Azaroaren 28an hauteskunde sindikalak izango dituzte Osakidetzan, eta LAB sindikatuak aukera baliatu du orain arte egindakoaren bilana aurkeztu eta bere sindikalismoaren ezaugarriak nabarmentzeko. LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk esan duenez, Osakidetzaren eraldaketa bilatzen du sindikatuak, osasungintza publikoaren «defentsa irmoa» eginez, eta horretarako «eremu guztietan borrokatu» behar dela deritzote: lantokietan, kaleetan, eta negoziaziorako eta osasungintza publikoaren arazoak konpontzeko eratutako mahaietan ere bai.
Aranbururen arabera, «eraldaketarako ekintza sindikal konprometitua» da LABena, eta horren ezaugarri nagusiak aletu ditu. Esan duenez, pribatizazio eta ituntze politikak «alboratu» egin behar dira, eta hori lehentasunezkoa da sindikatuarentzat. Zorrotz mintzatu da pribatizazioaren kontra: «Osakidetzak bere langileekin eta modu publikoan egin beharreko hainbat lan kanporatzen ditu. Publikoa edukiz eta funtzioz husten ari dira».
«Tantaz tanta» eta «modu isilean» egiten ari den pribatizazio hori salatzeaz gain, hura gerarazteko LABek egindako ahaleginak ere aipatu ditu Aranburuk. Azaldu duenez, LABek «jarraipen estua» egiten dio prozesu horri, eta horretarako aukera ikusten duenean, salaketa aurkeztu eta auzitara jotzen du. Horren ondorioz, zenbait pribatizazio geldiaraztea lortu dutela azpimarratu du, 194 milioi euroko balioa dutenak.
Ituntzea ere ez da soluzioa, LABen iritziz. Horren ordez, langile publikoen kopurua eta alor publikoaren zerbitzu eskaintza «handitzea» proposatzen du sindikatuak. LABen aburuz, horrelako politikek Osakidetzaren irudiari eta zerbitzuari «kalte» baino ez diete egiten, eta osasungintza eta aseguru pribatuak beharrezkoak direlako ideia hedatzen dute herritarren artean: «Pribatizazioa bultzatzeak herritarren arteko arrakala handitzen du».
LABen ustez, pribatizazioaren aldeko politikak ez dira ausazkoak, eta alor pribatua lehenestea dute xede. EAJren diputatu Aitor Estebanek aseguru pribatuen alde egindako adierazpenak hizpidera ekarri ditu Aranburuk: «EAJk erakutsi du nola ulertzen duen alor publikoaren eta pribatuaren arteko harremana: publikoa gero eta gehiago murriztu, eta diru publikoarekin pribatuan negozioak egin».
«Osakidetzak bere langileekin eta modu publikoan egin beharreko hainbat lan kanporatzen ditu. Publikoa edukiz eta funtzioz husten ari dira»
GARBIÑE ARANBURULABen koordinatzaile nagusia
Langileen egoera hobetzeko ekinaldiak ere badira LABen ekintza sindikalaren beste ezaugarri nagusietako bat, Aranbururen arabera. Lan zamak aztertzea, lantaldeak handitu eta egonkortzea, lan baldintzak hobetzea eta politika feministak ezartzea «beharrezkotzat» jo du, eta nabarmendu du osasungintza publikoan aritzen diren langile guztiak «ezinbestekoak» direla, haien lan esparrua edozein delarik ere: «Multzo bakoitzak bere eskaera eta behar propioak ditu, eta aintzat hartu behar dira, baina ikuspegi kolektiboa zainduz. Konpartimentazioak zatitu eta ahuldu egiten gaitu».
Azkenik, Osakidetza euskalduntzearen aldeko «jarrera argia» dutela adierazi du Aranburuk: «Gaur egun, zerbitzua euskaraz jasotzea ez dago bermatuta, eta euskaraz lan egitea ezinezkoa da». Lanpostu guztiek euskara eskakizunak izatea proposatu du.
Indarrak bildu
LABek uste du esparru guztietan eragin behar dela Osakidetza «eraldatzea» lortzeko, eta horretarako ezinbestekoa dela «indarrak biltzea». Greba eta mobilizazioak «sindikatuaren ikurtzat» jo ditu Aranburuk, eta erantsi du aurrerantzean jarraituko dutela hori hauspotzen.
Baina eratutako mahaietan ere «eragin» egin behar dela uste du sindikatuak, eta horretarako borondatea agertu du. Osakidetzaren mahai sektorialari dagokionez, LABek uste du orain arte «inposizioaren eta aldebakartasunaren mahaia» izan dela, eta aurrerantzean hori aldatzeko eskatu diote Imanol Pradales lehendakariari; hala ere, ohartarazi dute agintaldiaren lehen hilabete hauetan ez dutela «aldaketa handirik» sumatu.
Osakidetzaren aldeko herri itun bat erdiesteko eratutako mahaiari dagokionez, Aranburuk gogorarazi du mahai horrek jadanik egoeraren diagnostikoa egin duela; hasieran aurkeztutako diagnostikoak «hutsune handiak» zituen, eta LABek hainbat ekarpen egin zituen, gerora diagnostikoaren dokumentuan jaso zituztenak: adibidez, agirian «osasun sistema publikoa» aipatzea «osasun sistema» aipatu beharrean, lanen kanporatzearen ondorioak aztertzearen beharra, osasun mentalean eta lehen arretan egin beharreko hobekuntzak eta abar.
Hala ere, aldaketak aldaketa, Aranburuk argi utzi du diagnostikoak ez duela sindikatua asebetetzen: «Hau ez da gure diagnostikoa, eta ez dugu harekin bat egiten». Uste dute motz gelditzen dela pribatizazio politiken arrazoiak eta ondorioak azaltzean, eta ez dute ikusten osasun sistema publikoaren zerbitzua «titulartasun publikotik eta baliabide publikoekin» osatzearen aldeko asmo irmorik.
Horregatik, mahaian diagnostikoaren inguruko bozketa egin zenean, boto partikularra eman zuen LABek, sindikatuaren ustez dokumentuak jaso beharko lituzkeen puntuak zehazteko. Aranburuk erantsi du aurrerantzean ere «ikuspegi kritikoz eta eraginez» jardungo dutela mahai horretan.
Azaroaren 28ko hauteskunde sindikaletan LABen alde bozkatzeko deia egin du Aranburuk, hura «botorik eraginkorrena» delakoan.
LAB-EN BOTO PARTIKULARRAREN PUNTUAK
Pribatizazio politiken ondorioak: LABen ustez, horien arrazoiak, mapa, kostua eta zerbitzuan izandako eragin kaltegarriak aztertu behar dira.
Osasun sistema publikoa indartzea: sindikatuaren ustez, dokumentuan jaso behar da zerbitzu publikoa «titulartasun publikotik eta baliabide publikoekin» eskaini behar dela, pribatizazioak eta ituntzeak alboratuz.
Osasun langileen egoera: ezkutuan egondako lanpostuak «egiturazko» bilakatu, eta horretarako egonkortze prozesuak egiteari ezinbesteko deritzo.