Osakidetzak 2.109 postu egonkortuko ditu, eta beste 358 sortu

Lehen arretan sortuko dituzte postu berriak. Sindikatuek diote lanpostu horiek sortuta ere Eusko Jaurlaritzak ez duela betetzen legea

Sagardui, lehen arretari buruzko hitzaldi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Osakidetzan egiturazko beste 2.467 lanpostu sortzea onartu du Eusko Jaurlaritzak. Horietatik 2.109 orain arte behin-behinekoak izan diren postuak egonkortzeko baliatuko dituzte, eta beste 358 postu ere sortuko dituzte lehen arretan. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi duenez, azken hogei urteetan langile taldean egin den «zabalpenik handiena» da. Urtea amaitu baino lehen deituko dute lan eskaintza publikoa.

Postu berri horiek kontuan hartuta, 30.073 egiturazko postu izango ditu Osakidetzak. Sagarduik adierazi du «enplegu egonkorra eta kalitatezkoa» sortzeko konpromisoari jarraikiz hartu dutela erabakia. Bi arlotan banatu du lanpostu berrien sorrera: batetik, azaldu du baldintza egonkorrei erantzuten dieten behin-behineko postuak daudela Osakidetzan: «Aldi baterako lanpostuak genituen, baina ez zegoen egiturazko posturik langile horientzat». Behin-behineko lanpostu horietatik 2.109 egiturazkoak izango dira orain.

Bestetik, orain arte egon ez diren 358 postu ere sortuko dituzte lehen arretan, «epe labur eta ertainerako osasun beharrei erantzuteko». Pediatrian, administrazioan, fisioterapian, farmazian eta aho-hortzetako osasunean dauden beharrak betetzeko, besteak beste. Azaldu dutenez, abenduaren 31 baino lehen deituko dute postu horietarako lan eskaintza publikoetara.

«Ez da nahikoa»

Sindikatuek, ordea, ez dute begi onez ikusi Sagarduiren iragarpena. LABek adierazi duenez, postu horiek egiturazko bihurtzea «ez da nahikoa», eta esan dute Osakidetzak iragarritakoak baino 1.000 lanpostu gehiago egonkortu beharko lituzkeela «gutxienez». LABen arabera, Osakidetzaren zuzendaritzak osasun publikoa «desegin» nahi du: «Horregatik, zuzendaritzak ez ditu zenbaki horiek onartzen, osasun publikoa desegiteko planekin talka egiten dutelako».

Gogorarazi dute Jaurlaritzak iragarritakoak baino postu gehiago egonkortzeko legezko betebeharra daukala: «Lanpostu horiek egiturazko bihurtuta ere, ez da legea beteko; behin-behinekotasun tasa ez delako %8ra jaitsiko. Osakidetzako zuzendaritzak ez dauka legea betetzeko asmorik».

Azaldu dutenez, Osakidetzan 3.723 postuk daukate egonkortzeko beharra —Jaurlaritzak iragarri dituenak baino 1.256 gehiagok—; horietatik 1.557k bitarteko langile gisa jarduten dutelako Osakidetzan, eta beste 2.166 «iruzurrezko lanpostuak» direlako: «Iruzurrezko lanpostuak direla esaten dugu, behin-behineko kontratuekin lan egiten duten beharginak direlako, sei hilabetean behin berritzen direnak, baina egiturazko langileen funtzioa betetzen dute. Legeak dio postu horiek egonkortzea derrigorrezkoa dela».

«Propaganda da»

ELA ere ez du ase Sagarduiren iragarpenak, eta iragarri du, gainera, helegitea aurkeztuko diola neurriari. Izan ere, salatu du datu hori iragartzea «propaganda» dela, eta horrek ez dituela hobetuko langileen baldintzak: «Ez dira lanpostu berriak izango, ez da langile gehiago izango lan zentroetan, eta ez dira hobetuko plantillaren lan baldintza prekarioak».

Esaterako, esan dute lehen arretan sortuko diren postuek ez dutela konpontzen arazoa: «Lehen arretan 5.000 langile inguru daude, eta kategoria guztietan gainkarga sistematikoa da; lan karga hori ez da arinduko 358 plaza berrirekin».

LABek bezala, salatu du egiturazko egingo dituzten lanpostu horiek jada existitzen direla, baina ELAk gehiago igo du behin-behineko kontratuekin lanean dabiltzanen kopurua: «5.000 inguru dira».

Sindikatuak Osakidetzari eskatu dio, batetik, «behin-behinean dauden 5.000 plazei egiturazko lanpostuak direla aitortzeko», eta, bestetik, «lan kargei erantzungo dien lanpostu berriak sortzea» ere eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.