Asteroko intzidentzia datuetan ez ezik, COVID-19ak badu isla gizartean ere, COVID iraunkorra duten pertsonetan. Lehen kasuak agertu zirenetik bost urte igaro diren honetan, Osakidetzak COVID iraunkorra dutenak artatzeko unitatea abiatuko du otsailean, Basurtuko ospitalean, Bilbon. Neurologia eta Erizaintza zerbitzuen mende egongo da, baina, ezinbestean, hainbat diziplinatako profesionalek parte hartuko dute, COVID iraunkorraren sintomak ere asko eta askotarikoak baitira. Hala iragarri du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean.
Otsailaren bigarren hamabostaldian hasiko da kasuak baloratzen eta herritarrei ordua ematen, eta hilaren 26an hartuko dituzte lehen pazienteak, Martinezek emandako daten arabera. «Kasu larriak eta konplexuak tratatuko ditu bereziki», zehaztu du sailburuak.
Oraingoz, Basurtukoa izango da halako unitate bakarra, eta hartan hartuko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pazienteak, baina Osasun Sailak COVID iraunkorra artatzeko unitateak sortu nahi ditu Araban eta Gipuzkoan ere.
COVID iraunkorra dutenek maiz salatu dutenez, haiek eta medikuak galduta daude, medikuek ez dute behar besteko prestakuntzarik, ez da ikertzen COVID iraunkorrari buruz, sistemak ahaztuta dauzka, lan egiteko zailtasunak dituzte, eta oso gutxitan hartzen da COVID iraunkorra laneko gaixotasun gisa.
Euskal Herrian bada COVID iraunkorra dutenen elkarte bat, Long Covid Euskal Herria.