Osakidetzak etengabeko arretako beste gune bat itxiko duela salatu dute

Donostiako Amara Berri auzoan dago EAG hori, eta elkarretaratze bat egin dute itxiera salatzeko. EAGak ixteak edo haietan murrizketak egiteak pazienteei eta langileei kalte egiten diela ohartarazi dute.

Amara Berriko EAGa ixtearen aurkako elkarretaratzea, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Amara Berriko EAGa ixtearen aurkako elkarretaratzea, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2024ko abenduaren 7a
11:25
Entzun

Donostiako Amara Berri auzoko etengabeko arretako gunea (EAG) itxiko du Osakidetzak, DOPA Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak eta ELA sindikatuak salatu dutenez. Osasun zerbitzu publikoen kontrako «kolpe berritzat» du jo plataformak itxiera: «Milaka donostiarrengan izango du eragina, hemendik aurrera urrutiago dagoen beste EAG batera joan beharko baitute». Asteburuetan eta jaiegunetan eskaini ohi du osasun arreta EAG horrek.

ELA sindikatuak salatu duenez, azken urteotan Gipuzkoan beste hainbat EAG itxi ditu Osakidetzak; Zumaiakoa, Lasarte-Oriakoa, Zumarragakoa, Bergarakoa, Elgoibarkoa eta Donostiako beste bi, hain zuzen ere. Amara Berrikoa itxi izanak zazpi auzotako bizilagunak utzi ditu EAG bat eskura izan gabe, eta Grosekora edo Erdialdekora joan beharko dute hurrengo asteburutik aurrera.

DOPAk, gainera, salatu du erizainei baino ez dietela jakinarazi EAG hori itxiko dutela, ez herritarrei, ez beste kategoria profesionaletakoei. Hori dena salatzeko egin dute elkarretaratze bat, gaur, Amara Berriko osasun zentroaren aurrean. EAG hori ixteak pazienteei ez ezik langileei ere kalte egingo diela salatu du Donostialdeko ESIko erizain Itziar Mujikak: «EAG honetan lanean ari diren gehien-gehienak behin-behinekoak dira. Aste honetan izan dute beren lan etorkizunaren berri, eta ikaragarria da. Esaten dute ez dagoela profesionalik, baina nork egin nahi du lan horrela?».

DOPAko kide Kontxi Rebollok azaldu duenez, EAGak ixteak osasungintza pribatuari egiten dio mesede: «Gizartea zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta gertuago behar du osasun arreta. Adineko pertsona askok zera pentsatuko dute, Groseraino joaten ibili beharrean —gainera, ez dakite medikua izango duten edo ez—, hobe izango dela pribatura joatea. Gutxinaka-gutxinaka eskubideak kentzen dizkigute, azkenean, pribatuan bukatzeko. Hori salatu behar dugu».

Murrizketak

ELA sindikatuak nabarmendu duenez, irekita dauden EAGetan ere izaten dira murrizketak. Askotan erizainek eta zeladoreek osatzen dute lantaldea, eta ez da medikurik izaten. Sindikaturen arabera, kostuak merkatzen dituen estrategia bati dagokio erabaki hori, «askoz merkeagoa baita erizain gehigarri bat kontratatzea medikuaren guardia ordaintzea baino».

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak berak asteon argitaratu ditu EAGei buruzko datuak, EH Bilduren eskariari erantzunez. Osasun Sailaren arabera, ekainetik irailera ez da medikurik izan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EAGetako txanden %10etan. Donostiakoa da egoerarik larriena: Groseko EAGean izandako 36 txandetako 33tan ez da medikurik izan, eta Amara Berrikoan izandako 36 txandetako 31tan ere ez.

Horrek pazienteen segurtasunari kalte egiten diola ohartarazi du ELAk. Adibide hau jarri du: «Gernu infekzioaren moduko kontu errazak ezin dira talde osorik gabe kudeatu eta konpondu, ezin baita beharrezko diagnostikoa egin eta beharrezko medikazioa errezetatu. Kasu larrietan, gabezia horrek ondorio larriagoak izan ditzake». Gaineratu duenez, egoera horrek gainkarga eta estresa eragiten diete langileei, askotan ez dagozkien lanak hartu behar izaten dituztelako. Are, horrek eragin zuzena du ospitaleetako larrialdietan, sindikatuak azaldu duenez: «EAGetan ezarritako murrizketen ondorioz, ospitaleko larrialdietara bideratu behar ez liratekeen pazienteak zerbitzu horretara joaten dira, eta, ondorioz, gero eta maizago kolapsatzen dira».

Ildo horretatik, EAGetarako plan integral bat eskatu dio ELAk Osasun Sailari, itxita daudenak irekitzeko eta guztiek medikua izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.