COVID-19aren izurriak izan dezakeen bilakaeraren harira, Osakidetza «adi-adi» dagoela esan du Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak. Osasun Sailak astelehenean ohartarazi zuen datuetan igoera izan dela, eta, atzo, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, Zupiriak esan zuen egoeraren aurrean «kezka eta arreta» izango dutela aurrerantzean ere. Ardura hori bereziki 60 urtetik gorakoekin eta aurrez eritasunen bat dutenekin dutela esan zuen, gaitzaren ondorioak erasokorragoak izaten baitira usu haientzat. Esan zuen kasuen gorakada, oro har, Europa osoan gertatzen ari dela, eta herrialde guztiak ari direla aztertzen zer estrategia ezarri egoera honetan. Ospitaleetan gertatzen ari denari tentuz erreparatu behar zaiola onartu zuen. Badira motiboak horretarako: hilabetean %42 egin dute gora COVID-19agatik ospitaleratuek.
Tximino baztanga
Espainiako Gobernuak gogortu egin ditu tximino baztangarekin kutsatutako pertsonentzat gomendatutako jarraibideak. Behin bakartze aldia amaituta, ondorengo hamabi asteetan sexu harremanak izateko preserbatiboa erabiltzea komeni dela esan dute. Era berean, adierazi dute taldean sexu harremanak izateko propio erabiltzen diren lokaletan-eta garbitasun neurriak-eta zorroztu egin behar direla. Gertuko kontaktuek ez dute berrogeialdirik egin beharko, baina urritu egin beharko dituzte harremanak.
Osakidetza pandemiari so «adi-adi» dagoela adierazi du Zupiriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu