Osakidetzak errotabirusaren aurkako txertoa jarriko die haur jaioberriei

Nafarroako Gobernuak bezala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere hainbat aldaketa egin ditu txertaketa egutegian, bai helduenean, bai haurrenean. Pneumokokoaren aurkako txerto «aurreratuagoa» hartu ahalko dute 65 urte edo gehiago dituztenek.

Haur jaioberri bat. EFE
Haur jaioberri bat. EFE
edurne begiristain
2025eko urtarrilaren 10a
13:34
Entzun

Joan den astean Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak egin zuen eran, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere zenbait aldaketa egin ditu 2025erako txertaketa egutegian, bai helduenean, bai haurrenean. Azken ebidentzia zientifikoei eta Euskadiko Txertoen Aholku Batzordearen gomendioei jarraituz eguneratu dute txertaketa egutegia. Umeen txertaketa egutegiari dagokionez, Osakidetzak errotabirusaren aurkako txertoa jarriko die 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako haurrei. Hiru dositan emango zaie txertoa: lehen dosia bi hilabeteko haurrei jarriko zaie, eta lau hilabete eta sei hilabete betetzen dituztenean ziztatuko dituzte berriz. Errotabirusak gastroenteritis akutua eragiten du, eta beherakoa, goragalea eta gorakoa sortu, eta, batzuetan, baita sukar handia ere.

Bestalde, Osasun Sailak ordezkatu egingo du pneumokokoaren aurkako txerto bateratua, eta hamabost serotipo hartzen dituena jarriko zaie haur guztiei 2, 4 eta 11 hilabeteren buruan. Aurten jaiotako haurrei ez ezik, 2024an jaio eta aurreko txertoarekin hasitako immunizazio pauta osatu gabe duten umeei ere jarriko zaie txertoa. Hainbat infekzio eragiten ditu pneumokoko bakterioak, tartean sinusitisa, pneumonia eta meningitisa.

Arrisku taldeetako haurrek txerto hori hartuko dute aurrerantzean ere, baina pneumokokoaren aurkako hogei serotipoko txertoa jarriko zaie, egun ematen zaienaren ordez.

65 urtetik gorakoak eta arrisku taldeetakoak

Helduen txertaketan ere aldaketak egingo ditu Osakidetzak, eta 65 urte edo gehiago dutenek aukera izango dute pneumokokoaren aurka egun jasotzen duten txertoa baino «aurreratuagoa» den beste bat hartzeko—txerto berriak barne hartzen ditu hogei serotipo baino gehiago—. Txerto aldaketa pixkanaka egingo du Osasun Sailak, 75 urtetik gorakoekin hasita.

Gainera, zenbait arrisku taldek lehentasuna izango dute pneumokokoaren aurkako txertaketan. Arrisku handikotzat joko dira talde hauek: txertaketa protokoloa hasiko duten GIBdun pazienteak; esplenektomiaren ondorengo lehen urtean dauden pazienteak; kimioterapia hasi baino hamalau egun lehenago gutxienez bertaratzen diren edo tratamendua hasi duten paziente onkologikoak; tratamendu biologikoan dauden pazienteak; giltzurrunetako eta gibeleko transplantea jaso aurreko fasean dauden pazienteak; 4. edo 5. estadioko giltzurruneko gutxiegitasun kronikoren bat duten edo dialisia egiten duten pazienteak; eta zelula ama hematopoietiko autologoen transplante alogenikoa duten pazienteak.

Biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa, diabetesa, giltzurrunetako edo gibeleko gaixotasun kronikoren bat edo patologia kardiobaskularren bat dutenei dagokienez, berriz, Osakidetzak ez du aurreikusten immunizazio aktiborik, eta soilik pneumokokoaren aurkako txertoa jarri ez dutenek hartu ahalko dute txerto hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.