Osakidetza. Oposizioei buruzko salaketak

Osakidetzak beste lau diziplinatako oposizioak ikertuko ditu orain

Darponek onartu du «arazo bat» dagoela espezialitateetako hautaprobekin, baina ukatu egin du filtrazioa praktika sistematikoa dela. Sindikatu nagusiek sailburuaren eta Mujikaren dimisioa eskatu dute

Jon Darpon Osasun sailburuak bost orduz jardun zuen atzo Eusko Legebiltzarreko osasun batzordearen galderei erantzuten. RAUL BOGAJO / FOKU.
Samara Velte.
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun

Arnasaldi sakona, trago luzea urari, eta itzulpenetarako gailua belarrian ondo jartzeko keinua egin ostean ekin dio Jon Darpon Osasun sailburuak bere agintaldiko une deserosoenetako bati. Hauteskundeak bistan dituela eta «Osakidetzan inoiz egin den lan eskaintza publiko handiena» iragarri ostean, ustez espezialisten hautaketa prozesuan gertatutako irregulartasunengatik kontuak eman behar izan zituen atzo Eusko Legebiltzarrean. Begirada paperean iltzatuta, ohiko gidoiari heldu zion hasieran: «Gu gara auzi hau argitzeko interesdun nagusiak». Bost orduren eta oposizioaren hiru galdera sorta luzeren ostean, ordea, onartu zuen: «Kontziente naiz arazo bat daukagula LEPekin. Bat nator esaten duzuenean LEPa ez dela normala izan, baina ez eredua bera gruyère gazta bat dela diozuenean».

Sailburua ez da bakarrik agertu parlamentarien aurrera. Ustezko filtrazioen auzian zerikusia izan dezaketen beste arduradun nagusiek ere eman dituzte azalpenak, hala nola Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak, Juan Carlos Soto giza baliabideetako zuzendariak, Maite Iruretagoiena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (HAEE) zuzendariak eta baita Jose Muñiz Oviedoko (Asturias, Espainia) Unibertsitateko estatistika katedradunak ere. Hari enkargatu zion Osakidetzak susmopean zeuden lau hautaprobei buruzko ikerketa, ekainean, eta atzo eman zuten hark eta Mujikak ondorioen berri. Hiru irizpide nagusi hartu dituzte aintzat: froga bakoitzeko noten banaketa, azterketa teoriko eta praktikoetan ateratako noten arteko koherentzia, eta osasun zentroen arteko oreka. Txostenak berretsi du azterketa batzuen emaitzak ez direla «estatistikoki normalak»: anestesiologian, adibidez, parte hartzaileen ia erdiek —203 lehiakidetik 96k— zero atera zuten bigarren proban. 45ek, aldiz, puntuazio gorena lortu zuten: 46 postu zeuden jokoan.

Sintoma horiez harago, filtrazioak egon badaudela eta praktika arrunta direla salatu dute jendaurrean hiru sendagilek eta hainbat sindikatuk: epaimahaietan egon ohi diren arduradun medikoek azterketen edukia helarazten dietela aukeratutako hautagaiei. Adierazpenok, ordea, ez ditu aintzat hartu Osakidetzako zuzendaritzaren txostenak. Mujikak azaldu du epaimahai medikoetan ia kideen erdiak (%43) direla buruzagi klinikoak, baina ukatu egin du filtrazioak egiten dituztela: «Zuhurrak izan behar dugu, eta zorrotz jokatu; baina, norbait zigortzeko, frogak behar dira».

Oraingoz, Muñizen azterketa estatistikoan babestu dira sailburua eta Osakidetzako zuzendaria, nahiz eta biek onartu duten txosten horrek ez duela balio filtrazioak frogatzeko edota gezurtatzeko. «Nik ez dut esan filtrazioak egon direnik, ezta egon ez direnik ere, ez baitakigu», adierazi du Darponek. Nolanahi ere, «balorazio bat behar duten auziak topatu» dituztela nabarmendu du Mujikak, eta horregatik beste lau espezialitateetako hautaprobak ikertzeko espedienteak zabaldu dituztela: urologia, medikuntza intentsiboa, traumatologia eta digestio aparatuari dagozkionak. Gauza bera egin zuten anestesiarekin, kardiologiarekin, kirurgia baskularrarekin eta kirurgia plastikoarekin, eta horietatik hiru berriz egitea erabaki zuten gero.

Epaimahaien osaera auzitan

Oposizioak estu hartu ditu osasun arloko arduradunak, eta epaimahaien osaerari buruz galdetu die: haiek diseinatu ohi duten proba praktikoan ez ezik, HAEEri enkargatutako test teorikoan ere antzeman dituzte filtrazio zantzuak. Darponek ihardetsi du epaimahaiak independenteak direla: «Baina horrek ez du esan nahi ezin zaienik jarraibiderik edota aholkurik eman». Iruretagoienak azaldu duenez, HAEEk Osakidetzako profesionalengana jo zuen testak diseinatzeko, baina epaimahaikideek ez zituzten aleak jaso «azterketa baino bi ordu lehenagora arte».

Osakidetzarekin LEPa negoziatu zuten sindikatuek ez beste gehienek ere kritikatu dute sailburuaren agerraldia, eta haren dimisioa eta Mujikarena eskatu dituzte. ESK-k eta CCOOk euren burua zuritzea leporatu diete. «Enplegu publikoko iruzurra bezain gauza larri bat zorroztasunez ikertzea azterketen emaitzei buruzko txosten estatistiko bat egitea dela sinetsarazi nahi digute», salatu du ELAk; LABek, berriz, erabateko aldaketa eskatu du kontratazio ereduan.

Bide politikoaz harago, auzia fiskaltzaren esku ere badago jadanik: ESK, ELA eta LAB sindikatuek salatu zituzten bertan irregulartasunak, jendaurrean agertu diren hiru anestesisten lekukotzekin. Atzo, Mujikaren hitzek nahasmena eragin zuten, ulertarazi baitzuen Osakidetzak ere fiskaltzara joko zuela filtrazioak salatu dituzten hiru medikuen aurka: «Hainbat hautagaik epaimahaikideengana jo zuten galderak edo laguntza eskatzeko. Haiek ez zieten kasurik egin; beraz, horrek ez du frogatzen prozesuetan irregulartasunak izan direnik. Nolanahi ere, erakusten du izangai horiek tentazioa zutela iruzur egiteko. Nabarmendu nahi dut izangai horiek Elkarrekin Podemosekin eta ESKrekin notarioarengana jo zuten berberak direla. Kontu hori jada fiskaltzaren esku dago». Darponek, ordea, zehaztu zuen espediente osoak igorri dituztela fiskaltzara: «Ez dugu hartu Osakidetzako profesional bakanen aurkako neurririk».

«Zerbitzuburuek eta sindikatu batzuek postuak banatzen dituzte»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.