Osakidetzak jakinarazi du herritarren % 46 inguruk loaren nahasmenduren bat duela

Emakumeen artean, insomnioa da ohikoena, eta gizonen artean, berriz, apnea. Osasun adituek ohartarazi dute garrantzitsua dela loaren inguruko kontzientzia piztea, osasun mentala, fisikoa eta emozionala ere zaintzeko.

Apnea diagnostikatzeko proba bat, ospitale batean. ALMUDENA ALVAREZ / EFE
Apnea diagnostikatzeko proba bat, ospitale batean. ALMUDENA ALVAREZ / EFE
2024ko uztailaren 24a
15:03
Entzun

Autozainketaren Nazioarteko Eguna den honetan, Osakidetzak zenbait datu plazaratu ditu EAE Euskal Autonomia Erkidegoan loarekin erlazionatutako nahasmenduek azkenaldian zer joera izan duten erakusteko. Datuen arabera, EAEko biztanleria osoaren %46k du loarekin zerikusia duen gaitzen bat. Emakumeen artean, insomnio kronikoa da nagusi; gizonen artean, berriz, apnea.

Insomnioa da loaren gaitzen artean ezagunena, eta kalkulatzen da helduen %10-15ek dutela aldaera kronikoan — hiru hilabetez, gutxienez–. %25-35 dira noizbehinka jasan izan dutenak. Emakumeen artean ugaritu da gehienbat insomnioa. Okerrago eta gutxiago lo egitearekin du zerikusia, eta astean hiru aldiz edo gehiagotan agertzen da. Egunez ere azaleratzen dira hainbat sintoma: besteak beste, logura, nekea eta suminkortasuna.

Bestalde, loaren apnea da nahasmendurik ohikoena gizonen artean.Apnea honetan datza, zehazki: apnea duenari goiko arnasbidea itxi egiten zaio lo dagoen bitartean, eta horrek galarazi egiten du airea eztarritik pasatu eta biriketara iristea.  Sintomen artean daude zurrunga egitea, neke handia izatea, eta lotan egon bitartean arnasketa etetea —apnea deitzen zaie eten horiei—. Gaitza izateko aukerak areagotu egiten da adinean aurrera egin ahala, arriskuak gora egiten baitu 50 eta 70 bitartean.

Gizakiak bizialdiaren herena lotan pasatzen duela dioen esaldi famatua lehen aldiz entzuten duena harrituta gelditu ohi da. Batzuei gutxi irauten die harridurak, eta eguneroko kontuekin jarraitzen dute berehala; beste batzuei, berriz, buruan gelditzen zaie esaldia, eta bizitza beste perspektiba batetik bizi edo ikustera bultzatu. Dena den, loak badu gizakiari zenbait ordu lapurtzea baino egiteko garrantzitsuagorik eta ezin esan, beraz, horretarako bakarrik balio duenik. Adituen arabera, loaren kalitateak nabarmen baldintzatzen baitu pertsona ororen osasuna. Hori bera azaldu du Andrea de Sayas Gallo erizain eta osasun mentalean adituak. Haren hitzetan, «funtsezkoa» da «gizarte osoa ohartzea loa eta atsedena zaintzearen garrantziaz, osasun mentala, fisikoa eta emozionala indartzen eta lantzen laguntzen baitu, eta edozein gaixotasun edo ondoez mental eta fisiko prebenitu».

Hau da, atsedenak oreka fisikoa eta psikologikoa berrezartzen laguntzen du. Loaren kalitate txarrarekin erlazionatutako gaitz batzuk «arrisku faktore nabarmenak dira gaixotasun fisikoak garatzeko; adibidez, alterazio baskularrak eta arazo psikologikoak: esaterako, gogo aldaketak eta antsietate nahasmenduak», irakur daiteke Osakidetzaren webgunean.

Bada, argi dago garrantzitsua dela loa zaintzea eta horren inguruko kontzientzia zabaltzea. Baina zer egin daiteke hori bermatzeko? De Sayas Galloreren arabera, a komeni da hainbat neurri gehitze norberaren eguneroko errutinara. Esaterako, egunero ordu berean esnatzea eta oheratzea gomendatzen du erizainak, baita kirola egitea ere. Horrez gain, tabakorik, alkoholik eta edari bizigarririk ez kontsumitzeko aholkatu du, eta oheratu baino hiru ordu lehenago eta neurrian afaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.