Osakidetzak beren buruaz beste egiteko arriskuan dauden 2.004 pertsona lagundu ditu

Azken hiru urteetan nabarmen egin du gora laguntza jaso duten pertsonen kopuruak: 564 izan ziren 2022an, eta 793 iaz.

Osakidetzako zentro psikiatriko bat. IREKIA
Osakidetzako zentro psikiatriko bat. IREKIA
nerea intxausti
2025eko otsailaren 13a
12:30
Entzun

Osakidetzak beren buruaz beste egiteko arriskuan dauden 2.004 pertsona detektatu eta artatu ditu azkeneko hiru urteetan. Duela hiru urte abiatu zuen Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea, eta Osakidetzak nabarmendu du hori izan dela suizidioa prebenitzeko tresna nagusietako bat. Igoera adierazgarria izan du azken urteetan laguntza jaso duten pertsonen kopuruak: iaz 793 pertsona lagundu zituzten; 2023an, 647; eta 2022an, 564 pertsona.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2019an abiatu zuen jokabide suizidaren eragina, prebalentzia eta inpaktua murrizteko estrategia. Ohar batean adierazi dutenez, COVID-19aren pandemiak zailtasunak eragin bazituen ere, «erakundeek koordinatuta eta zeharka jardun dute lanean jokabide suizida prebenitzeko, detektatzeko eta geroratzeko». 

Osasun esparrutik harago, prebentzioan ere jarri du arreta Osasun Sailak: 024 telefonoren bidez laguntza eskaini du, pediatriako lehen arretan nerabeen depresioa prebenitzeko behaketak egin ditu, eta suizidioaren prebentzioa txertatu du pazienteen segurtasun estrategiaren barnean. Halaber, ikastetxeetan suizidioa prebenitzeko, haren esku hartzerako eta hura geroratzeko plan bat jarri du abian. 

Aurrez aurreko edo Internet bidezko prestakuntza ikastaroak ere jarriko ditu martxan Osakidetzak: Bizi programa. Ikastaro horiek osasun arloko langileei, herritar orori eta kolektibo kalteberei zuzentzen zaizkie, eta arriskuan dauden pertsonak detektatzeko, laguntza eskaintzeko eta baliabide espezializatuetara bideratzeko balio dute. 2022. urtean egin zuten, eta 3.700 pertsona baino gehiago trebatu zituzten. Europako Batzordeak buru osasuneko «etorkizun handiko» praktika gisa hautatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.