Eguberrietako oporrak bukatuta, atzo itzuli ziren ikasgeletara Hego Euskal Herriko milaka ikasle. Aldaketak nabarituko dituzte: esaterako, Osakidetzak irizpide berriak jakinarazi zituen atzo bertan, eta, aurrerantzean, umeek ez dute egin beharko berrogeialdirik eta probarik ikasgelan positibo bat edo batzuk agertzen badira ere. Salbuespen bat egongo da: gaixo egoteagatik zaurgarriak diren umeak.
Hala dio ikastetxeetara bidali duten oharrak: «Ikasgelako inor ez da hartuko kontaktu estutzat, kasu honetan izan ezik: osasun arriskuko talderen batekoak direnean». Besteak beste, minbizia, gaizki kontrolatutako diabetesa, desnutrizioa edo giltzurrunetako gaixotasunen bat dutenek edo transplanteren bat izan dutenek egin beharko dituzte proba eta berrogeialdia. Halakoetan, gurasoek arduratu beharko dute haurrarentzat proba eskatzeaz, Osakidetzaren webgunean dagoen dokumentua beteta —ezin badute, osasun zentrora deitu dezakete—. Gainera, bakartuta egon beharko dute zazpi egunean, positibo emandakoarekin azkeneko aldiz egon ziren egunetik kontatzen hasita.
Sintomak agertzen diren begiratzeko eta prebentzio neurriak «ahalik eta gehien» zorrozteko soilik eskatzen diete gainerakoei. Halaber, ikastetxeko egoerari erreparatuko diotela nabarmentzen du oharrak: «Ikastetxean egon daitezkeen COVID-19 kasuen kopuruari eta pilaketei erreparatuko zaie, Hezkuntza Sailarekin batera. Egoera epidemiologikoaren eta aukeren arabera, askotariko esku hartzeak martxan jartzea baloratuko da zaintza sarearen bidez».
Nafarroarako irizpidea
Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak ere eman zuen hezkuntzarako aholku bat joan den astean: gomendatu zuen gutxienez bost ikaslek edo ikaskideen %20k positibo eman arte ez ixteko ikasgela bat. Nafarroak irizpide hori beteko duela esan zuen atzo. Zehaztu zutenez, immunoezabatzea dutenek etxean geratu beharko dute zazpi egunean, gelan kasuren bat azaltzen bada; gainerakoek, aldiz, joan egin beharko dute, bost positibo agertu arte.
Konfinamenduez gain, umeek beste neurri berri batzuk ere izango dituzte ikasgeletan. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, hainbat aldaketa egin ditu protokoloan: besteak beste, ikasgela bateko eta besteko ikasleak nahastea debekatu zuen Lehen Hezkuntzan, maskara une oro jantzi beharko dute 6 urtetik gorako ikasleek, eta eskola kiroleko lehiaketarik ez da egongo. Nafarroan, orain arte ezarritako neurriei eutsiko diete, egoera epidemiologikoaren arabera aldaketarik egin beharrik gabe. Ipar Euskal Herrian, berriz, sindikatuak kexu dira, protokoloak ezin dituztela bete iritzita. Egoera salatzeko, grebara deitu dituzte hezkuntzako langileak ostegunerako.
Atzo, ikasleak jaso eta neurri berriak praktikan jartzeko eguna izan zuten ikastetxe askotan. Andoaingo Aita Larramendi ikastolan (Gipuzkoa), «aldaketa handirik gabe» egin zuten ikasgeletarako buelta, Aitor Iriondo zuzendariak BERRIAri azaldu dionez. Eusko Jaurlaritzak urrian neurri batzuk arintzeko aukera eman bazuen ere, horiei eustea erabaki zuten Aita Larramendin, eta, horrenbestez, ikastolako antolaketan ez dute izango aldaketa handirik: «Ikasturte hasieratik jarritako neurriei eusten diegu, egokiak izan direlako orain arte». Argi du zein den helburu nagusia: ikasleen eta langileen segurtasuna bermatzea.
«Arduratuta» datuekin
Neurriak neurri, koronabirusa goraldi betean dago, eta hori ikasleen artean ez ezik irakasleen artean ere nabaritu da. Hego Euskal Herrian, mila irakasle baino gehiago daude gaixoaldian: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 800 baino gehiago sare publikoan, eta Nafarroan, 215. Iaz, atzoko egunez, 212 irakasle zeuden egoera horretan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. «Pandemiaren bolada delikatu batean gaude, eta transmisioa oso handia da. Horrek eragina dauka eremu guztietan, hezkuntzan gehiago ikusten den arren», adierazi du Jokin Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Radio Euskadin. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno «arduratuta» dago lanera joan ezinak ekarri dituen trabengatik.
Sindikatuetan ere kezka eragin du egoerak. ELAk gaitzetsi du ikasleak «inolako aurreikuspenik eta planifikaziorik gabe» itzuli direla geletara. Gainera, salatu dute hezkuntza publikoko zenbait sektoretan Eusko Jaurlaritzak ez dituela egiten ordezkapenak, edo «oso berandu» egiten dituela, sukaldean eta garbiketan, esaterako. Egoera aztertze aldera, sindikatuekin bilera egiteko eskatu diote Hezkuntza Sailari.
Koronabirusa
Osakidetzak ez die gelakide guztiei proba egingo kasuren bat dagoenean
Hego Euskal Herrian mila irakasle baino gehiago gaixoaldian daudela hasi da ikasturtea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu