OSASUNGINTZA

Osakidetzak 581.600 euro ordaintzen dizkie urtean gotzainei, «pazienteen laguntza espiritualerako»

Apaizen «presentzia jarraitua» bermatzen du hitzarmenak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan.

Donostia Ospitalea, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Ion Orzaiz.
2023ko azaroaren 6a
10:04
Entzun

Osakidetzak lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu zuen iragan ekainean Donostiako, Gasteizko eta Bilboko elizbarrutiekin, «arreta espiritual eta erlijiosoko zerbitzua emateko». Horren arabera, 581.616,85 euro jasoko ditu aurten Eliza katolikoak. Datozen hiru urteetako pagamendua ere bermatua dute gotzainek, baina hitzarmenean ez da kopuru zehatzik aipatzen: soilik alde guztiek «adostasunez» erabakiko dutela urteroko aurrekontuetatik zenbat erabiliko den zerbitzu erlijioso horietarako, «unean uneko baldintzen arabera». Hitzarmena lau urterako da, baina beste horrenbeste urtez luzatzeko aukera jasotzen da agirian.

Hitzarmena ekainean sinatu zuten arren, orain atera da argitara, EH Bilduko ordezkari Rebeka Uberak Eusko Legebiltzarrean hala eskatu ostean. Agiria sinatu zuten, alde batetik, Bilboko gotzain Joseba Segurak —hiru elizbarrutien izenean—, eta, bestetik, Osakidetzako zuzendari nagusi Rosa Perez Esquerdok.

Itunean, zenbait puntutan zehaztua dago zer den Elizak eman beharreko «zerbitzu espiritual eta erlijioso» hori. Batetik, arreta erlijiosoa ematea eta sakramentuak banatzea: bataioak, jaunartzeak, ezkontza elizkizunak, mezak edo hiltzear diren gaixoen azken otoitzak eta oliadura. Bigarrenik, «laguntza erlijioso, espiritual eta humanoa eskaintzea», bereziki, larri dauden pazienteei edo hil berri direnen senideei. Hirugarrenik, «erietxeetako zerbitzu eta profesionalekin koordinatzea». Eta, horrekin batera, «beste entitate batzuekin koordinatzea», babesa, baliabideak edo beste era bateko laguntza eman dezaten.

Beste erlijioen aipamena

Horri lotuta ageri da bosgarren puntua ere: «Beste erlijio edo eliza batzuekin bitartekari lana egitea», pazienteak edo haien senideak beste sinesmen batekoak balira, horren araberako profesionalek artatuak izan daitezen. Hartara, pazienteak berak edo harekin dagoen edozeinek «espresuki» eskatuko balu katolikoaz bestelako erlijioren bateko ordezkarien laguntza, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko elizbarrutiek bideratu beharko lukete zerbitzu hori ere. «Erlijioari dagokionez, euskal gizartean azken urteetan izandako aldaketa» aipatu du Osakidetzak itunaren hitzaurrean, aldaketa hori justifikatzeko. Sinatzaileen irudiko, egungo gizartea «heterogeneoagoa eta pluralagoa» da, eta horrek botere publikoak behartu ditu «kudeaketa eredua egokitzera».

Helburu horiez gain, zenbait betebehar ere badituzte elizbarrutiek; besteak beste, zerbitzu erlijiosoak eskaini ahal izateko baliabideak jartzea, ospitaleetan une oro apaizen «presentzia jarraitua» bermatzea, eta «zaintzaldi lokalizatuak» ezartzea. Osakidetzak, bestalde, konpromisoa hartua du osasun zentro publikoetan «arreta erlijiosorako espazioak» atontzeko, izan bulegoak, kaperak edo otoizlekuak.

Hitzarmena, 1987tik

Hau ez da Osakidetzak eta Eliza katolikoak sinatutako lehen hitzarmena. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 1987. urtean sinatu zuten lehen lankidetza ituna Gasteizko, Bilboko eta Donostiako gotzainekin. Ordutik, hirutan berritu dute: 1994an, 2018an eta aurten.

2018koa da azken-aurreko moldaketa, eta, orduko hartan, orain adostutako diru kopuru bera ezarri zen itunean: 581.616,85 euro urtean. Beraz, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako gotzainek ia 3,5 milioi euro jaso dituzte ordutik, ospitaleetako arta erlijiosoaren truke. Egungo akordioa, gainera, 2026ra arte izanen da indarrean, eta ordurako, Osakidetzak 5,23 milioi pagatu izanen dizkio Eliza katolikoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.