte iraungo du. Euskara normalizatzeko 2003an hasitako prozesuari jarraipena eman nahi diote modu horretan.
Plan berriaren helburu nagusietako bat da herritar euskaldunei euskarazko arreta «modu aktibo eta sistematikoan» eskaintzea. Hartarako, neurri sorta bat abian jarriko dute Osakidetzan. Besteak beste, herritarrek hizkuntzari dagokionez zer lehentasun dituzten jakiteak modua emango dio Osakidetzari «asistentzia mailetan behar diren osasun zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala» antolatu ahal izateko, izan lehen mailako arretan, arreta espezializatuan, nahiz buru osasunean. Euskara lehentasunezkotzat jotzen duten pazienteen kasuan, euren identifikazio elementuetan hala adieraziko da, planean zehaztu dutenez. Seinale urdinak e letra izango du alboan, horiei dagokienez.
Paziente eta erabiltzaileekiko harreman telematikoei dagokienez, Osakidetzak ziurtatu egin beharko du komunikazio teknologien bidezko informazioa eta zerbitzuak bi hizkuntza ofizialetan egotea, herritar bakoitzak nahi duen hizkuntzan jardun dezan.
Dokumentazio klinikoari dagokionez, paziente bakoitzari dokumentu klinikoak euskaraz, gaztelaniaz edo ele bietan emango zaizkiola jaso du planak. Horretarako, Itzulbide itzultzaile neuronalaren pilotajea egingo da, pazienteen segurtasun klinikoa bermatuta.
Euskararen erabilera normalizatzeko plana Osakidetzako zerbitzu guztietan ezarriko da. Proposatzen dituen berritasunen artean, hauek dira nagusienak: lehen mailako arretan prozedura bat martxan jarriko da euskara lehenetsi duten pazienteei familia mediku, pediatra, erizain eta emagin euskaldunak eskaintzeko, eta ospitaleetan, espezialitate bakoitzean zenbait profesional izendatuko dira euskara lehenetsi duten pazienteak artatzeko.
Erakunde eta administrazio publikoekiko harremanetan euskarazko komunikazioa egonkortzea ere izango du xede plan berriak, bai eta plantilla elebiduna areagotzeko prozesuarekin jarraitzea ere. Horretarako, profesionalek euskara ikasten eta hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartuko dute, eta Osakidetzako zuzendaritzek euren informazio sistema nagusiak euskarara egokitu beharko dituzte. Azken neurri horri dagokionez, aurrerantzean erosi edo garatuko den sistema informatiko oro bi hizkuntza ofizialetan funtzionatzeko sortu beharko da.
Osakidetzan euskara normalizatzeko 2003an hasitako prozesua da plan berriaren abiapuntu, eta, haren ebaluazioa eginda, euskararen erabilerari eta ezagutzari buruzko hainbat datu eman ditu Sagarduik gaur. Jakinarazi du Osakidetzaren plantillaren erdiak pasatxok egiaztatuta daukala bere lanpostuari dagokion euskara maila. %52 dira baldintza hori betetzen duten langileak: duela hamar urte halako bi. Eta 330.000 paziente inguruk dute euskara lehentasunezko hizkuntzatzat, Sagarduik adierazi duenez.
Alderdien txanda
Taldeen txandan, EH Bilduren izenean Rebeka Uberak begi onez hartu ditu planak jasotzen dituen hainbat helburu, besteak beste euskarazko arreta «modu aktiboan» eskaintzearena. Hala eta guztiz ere, salatu du xede hori lortzeko planak biltzen dituen neurriak «anbiguotasunez» josita daudela. Plana, oro har, «ausarta» dela uste du Uberak, baina mesfidati agertu da betetze mailarekin, aurreko plana ez delako erabat gauzatu. Hori hala, «hitz politetatik harago» urratsak egiteko galdegin dio Sagarduiri.
Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak hizkuntz eskubideak errespetatzearen alde egin du, baina errealitate soziolinguistiko ezberdinak aintzat hartu behar direla ohartarazita. PP+C’s-k eta Voxek «inposaketaz» hitz egin dute, eta euskara «naturaltasunez eta modu adeitsuan» ezartzearen alde egin dute.