Osakidetza erakunde «ez-demokratiko» bilakatzen ari dela salatu dute arloko hainbat elkartek

Osasunaren Aldeko Euskal Foroak kezka agertu du osasun sistema publikoaren egoera dela eta. Juan Luis Uria: «Osasun Sailak ez du hitz egin nahi Osakidetzaren arazoez, eta, okerrena dena, ez du hobetzeko proposamenik mahai gainean jartzen».

Donostiako Antigua auzoko osasun etxea, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/ FOKU
Donostiako Antigua auzoko osasun etxea, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/ FOKU
edurne begiristain
2024ko martxoaren 25a
11:26
Entzun

Osasunaren Aldeko Euskal Foroak agiri bat kaleratu du Osakidetzaren egoera salatzeko. Testuan azpimarratu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistema publikoaren «arazoak» konponduko badira ezinbestekoa dela osasun arloko elkarte profesionalek erabakietan parte hartzea, eta Osakidetzak «gardentasunez» jokatzea.

Foroa osatzen duten elkarte profesionalek osasun agintariei aurpegiratu diete ez dietela informazio nahikorik ematen osasun sisteman gertatzen ari denaz, eta salatu dute Osakidetza erakunde «ez-demokratiko» bihurtzen ari dela. «Duela urte batzuetatik hona, etorkizuneko ikuspegia falta du osasun plangintzak, eta kudeaketa ez da efizientea». Manifestua sinatu duten elkarteek eskatu dute informazio eta partaidetza prozesu eta tresnak irekitzeko, hala osasun profesionalentzat nola pazienteentzat, «erabaki hobeak hartzeko eta baliabideak hobeto kontrolatzeko». Osakidetza «denon ondarea» dela gaineratu dute.

Pazientearen arta, kolokan

Duela hamar urte jaio zen Osasunaren Aldeko Euskal Foroa, Osakidetza eta esparru publikoaren defentsan. Osaldek, Osatzen-ek, Arscavik, Medicus Mundik, Osasun Mentalaren Elkarteak, DHE Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak, Lehen Arreta Arnasberritzen-ek, Acabek, EKA Euskal Kontsumitzaileen Elkarteak, eta Eman Eskua Fibromialgia eta Neke Kronikoaren Sindromearen elkarteak osatzen dute foroa.

Gaur kaleratu duen agirian, «kezka» azaldu du Osakidetzako buruzagiek osasun publikoaren egiturazko arazoak konpontzeko erakutsitako «eraginkortasunik eza» dela eta. Arazo horien artean, hiru nabarmendu ditu. Batetik, itxaron zerrendak zerbitzu guztietan luzatu direla kritikatu du. Bestetik, paziente asko sektore pribatura bideratzen dituztelako kezka agertu du, arazo hori «egiturazkoa» bihurtzen ari delako: «Horrek, diru publiko ugari transferitzeaz gain, ez du arazoa konponduko; kontrara, iraunarazi egingo du». Azkenik, ohartarazi du epidemia garaietan eta oporraldietan oheak itxi egiten direla, eta osasun zentroetan eta anbulatorioetan arreta ordutegia murriztu egiten dela, eta horrek tentsioan jartzen dituela larrialdiak.

Osasun artaren kalitatearekin arduratuta daude foroa osatzen duten osasun profesionalak. Kritikatu dute osasun kontsumoaren araberako irizpideak gailentzen ari direla, eta, ondorioz, aurrez aurreko kontsultak albo batera utzi eta «ahultzen» ari dela osasun profesionalen eta pazienteen arteko harremana. Hori dela eta, arreta pertsonala eta integrala lehenesteko eskatu dute.

Halaber, medikuen eta erizainen lanpostuak egonkortzeko eskatu dute, bai eta pizgarri sistemak ezartzeko ere zailtasun bereziko lanpostuetarako —familia medikuak edo landa eremuko medikuak, kasurako—. Horrez gain, ohartarazi dute profesional falta dela-eta botika gehiago ematen dizkietela gaitz mental arinak dituzten pazienteei, eta, horregatik, halako kasuetan kontsumoa mugatzea galdegin dute.

 

 

JUAN LUIS URIA

Osaldeko presidentea

«Osasun sistemaren erabakiguneak demokratizatu behar dira»

 

Aspaldiko kezka da Osakidetzaren egoera Osasunaren Aldeko Euskal Foroarentzat. Osasun sistema publikoaren «egiturazko gabeziak»  pandemia aurrekoak direla eta horiek konpontzea premiazkoa dela uste du Juan Luis Uria Osalde elkarteko presidente eta foroko partaideak.

Zergatik adierazpena?

Osakidetzaren egoera hauteskunde kanpainaurreko eztabaidaren erdian den honetan, ezinbestekoa ikusten genuen agiri hau kaleratzea. Direnak eta ez direnak eskainiko dizkigute, baina Osakidetzaren arazoa ez da konponduko ospitale berriak eta azpiegitura handiak egiten. Herritarren kezkak bestelakoak dira.

Osakidetzako arazoak egiturazkoak direla salatu duzue.

Pandemia aurrekoak dira arazoak. Osakidetza ez dago ongi antolatua, ESIek ez dute funtzionatzen, lehen arretak pisua galdu du, aurrekontu nahikorik ez dute, eta, lehen arretara beharrean, ospitaleetara bideratua dago aurrekontuaren zati handiena. Arta beste era batera antolatu beharra dago, eta medikuek eta erizainek denbora gehiago behar dute pazienteak artatzeko. Onartezina da lehen arretako itxaron zerrendak astebetekoak, hamar egunekoak edo hogei egunekoak izatea. Lehen arretak protagonismo eta aurrekontu handiagoak behar ditu.

Osakidetzak gobernantza eredu horizontala falta du?

Gardentasunik eza oso agerikoa da. Osasun Sailak ez du hitz egin nahi Osakidetzaren arazoez, eta, okerrena dena, ez du hobetzeko proposamenik mahai gainean jartzen. Are, Osakidetza ez da erakunde demokratikoa, sindikatuez harago ez duelako parte hartze soziala bermatzen. Herritarren eta osasun profesionalen ahotsa aintzat hartu beharko litzateke kudeaketa eredua eta baliabideak definitzerakoan, eta planak, programak eta proiektuak berdinetik berdinera eztabaidatzeko modua bermatu beharko luke. Finean, osasun sistemaren erabakiguneak demokratizatu egin behar dira.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.