Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainan, alderdi politiko guztiek beren mezuen ardatz izan zuten. Sindikatu nagusiek, adituek, elkargo profesionalek eta herri plataformek ere urteak daramatzate aldarrikatzen. Eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari bihurtu bezain laster ere legegintzaldiaren zutabe bihurtu du Imanol Pradalesek. Osakidetza hobetzea da herritarren aldarrikapen nagusietako bat, eta, ildo horretatik, mugarri bat ezarriko du Jaurlaritzak gaur. Osakidetzaren aldeko herri ituna adosteko lehen bilera egingo dute Bilbon.
Lehen bilera horretara iritsi arte egin dute ja bide bat. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistema izan zuten hizketagai lehendakariak eta eragile politiko, sindikal eta sozial nagusiek, Pradalesek kargua hartu ostean egin zuen bilera sortan. Bilera horiek bukatzean, lehendakariak nabarmendu zuen «zumeak» badaudela itun bat egiteko: «Euskadik merezi du osasunaren aldeko itun handi hau: egin dezagun».
Alderdiak, sindikatuak, elkargo profesionalak eta osasun alorreko eragileak bilduko dira Jaurlaritzarekin osasun arloko itun bat adosteko asmoz. Ez denak, ordea: ELAk erabaki du ez duela parte hartuko, ez duelako uste Jaurlaritzak «osasun politikak aldatzeko borondatea» duenik. OPA herri plataforma eta ESK sindikatua, berriz, ez dituzte bilerara gonbidatu.
Gaurko bileran, Pradales eta Alberto Martinez Osasun sailburua izango dira, eta, ondorengoetan, Martinez izango da buru. Bileretan, Javier Meana EHUko Farmakologia katedraduna arduratuko da alde guztiek egindako ekarpenak koordinatzeaz.
Epeak
Jaurlaritzak sei hilabeteko epea zehaztu du osasun arloko ituna erdiesteko: datorren urteko martxorako ituna sinatuta egotea nahi dute. Ordura arte, ordea, prozesua hiru alditan bereizi dute. Gaurko bileran, Jaurlaritzako ordezkariek hiru dokumentu emango dizkiete mahaikideei: egutegia, metodologia eta euskal osasun sistemaren diagnostiko bat. Azken horren inguruan eztabaidatuko dute urriaren hasierara arte. Jaurlaritzak proposatutako diagnostikoa osatuko dute eragileek beren ekarpenekin, kritikekin eta iradokizunekin. Aurreikusi dute hilabete batean diagnostiko bateratu bat izatea.
Behin hori eginda, Osakidetzaren ardatz izan beharko liratekeen printzipioei buruz eztabaidatuko dute. Bigarren aldi horretan ere Jaurlaritzak proposamen bat helaraziko die aldeei, eta metodologia berari jarraituko diote, denek adostutako printzipio batzuk zehaztu arte.
Ondoren, mamira joko dute: etorkizuneko lerro estrategiko nagusiak eta ekintza zehatzak eztabaidatu eta adostuko dituzte. Ituna sinatu ostean ere akordioaren jarraipena eta ebaluazioa egingo dute legealdia bukatu arte.
Hori da paper gainean dagoena. «Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia» dela aldarrikatu dute osasun arloko ituna adosteko mahaia osatuko duten eta kanpoan geratu diren denek.
Zertarako?
Beharrezkoa da osasun itun bat? Galdera horri erantzun diote gaurko bilerara deituak izan diren hainbat eragilek —EAJ, EH Bildu, PSE-EE, LAB, SME sendagileen sindikatua eta SATSE erizainen sindikatua—, eta han izango ez diren beste bik —ELAk eta Osatzen familia medikuen elkarteak—. Zenbait kontutan bat datoz: esaterako, inork ez du ukatzen Osakidetzak hainbat arazo dituela. Arazoak zeintzuk diren, eta nola konpondu behar diren, buru adina aburu dituzte, baita Eusko Jaurlaritzak bultzatutako osasun arloko itunaz ere.
Jon Aiartza EAJko legebiltzarkidearen ustez, ituna beharrezkoa da, eta herri ikuspegitik egin behar da, eta ez alderdi ikuspegitik, «osasuna gizartearen kezka nagusietakoa delako, osasuna daukagun gauzarik garrantzitsuena delako eta gaur egun ditugun arazoak konpondu behar ditugulako». Antzeko mezua helarazi du PSE-EEko legebiltzarkide Ekain Ricok, eta nabarmendu du itun bat elkarrizketaren bidez erdietsi daitekeela soilik: «Ez da konfrontazioaren garaia».
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, ituna beharrezkoa izango da, herritarrek kalitatezko arta jasotzeko neurriak jasotzen baditu: «Diagnostiko zorrotz batean oinarritzen badira, lagundu dezakete norabidea zehazten, planifikazioa hobetzen, egon daitezkeen korapiloak askatzen eta zabuka jarduteko inertziak baztertzen».
SMEko eledun Nestor Morchonek uste du Jaurlaritzaren borondatea ona dela, baina zaila izan daitekeela akordio bat lortzea. SATSEko idazkari nagusi Amaia Mayorrek ere txalotu egin du entzuteko borondatea: «Bada garaia Osakidetzaren kudeaketa eraginkor bat martxan jartzeko».
LAB sindikatuko Xabier Ugartemendiak uste du beharrezkoa zera dela: «Azken hamarkadetan EAJk lideratutako gobernuen eskutik Osakidetzak pairatu duen eta pairatzen ari den gainbehera zuzentzea». ELAko Pello Igeregik arazoa konpontzeko borondatea eskatu dio Jaurlaritzari, eta Osatzen-eko Gorka Maizek fokua ondo zehazteari eman dio garrantzia.
Eskariak
Eragile politikoek, sindikalek eta sozialek denetariko eskariak egiten dizkiote osasun arloko ituna adosteko mahaiari. Osatzen-eko presidenteak hiru elementu nabarmendu ditu: «Aldez aurreko hausnarketa bat behar du, parte hartzea eta berehalako aldaketa erreala. Osatzen ez da deitua izan, baina espero dugu lehen arretako beste eragile batzuk egotea». SATSEko idazkari nagusiak, parte hartzearen ildotik, nabarmendu du aintzat hartu beharko dituztela eragile guztien ekarpenak. Erizainen, erizain espezialisten eta fisioterapeuten ikuspegia helaraziko dute: «Gakoa da Osakidetzaren arazoa konpontzeko».
SMEko eledunak, berriz, zera aitortzeko eskatu du: «Mediku falta da arazo nagusia. Ez badugu errealitate horretan bat egiten, oso zaila izango da akordio bat lortzea». EAJko ordezkariak «jarrera koherentea eta eraikitzailea» eskatu die beste mahaikideei, eta LABekoak berretsi du EAJren ereduak «gainbehera» ekarri duela, eta horri buelta eman behar zaiola.
Antzera mintzatu da EH Bilduko legebiltzarkidea ere: «Gaur egun indarrean dagoen pertsonal politika baztertzeko eskatzen dugu, baita klientelismoa, EPE eredua, kudeaketa eredua, pribatizazioa eta herritarrak Osakidetzako gobernantzatik kanpo uzteko eredua ere».
ELA sindikatuak uko egin dio ituna adosteko eztabaidetan parte hartzeari, eta Pello Igeregik osasungintzaren mahai sektorialari erreparatu dio: «ELAk parte hartzen duen eta martxan den Osasungintza mahai sektorialean ez daitezela aldebakarrez neurriak inposatu, uztailean aparteko orduekin gertatu bezala. Mahai hori blokeatuta dago, eta garaia da edukiz hornitzeko eta negoziazio zintzo bat bertan abiatzeko».
Lehentasunak
Lehen mailako arreta indartzea, hori da gaurko bileran parte hartu dutenen lehentasun handienetako bat. Uberaren arabera, «ezinbestekoa» da osasun langileek eta pazienteek elkar ezagutzea eta jarraitutasuna bermatzea. Horrekin bat egin du Morchonek, eta erantsi du hori lortzeko «medikuen ihesa» eragotzi behar dela. Ugartemendiak nabarmendu du hori egiteko modua egoiliarren egoera zuzentzea eta ratioen inguruko araudi berri bat egitea dela. Lehen arreta indartzeko, zera egin behar da, haren ustez: «Aurre egin behar zaio langileen egonkortze faltari, eta behin-behinekotasunak edo errotazioak eragindako egoerari».
Gainera, erantsi du gaixotasunen prebentziorako kultura indartu behar dela. Ildo horretatik segitu du Mayorrek: «Lehen arretak entitate propioa, baliabideak eta prestigioa izan behar ditu, osasunaren ikuspegitik artatzeko, eta ez soilik gaixotasunarenetik». Maizek adierazi du egitura propio bat eduki beharko lukeela. Batetik, lehen arretako zentro guztien koordinazio egokia galdegin du. Bestetik, osasun zentroen autonomia.
Osasun langileen lan baldintzak duintzea ere lehentasun bat da eragile gehienentzat. «Osasungintza publikoak langileak behar ditu, eta kontratu egonkorrak», nabarmendu du Igeregik. Ugartemendiak, zera: «Lantaldea indartzea, kontratazioak eginez, lanpostuak egonkortuz eta lan baldintza duinak ezarriz». Finean, «adabaki eta salbuespen neurrietan» oinarrituriko pertsonal politika «errotik» aldatzea lehentasun bat da Uberarentzat.
Mayorren ustez, pertsonal politika egoki batek bide honi jarraitu behar dio: «Lan baldintzen akordio erregulatzailea berritu behar da; 2009koa da». Lantaldeekin lotuta, Morchonek uste du beharrezkoa dela medikuen zereginak medikuek egitea bermatzea: «Medikuak ez direnek gure eskumenak eskuratzeak arriskuan jartzen ditu pazienteak eta beste lantaldeen segurtasun juridikoa». Ricoren ustez, Osakidetzako langileen kopurua handitu behar da.
Pribatizazioari aurre egitea da beste proposamen bat. «Orain martxan daude beste esparru batzuk ere pribatizatzeko prozesuak: ikuztegiak, biltegiak, erresonantziak... Politika neoliberala eta klientelismoa amaitu behar dira», ohartarazi du Ugartemendiak.
Euskara eta euskaldunen hizkuntza eskubideak ere mahai gainean daude. «Herritarrak aukeratu duen hizkuntzan eskaintza aktiboaren bidez eman ahal izan beharko da arta, eta profesionalak aukeratu duen hizkuntzan lan egiteko eskubidea errespetatuz eskaini ahal izan beharko da», Uberaren arabera.
Aiartzak ez du aurreratu zeintzuk izango diren EAJren lehentasunak.