Osakidetzak C hepatitisa guztiz desagerrarazi nahi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horretarako, gaixotasunaren baheketarako programa bat jarriko du abian 2020. urtean. Hala adierazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak, Bilbon egindako hitzaldi batean.
Murgak esan duenez, C hepatitisak kutsatutako 7.500 gaixo inguru artatu dituzte 2015etik medikamentu antibiral berriak erabiliz, eta haietatik %97 sendatu dira. Horretan 93 milioi euro inguru gastatu dituzte.
Orain, beste urrats bat egin nahi dute gaixotasuna hiru herrialdeetatik «guztiz desagerrarazteko» bidean. Bi ildo ezarriko dituzte baheketa programa aplikatzeko: alde batetik, gaixotasuna hartzeko arriskuan egon daitezkeen pertsonei egingo diete proba, esaterako, droga zainetatik kontsumitu dutenei. Beste aldetik, lehen mailako arreta zerbitzuan oinarriturik, analisietan gaixotasunaren ondorio izan daitekeen aldaketaren bat sumatzen dietenei ere egingo diete proba, eta gaixotasuna detektatzeko probarik egiten ez zen garaian odol transfusiorik jaso zutenei.
Programa horrekin, orotara lau baheketa programa eskainiko ditu Osakidetzak, gaur egun koloneko, bularreko eta umetoki lepoko minbizia detektatzeko programak ere abian baitaude. Umetoki lepoko minbizia bahetzeko programari dagokionez, Murgak iragarri du datorren urtean amaituko dutela programa hori EAE Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde guztietara hedatzen.
«Kalitatezko zerbitzua»
Murgak goretsi du Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzua, eta esan du jarraituko dutela «osasun zerbitzu publiko, unibertsal eta kalitatezkoa» bermatzen. Berrordainketan oinarrituriko ereduen kontra azaldu da: esan duenez, eredu horiek ez dute zerbitzu publikoen erabilpena murrizten eta, gainera, herrialde askotan frogatu da emaitzak kaskarragoak direla «kostuaren eta osasun arloko emaitzen arteko erlazioaz denaz bezainbatean».
Lehen mailako arreta zerbitzua ere goraipatu du Murgak. Esan duenez, «euskal osasun sistemaren gotorlekuetako bat» da, eta «erabateko lehentasuna» du bere sailarentzat.
Osakidetzak C hepatitisa desagerrarazi nahi du datorren urtetik aurrera
Gaixotasuna bahetzeko programa ezartzen hasiko dira 2020an, Murga sailburuak iragarri duenez. Horrekin, lau bahetze programa izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu