Osakidetza eraldatzera deitu du Pradalesek osasun arloko itunaren lehen bileran

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du «beharrezkoa» dela Osakidetzan egiturazko erreformak martxan jartzea. Ikuspegi prebentiboa izatea eta osasun langileen lan baldintzak hobetzea proposatu du.

Osasun arloko itunaren lehen bilera, gaur, Bilboko Bizkaia aretoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Osasun arloko itunaren lehen bilera, gaur, Bilboko Bizkaia aretoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko irailaren 5a
14:00
Entzun

Osakidetzaren aldeko herri ituna erdiesteko lehen bilera egin dute gaur Eusko Jaurlaritzak, alderdi politiko nagusiek, sindikatuek —ELAk ez du onartu gonbidapena— eta osasun arloko hainbat eragilek. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da buru, eta, bilera hasi aurretik, nabarmendu du mahaia osatzen duten denek helburu komun bat dutela: «Euskal osasun sistema bikaina edukitzea, Europan erreferentea izango dena». Azpimarratu du Osakidetza eraldatzeko beharra dagoela, eta galdera honi erantzun beharko diola osasun arloko itunak: «Nola eralda dezakegu gure osasun sistema, datozen hamarkadetan ere erantzun dezan?».

Lehendakariak zehaztu du osasun arloko ituna epe luzera pentsatuz adostuko dutela, Osakidetza «eraldatzeko urratsak» eginda, eta «oinarri sendoak» ezarrita: «Lehen arretari erreparatzea eta itxaron zerrendak laburtzea baino gehiago da hau. Gure sistema eraldatzeaz ari gara, osasunean hezteko, osasuna sustatzeko, prebentzioa lantzeko, eta, jakina, bermatzeko gure sistemak erantzuteko beharrezko tresnak eskainiko dituela hala behar izanez gero. Egoerak hala eskatzen duenean lehen mailako osasun arreta bermatzeko».

«Pazientea erdigunean duen osasun eredu jasangarri eta parekide bat lortzea ezinbestekoa da etorkizunean Euskadiko herritarren ongizatea bermatzeko», adierazi du Jaurlaritzak. Nabarmendu du «beharrezkoa» dela egiturazko erreformak martxan jartzea. Horretarako, zera behar dela uste du: ikuspegi prebentibo bat, osasun eta gizarte zerbitzuen arteko integrazioa, osasun langileak «konprometituta» sentiarazteko lan baldintzak, eta komunikazio «argia eta zintzoa», besteak beste.

Bestela, zera: «Aldaketa sistemikorik gabe, sistema, zeina kronikoki gainkargatuta dagoen eta erantzuteko gaitasun mugatua duen, behartuta egongo da ohiko krisietan erreakzionatzera. Zerbitzuen kaltetze jarraitu bat ekarriko du horrek, COVID-19aren pandemian gertatu den moduan».

Helburu nagusiak

Osasun arloko itunaren bost helburu nagusien berri eman du Jaurlaritzak. Lehenik, osasun sistema publikoaren unibertsaltasuna bermatzea ezarri dute xedetzat: herritar guztiek osasun zerbitzuak erabiltzeko aukera bermatzea, haien egoera sozioekonomikoa edo bizitokia kontuan hartu gabe.

Bigarrenik, artaren kalitatea hobetzean jarri dute soa, eta «bikaintasuna» bilatzean. Hirugarrenik, garrantzia eman diote sistemaren jasangarritasuna bermatuko duten neurriak martxan jartzeari. Epe luzerako neurriak izan beharko direla zehaztu dute, eta hiru oinarri izan beharko dituztela: efizientzia, berrikuntza, eta baliabideak egoki erabiltzea.

Laugarrenik, herritarren parte hartzea nabarmendu dute: osasun politikak egiteko garaian herritarren ahotsa aintzat hartzea da beste helburu bat, eta «administrazioaren eta herritarren arteko elkarrizketa eta gardentasuna» bultzatu nahi dute horretarako. Bosgarrenik, osasunaren prebentzioa eta sustapena lehenetsiko duten politikak bultzatzearen alde egin du Jaurlaritzak.

Ekarpenak, «garrantzitsuak»

Helburu horiek betetzeko, alde guztien ekarpenak «oso garrantzitsuak» dira, Pradalesen esanetan, eta zehaztu du kontuan hartuko dituztela osasun sistemako profesional guztien ekarpenak. Eusko Jaurlaritzarekin ituna egiteko lanetan aritu dira —eta arituko dira— medikuen, erizainen, farmazialarien, psikologoen, odontologoen, gizarte langileen, fisioterapeuten, biologoen eta albaitarien elkargo ofizialak; EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP eta Sumar alderdi politikoak; Osakidetzako mahaian ordezkaritza duten sindikatuak —LAB, CCOO, UGT, SME eta SATSE; ELA ez, uko egin baitio parte hartzeari—; EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea; Confebask eta pazienteen elkarteak.

ELAk asteon jakinarazi du ez duela uste Jaurlaritzak «osasun politikak aldatzeko borondatea» duenik, eta horregatik egin diola uko osasun ituna lortzeko bileretan izateari. Gainera, OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak koordinakundeak argitu du ez duela jaso bileran parte hartzeko gonbidapenik. Lehendakariak zera esan du gaur: «Mahaia zabala da, eta irekita dago beste batzuk ere etortzen badira lanera».

Diagnostikoa

Gaurko bileran, Alberto Martinez Osasun sailburuak 264 orrialdeko dokumentu bat eman die mahaikideei, eta horren gainean ekin diote diagnostikoaren fasea lantzeari. Horren inguruan eztabaidatuko dute urriaren hasierara arte. Jaurlaritzak proposatutako diagnostikoa osatuko dute eragileek beren ekarpenekin, kritikekin eta iradokizunekin. Aurreikusi dute hilabetean diagnostiko bateratu bat izatea.

Jaurlaritzak mahai gainean jarritako diagnostikoan azaltzen da biztanleriaren zahartzeak eragin zuzena duela osasun zerbitzuen eskarian, eta aurreikusten dutela zerbitzuen eskaria handitu egingo dela horregatik. «Eskura dauden baliabideetan presio nabarmena eragingo du horrek», diote txostenean.

Osasuna baldintzatzen duten faktore sozioekonomikoak ere badaudela nabarmendu du Jaurlaritzak txostenean: «Eremu zaurgarrietako pertsonen bizi itxaropena apalagoa da, eta gaixotzeko aukera, handiagoa. Horrek presioa eragiten du sisteman, eta baliteke ekitate falta eragitea sarbidean».

Kontuan hartu dute klima aldaketak eta globalizazioak herritarren osasunean duten eragina ere, eta digitalizazioa arta hobetzeko aukera bat izan daitekeela azpimarratu.

Eredu aldaketa

Jaurlaritzak Osakidetzaren eredua aldatzea proposatu du txostenaren bidez: «Egungo sistema eredu erreaktibo batean oinarrituta dago, eta gaixotasun episodikoen arretari erantzuten dio bereziki. Ebidentziak zera dio, ikuspegi proaktiboago, prebentiboago eta komunitarioago bat efizienteagoa izango litzatekeela». Gainera, txostenaren arabera, Osakidetzaren burokratizazioa «gehiegizkoa» da, eta «zentralizatuegia» dago: «Diziplina askotako taldeak kudeatzeko autonomia mugatzen du».

Urriaren hasierarako elkarlanean egindako diagnostiko bat izatea espero dute, eta, behin hori osatuta, Osakidetzaren ardatz izan beharko luketen printzipioei buruz eztabaidatuko dute. Bigarren fasean ere, Jaurlaritzak proposamen bat helaraziko die aldeei, eta metodologia berari jarraituko diote, denek adostutako printzipio batzuk zehaztu arte. Ondoren, etorkizuneko lerro estrategiko nagusiak eta ekintza zehatzak eztabaidatu eta adostuko dituzte. Ituna sinatu ostean ere akordioaren jarraipena eta ebaluazioa egingo dute legealdia bukatu arte.

Dena dela, Pradalesek nabarmendu du ituna egin bitartean ere neurriak hartuko dituela Jaurlaritzak, «egunero hartu behar direlako neurriak euskal osasun sistema hobetzeko».

Erreakzioak

Denetariko eragileek parte hartu dute gaurko bileran, eta erreakzioak ere askotarikoak izan dira. EAJren izenean, Andoni Ortuzar EBBko presidentea egon da, eta adierazi du bileratik «baikor» atera dela. «Geure egiten dugu lehendakariak eta sailburuak egin duten planteamendua, osasun arloko itunak garapen ona izan dezan ezagutu ditugun edukietan eta batez ere metodologian, zentzuzko epe baten barruan ondo atera dadin».

EH Bildu ere itxaropentsu agertu da. Osasun sistemaren gabeziak konpontzeko aukeratzat jo dute mahaia elkartzera deitu izana. «Duela urtebete, Jaurlaritzak ukatu egin zuen Osakidetzan arazo bat zegoela», esan du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak. «Mahaia biltzera deituta, urteetako jarrera zuzendu du, formei dagokienez behintzat». Mesfidati agertu dira, ordea, zalantza baitute ituna onartu arren «benetako zuzenketa» izango ote den. «Hori eskatzen dute herritarrek, benetako zuzenketa bat», adierazi du.

PSE-EEren izenean Jon Armentiak parte hartu du, eta esan du bilera ona izan dela: «Oso gustura gaude gauzak interpretatzeko modu honekin, eta euskal osasun sistemak dituen arazoei irtenbideak aurkitzeko saiakerarekin».

«Euskal herritarren osasunaren diagnostikoa egin dute, eta beharrezkoa da Osakidetzaren osasunarena egitea», ohartarazi du PPko Javier de Andresek. Sumarreko Jon Hernandezek ohartarazi duenez, osasun sistema publikoak aldatu behar dituen kontuak «Eusko Jaurlaritzak orain arte errefusatu dituen horiek» dira.

SATSEko idazkari nagusi Amaia Mayorrek esan du «sentipen onarekin» atera dela bileratik, baina, zehaztu duenez, Jaurlaritzak eman dien dokumentazio osoa aztertzeko 15 egun izatea «anbiziotsu samarra» da: «Saiatuko gara lortzen». «Espero dut gai izango garela euskal gizartearen mailako itun bat izateko osasun arloan», adierazi du. «Sendagile profesionalen falta da Osakidetzak dituen arazo handienetako bat, sailburuak azaldu duenez. Horrekin bat gatoz», nabarmendu du SME sindikatuko Mabel Artziniegak, ohar baten bidez.

Negoziazio mahaia langileen borrokaren ondorioz sortu dela iritzi dio LAB sindikatuak. Salatu dute «osasungintza pribatua indartzeko» publikoa ahultzen dutela, eta ez dutela ikusi pribatizazio politiken eraginaren inguruko azterketarik. CCOOko kide Iñigo Garduño «edukiak biltzen dituen» itun bat lortzeko prest agertu da, eta UGTko Arantza Argotek nabarmendu du akordioak «irtenbide bat aurkitzeko tresna» izan beharko lukeela.

Pazienteen organizazio plataforma gainontzeko eragileekin batera ekarpenak egitera agertu da. Pedro Carrascalek, gaixo kronikoen elkarteko bozeramaile gisa, hau esan du: «Uste dut etapa berri bat dela hau, non pazienteak, osasungintzaren hartzaile huts izan beharrean, haren parte garen eta inplikatzen garen». Proposatu nahi dituzten hobekuntzek zerikusia dute alde sozialaren eta alde sanitarioaren arteko loturarekin, gaixoek jasotzen duten laguntzaren jarraitutasunarekin eta pazienteen partaidetzarekin.

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargoak ere hobekuntza batzuk proposatzeko asmoa du. Iban Arrien presidenteak adierazi duenez, proposamen hauek dituzte, besteak beste: lehen arretako eta osasungintza komunitarioko postu gehiago izatea, zerbitzuak hobetzea, osasungintza publikoko fisioterapeuten postuak ugaritzea eta osasun mentalaren arloa hobetzea.

Euskalgintzaren Kontseiluak mahaiko eragile guztiei dei egin die, aintzat har dezaten «euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzea». Salatu dutenez, «zoritxarrez, Osakidetza urrun dago oraindik euskaldunen hizkuntza eskubideak, osasun zerbitzu egokia berdintasunez jasotzeko aukera, bermatzetik». Kezkatuta agertu dira, gainera, ikusita osasungintzako langileei euskaraz jakiteko eskatzearen aurkako diskurtsoa nola zabaldu den, «Osakidetzan lan egiteko aukera berdintasunaren aitzakian». Konponbide gisa, Eusko Jaurlaritzari zera eskatu diote, «indar berezia egin dezala mediku, erizain eta, oro har, osasun arloko profesional euskaldunen formazioan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.