Koronabirusa

Osakidetzak ere atea irekita, Euskal Herri osoan dute gazteek txertatzeko aukera

Ostiraletik aurrera ordua hartzeko era izango dutela esan du Sagardui sailburuak. Onartu du denbora beharko dela: «Ezingo dira denak astebetean txertatu»

Txertaketa gunea, Illunben. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Osakidetzak ere ireki dio txertatzeko atea falta zen adin tarteari: 16-29 urte arteko gazteenari. Osasun sailburu Gotzone Sagarduik jakinarazi zuen atzo erabakia, eta zehaztu zuen ostiraletik aurrera era izango dutela ordua hartzeko aukera, osasun sistemaren webgunearen bidez. Osasunbideak irekia die jada txertaketarako atea gazteei, lehengo astean egin zuten urrats hori, eta hasiak dira gazteak lehen txandak hartzen; Ipar Euskal Herrian ere asteak daramatzate adin mugarik gabeko txertaketa prozesua martxan jarrita. Euskal Herri osoan, beraz, irekita dago gazteak txertatzeko bidea. Azken egunotan COVID-19aren transmisioa batez ere adin tarte horretan hanpatu dela aintzat hartuta, garrantzitsua da albistea, baina ikusi egin beharko da, hala ere, zer bizkortze hartzen duen gazteen txertaketak atzo jakinarazitako azken berriarekin.

Sagarduik berak onartu zuen bukatzen ari direla oraindik goragoko adin tarteen txertaketa prozesua, eta txertoak heltzen diren neurrian txertatu ahal izango dituztela gazteenak. Izan ere, badira erronka gehiago. Hilabete honetan, adibidez, 60-69 urte artekoen txertaketa prozesua burutzea da helburuetako bat, eta 115.000 pertsona txertatu beharko dituzte prozesu horretan. 30-39 urte artekoen txertaketa prozesuan ere buru-belarri ari dira, eta xede zehatz bat dute jarria: taldearen erdia txertatzea. 40-49 urte artekoen txertaketa ere burutzeko dute oraindik: %80an daude orain. Onartu zuen bukatzeko dutela oraindik guztiz Osakidetzako langileak txertatzeko prozesua ere: heldu den astean burutzea da xedea.

Gazteen eskakizun guztiak batera ezingo direla erantzun onartu zuen, beraz. Gazteen taldean guztira 270.000 pertsona daudela zehaztu zuen Sagarduik, eta astia beharko dela talde osoa txertatzeko. «Agendak irekitzeak ez du esan nahi denak astebetean txertatuko ditugunik: ezingo da. Agendak zabalik egongo dira, eta txertoak ailegatzen diren neurrian egingo dira txertaketak». Denaren premia izango da. Adituen artean usu nabarmendu ohi den datua izaten da behin populazio osoaren %70 txertatuta urrats handia egiten dela taldeko immunitatea lortzeko. Eta oraindik falta da. Azken datuen arabera, Hego Euskal Herrian herritarren %60k hartu dute dosiren bat, eta %43,9 txertaketa prozesua burututa daude. Edade tartekako plangintzak, hala ere, babesik gabe utzi ditu gazteak, eta orain talde horretan aurrera egiteak aldatu egin dezake nabarmen egoera.

Uztailean eta abuztuan

Sagarduik zehaztu zuen gazteei txertoa hartzeko irekiko zaien aukera hori zabalik egongo dela uztail eta abuztuan. Geroago dute asmoa orain adinka ezarria duten sistema gainditu eta txertatu nahi duen orori atea irekitzekoa. «Baina, oraingoz, txertoak heltzen diren heinean, ahalik eta jende gehiena txertatzea da asmoa», zehaztu zuen Sagarduik. Prozesuan adi erreparatu behar zaio txertoen iritsiera martxari, eta heltzen ari direla esan zuen Osasun sailburuak: asteon, adibidez, Osakidetzak Pfizer botika etxearen txertoaren 79.500 dosi jasoko dituela adierazi zuen, eta datozen bost egunetarako ez direla gehiago espero. Moderna etxearen 14.400 dosi ere helduko direla esan zuen, eta Janssenen 6.200.

Ikasturte amaieraren harira ikasle gazteek egindako bidaiekin lotuta eta festa giroan ibili diren herrietako kasuen goraldiekin lotuta egin dute osasun administrazioek gazteen txertaketa arintzera. Kezkatuta daude, gainera, agerraldi horiekin batera Euskal Herrian sartzen ari delako birusaren delta aldaera; Osakidetzak onartu du, adibidez, agerraldiotan kasuen herenak aldaera jakin horrek eragindakoak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.