Aurrez ere jaso izan ditu Osakidetzak aurkako epaiak greba eskubidea urratzea leporatuta, eta orain tankerako beste ebazpen bat jaso duela jakinarazi du SATSE erizainen sindikatuak. Aurten otsailaren 25erako eta 28rako lehen mailako arretan deituak zituzten greba egunen harira emandako epaia dela esan dute, eta Administrazioaren Auzien Bilboko lehenengo epaitegiak eman duela. Erizainek, fisioterapeutek eta beste hainbat langilek greba egun horietan grebarik egiteko erarik ez zutela izan argudiatuta abiatu zuten auzibidea. Sindikatuaren arabera, epaiak adierazi du bi egun horietan Galdakaoko eta Urdulizko ESI erakunde sanitario integratuetan «gutxieneko zerbitzuen aginduen edukia» urratu zela, Eusko Jaurlaritzak ezarritakoak gaindituz.
Esaterako, larunbatetan jardun ohi duten lantaldeekin jardutea zen grebalarien asmoa, baina atzera bota zien Osakidetzak, argudiatuz ezin zituela herritarrak «zerbitzu jakin batzuk gabe» utzi. SATSEren arabera, epaiak horren kontra egin du orain: nabarmendu du hortik «ondoriozta» daitekeela Osakidetzak osasun artaren «diseinu» bat egin duela zeinean larunbatetan ez baita herritarren osasunerako eskubidea behar bezala bermatzen.
Sindikatuko ordezkariek nabarmendu dute SATSEk «askotan» Osakidetzaren jokaeraren inguruan salatutakoa «frogatzen» duela ebazpen horrek: «Sindikatuen protesta isiltzen saiatzen da». Horiek horrela, langileen «oinarrizko eskubideak» urratzen dituela uste du.