Osakidetzako pazienteen hizkuntza eskubideak bermatzeko prozesuan, «beste tresna bat» izango dela jakinarazi du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak: Osakidetzak e ikurra jarriko die euskarazko arta lehenetsia duten pazienteei erietxeetako identifikazio eskumuturrekoetan. Sinboloa lehendik ere erruz erabili izan dute euskarazko zerbitzuak eta profesionalak identifikatzeko, eta orain urrats hori eginda, bide horretan oraindik ere finago jardun nahi dutela adierazi dute. Gaur Osasun Sailak eta Osakidetzak zabaldu duten oharrean jakinarazi dute orain arte 370.000 pazientek aukeratu dutela euskara «lehentasunezko» hizkuntza izatea.
«Eskumuturreko horietan datu pertsonalak jasotzen dira», azaldu dute. Hain zuzen ere, jasota egoten dira pazientearen izen-abizenak, jaioteguna, historia klinikoaren kodea eta bestelako hainbat xehetasun. Orain, euskarazko arta lehenetsia duten pazienteei e ikurra ere erantsita, haien arta hobetzea espero dute. «Identifikazio eskumuturrekoa elementu oso ikusgaia da, ospitalean dauden pazienteen ibilbide osoan zehar ikus datekeena. Izan ere, nahitaez jartzen da ospitaleko larrialdietara sartu bezain laster, eta ez da kentzen alta eman arte», gogora ekarri dute.
Keinu hori proiektu «zabalago baten» parte dela adierazi dute Osasun Sailak eta Osakidetzak. Eta bide horretan aurrera jarraitzeak berebiziko garrantzia duela nabarmendu dute. «Egoera ahulean dauden pazienteek aukeratutako hizkuntza erabiltzeak segurtasun eta konfiantza espazio bat sortzen laguntzen du, eskaintzen den laguntzaren kalitatea hobetzeko».