Espaniako Epidemiologia Elkartearen kongresua egin berri da, eta han ikerketa bat aurkeztu dute, Osakidetzako zuzendaritzak eta Biocrucesek egindakoa, zeinaren arabera izurriak eragindako osasun krisiaren ondorioz 2.000 bat tumore geratu baitira atzeman gabe. Zehazki kalkulatu dute baheketa programen bidez bestela atzemango liratekeen 1.897 kasu detektatu gabe geratu direla.
Bularreko minbizia eta koloneko minbizia atzemateko programetan, zehazki, deitu beharreko pertsonen %54 eta %39 bakarrik deitu zirela ondorioztatu dute, eta horrek zenbait gaitz behar baino beranduago atzematea ekarriko duela, eta, ondorioz, zenbait kasu ja gaitzaren oso fase aurreratuetan detektatzea, eta, ondorioz "epe labur-ertainean" eragina izango duela horrek heriotzen datuetan ere. Umetoki lepoko minbiziak atzemateko programari ere erreparatu diote azterlanean: ondorioztatu dute proba egin behar zuten andreen %70i bakarrik egin zitzaiela deia, baina ez dute kalkulatu horrek zer eragin izan dezakeen atzeman gabeko minbizi kasuetan.
Osasun krisiaren eragin gaizto hori onartuta ere, osasun sistemak horren ondorioak "gutxitzeko" neurriak hartu dituela esan dute, eta adi aztertu beharko dela orain horiek zer dakarten. Bularreko minbiziaren kasuan, adibidez, aparteko "arriskua" duten andreei mamografiak egitea lehenetsi zutela gogora ekarri dute. Azaldu dute, halaber, uda honen hasierarako abian zela berriz etendako jardun guztia.