Osasun sistema publikoa murrizketek hankapean hartu duten garaiotan, Osakidetza pribatizatzeko arriskutik babesteko helburuarekin sortu dute Osasunaren Aldeko Euskal Foroa. Juan Luis Uria bozeramailearen iritzian, «kapital pribatua» presio egiten ari da Osakidetza ahultzeko. Hori baztertu, eta zerbitzu unibertsala ematea ezinbesteko dela uste du, paperik gabeko etorkinak ere barruan direla. Osasunaren alorreko sei elkarte profesional bildu dira foroan, eta irailean beste hamabi talde batzea espero dute.
Nolatan, zein helbururekin sortu duzue foroa?
Osasunaren aldeko euskal foro bat da, Osakidetzaren pribatizazioaren aurkakoa, Osakidetzarako sarbidea unibertsala izatearen aldekoa. Osakidetza blindatzea nahi dugu, ez dadin egon pribatizazio arriskurik. Kontua ez da oraingo Osakidetza defenditzea, baizik eta pribatizatzeko ahaleginak salatzea eta prebentzio lana egitea. Osasun alorreko sei elkarte batzea lortu dugu, eta irailean hamabi gehiago izango gara. Gure iritzia aintzat hartzea nahi dugu. Balio handiko ondasuna da Osakidetza, elkartasunerako eta berdintasunerako tresna, eta ez da komeni jolasean aritzea. Aurrean edukiko gaituzte pribatizatu nahi dutenek edo prestigioa galtzera eraman nahi dutenek.
Murrizketak, zerbitzu unibertsala kolokan... Zein egoeratan ikusten duzue Osakidetza?
Sarbide unibertsala bermatzeko, sarbideko burokrazia gutxitu behar da, baita egoera irregularrean dauden etorkinena ere. Jaurlaritzak dekretu bat atera du, esanez erroldan urtebete eman behar dutela osasun txartela lortzeko. Hau ez da, ordea, burokrazia kontua, eskubide kontua baizik. Osasuna eskubidea da, ez burokrazia ergela. Gurekin batera bizi badira, behar dute osasun zerbitzua. Agindu hori, seguruenik, soberan dago. Eta ez badago soberan, aplika dezatela malgutasunez. Guztion artean ahalegindu behar dugu burokraziak mozten. Haserre gaude urtebeteko baldintza jarri izanarekin.
Berrordainketaren aurka ere bagaude, izan botiketan, edo protesietan, edo anbulantzietan. Erabat aurka gaude, baina babesten ditugu eragina arintzen saiatzen diren aliantza politikoak. Jaurlaritzak iragarri zuen neurriak hartuko zirela eragina arintzeko, jendeak ez diezaion utz sendagaiak hartzeari. Dagoeneko ari da gertatzen: errenta apalenak dituztenak botikak hartzeari uzten ari dira. EAJk eta PSE-EEk akordio bat egin zuten neurriak hartzeko. Zain gaude, baina ez dirudi neurririk dagoenik, eragina aztertzeaz aparte. Eta neurriak behar dira.
Pribatizazioaren gaia aipatu duzu. Urratsik izan da alor horretan?
Ez dugu antzeman sektore pribatuarekiko itunak handitu direnik. Baina, adibidez, ari gara sumatzen Donostiako Onkologikoa atzeko atetik finantzatzen ari direla. Gaixo gehiago bideratzen ari dira, aurrekontu publikotik finantzatzeko. Guk onkologiko publikoa nahi dugu. Horretarako, publiko bihurtzeko planak behar dira, hiru-lau urtekoak, finantzaketa sistema eta berregituraketa batekin. Gaixo gehiago bideratzen ari dira, atzeko atetik finantzatzeko. Arriskutsua da hori. Ez dira gai publikoak, ez dute garden jokatzen, eta horrek susmoak sortzen ditu. Ez dakigu zer aldetara jotzen ari diren. Osakidetzako sarean nahi dugu onkologiko publiko bat; egin dezagun plan bat, eta utzi alde batera txorakeriak. Ez da posible Osakidetzak atzeko atetik finantzatzea onkologikoa, eta batere kontrolik ez edukitzea ospitale horretan gertatzen ari denaz.
Inguruko herrialdeen aldean Osakidetza hobeto dagoela diote.
Hori uste dugu guk ere. Gutxi gorabehera, ondo dago Osakidetza. Baina arazoak daude langileekin: soldatak izoztea, eskubide historikoak galtzea, ordezkapenik ez egitea eta lanorduak gehitzea... Espainiako Gobernuaren erabakiak automatikoki ezarri dira. Lehen arretako zerbitzuan eta ospitaleetan ez, baina larrialdiko zerbitzuan buruhaustea da orduak areagotzea. Soldatetako eta lanorduetako aldaketek eragin dituzte gorabeherak. Baina okerrago daude beste leku batzuetan: Galizian pribatizaziora jotzen ari dira, Katalunian ez dakite publikoa eta pribatua zer den, Madrilen zer esanik ez... Osakidetzan egoera arautuagoa da, kalitatezkoagoa, hobeto antolatutakoa. Baina horrek ez du esan nahi arriskurik ez dagoenik.
Madrilgo erabakien aurrean eskuak lotuta ditu Jaurlaritzak.
Euskadin nork agintzen duen hausnartu behar du Jaurlaritzak. Hezkuntzan, litekeena da Wert legearen aurka egitea, autogobernuari eta euskal hezkuntzaren ezaugarriei eusteko. Berdin egitea nahi dugu euskal osasun sistema publikoarekin. Badaude Espainiako Gobernuak ukitu eta aldatu ezin dituen antolaketa sistemak, legeak eta kulturak. Osasuneko autogobernua gure historiaren zati da, eta herri honen kohesio sozialerako tresna. Gizarte elkartasun hori galtzen badugu, oldean etorriko dira arazoak, Europako beste gizarte batzuetan ikusten ari den legez.
Protestak izan dira osasuneko murrizketen aurka. Baina batez ere langileak dira kexu.
Prest gaude irailetik aurrera sindikatuekin hitz egiteko. Biziki ari dira jasaten eskubide historikoen galera. 26.000 langile ditu Osakidetzak, eta 30.000ra irits daitezke ordezkapenekin. Oso sistema konplexua da. Orain martxan daudenen gisako erreformek (kronikoen plana, sistema integratuak...) behar dute parte hartzea. Erne jokatu behar da langileen kudeaketarekin. Azken jagoletik edozein zuzendaritara, langileei kasurik egiten ez bazaie, guztia desegin daiteke. Kapital pribatuen aldetik presioak daude medikuak pribatura eramateko. Osakidetza blindatu behar da horren aurrean, ahal den neurrian baldintzak bermatuz.
Irailetik aurrera zer asmo duzue?
Negoziazio prozesu bat hasi da sindikatuen eta Jaurlaritzaren artean. Nahiko genuke une jakin bateko negoziazioa ez izatea. Saiatuko gara sindikatuekin eta Osasun sailburuarekin hitz egiten. Arazoak sortuko dira negoziatzen ordu asko ematen ez badira. Orain pentsatu ere egin ezin ditzakegun arazoak. Espero dugu une batetik bestera onartuko dutela 2013-2020rako osasun plana, baita osasunerako euskal legea ere. Langileen sentitu behar dute hobetzeko proposamenen barruan daudela. Ez badago sustapenik, ez bada Osakidetza defendatzen osasuna unibertsala eta doakoa ez dela uste dutenen aurka, hori esplizituki ez bada esaten, Jaurlaritza ez da egoki arituko.
Juan Luis Uria. Osasunaren Aldeko Euskal Foroko eleduna
«Osakidetza blindatu egin behar da kapital pribatuaren aurrean»
Murrizketen eraginpean bai, baina alor pribatuaren jopuntuan ere badago Osakidetza, Juan Luis Uriaren ustez. Foro bat sortu dute sei elkarte profesionalek, arrisku horretaz ohartarazteko eta salaketa plazaratzeko. Berrordainketaren aurka ere dago foroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu